Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko uztailak 24, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Alkondara urdina eta koadrozko zapia bustitzeko beldurrik gabe

Jaiak

Andres Joakin Lopez Azkarate 'Txapo' arrantzale ohiak igo zuen Kofradiako bandera; atzo goizean prozesioa egin zuten San Telmora

aritz mutiozabal

Marea gorria jaun eta jabe den herrian, kolore urdinak aparteko garrantzia hartzen du santelmoetan. Zumaiarren soinean mahonezko alkandora eta koadrozko zapia nagusitzen dira egunotan, eta jaietako jantzi ofiziala ez daramana agerian geratzen da marearen erdian. Herritarra ez den seinale!

Alkandora urdina euritan bustitzeko beldurrik gabe ekin zioten jaiei ostiralean. Larunbateko eguzkiak eta beroak herriko kaleak girotzeaz gain, jendetza bildu zuen herrian. Herenegun, ordea, euriak berriz zapuztu zuen itxaropena eta, besteak beste, haurren danborrada bertan behera gelditu zen.

Igo Kofradiako bandera!

Dena den, jaiek aurrera jarraitu zuten eta, ohi moduan, helduen danborradarekin igo zuten bandera Kofradiako balkoira, gauerdian. Danborrada 22:30ean hasi zen eta bertan, guztira, 80 bat lagun aritu ziren Udal Musika Bandaren doinupean atabalak astintzen.

Aurten, Andres Joakin Lopez Azkarate Txapo arrantzale ohia arduratu zen bandera igotzeaz. Festazale ugari gerturatu zen Erribera kalera eta ekitaldiak iraun zuen denbora tartean, behintzat, ez zuen euririk egin, askoren zorionerako. Ondoren, gau osoan zehar, parranda giroa izan zen kaleetan, baita Kupela taldearen erromeriarekin ere.

San Pedrotik San Telmora

San Telmo Egunari ongietorri bikoitza eman ohi diote herritarrek, eta batean zein bestean, Udaleko ordezkariek parte hartu zuten atzo: batean, bandera igotzenden bitartean; eta bestean, San Telmo ermitara goizaldean egiten den usadiozko prozesioan.

Biharamuneko ajea oztopo ez zela, San Pedro elizatik San Telmo ermitarantz abiatu zen makina bat bizilagun, 10:15etan, santuaren irudiaren atzetik. Ermitan meza egiten zuten bitartean, herriko elkarte gastronomikoetan haimaiketakoaz gozatzeko aukera izan zen. Mezaren ostean, ermitaren kanpoaldean otoitza egin zuten, itsasoaren aurrean. Eta, jarraian, San Pedro elizara itzuli ziren prozesioan.

Arratsaldean sardina jana eta Lotxo taldearen erromeria izan zen Kofradia aurrean. Gaur goizean, hildakoen aldeko meza egingo dute eta bihartik ostirala bitartean atseden hartzeko astia izango dute zumaiarrek, santelmoetako bigarren asteburua iritsi aurretik.

 

Emakume baten gorpua topatu dute Itzurunen

Gizartea

Hildakoa 35 urteko bartzelonarra da, eta bere gauzak San Telmo ermitaren ondoko zelaian aurkitu zituzten

a. mutiozabal



Emakume baten gorpua aurkitu zuten atzo goizean Itzurun hondartzako harkaitzetan. Hildakoa 1973an jaiotako E. M. bartzelonarra da eta San Telmo ermitaren inguruko labarretan behera erorita hil zen. Oraindik ez dute zehaztu ezbeharra nola gertatu zen.

Antza denez, bizilagunen batek jarri zuen Ertzaintza jakinaren gainean. Hasieran bi ertzain gerturatu ziren aipatutako zelaira, 11:15ak aldean; horiek, hildakoaren gauzak aztertu ondoren, nor zen identifikatzea lortu zuten. Apurtxo bat geroago beste bi ertzain eta udaltzain bat gorpua zegoen tokira gerturatu ziren, eta berau tapatu.

Hildakoaren gauzak San Telmo ermitaren ondoko zelaitxoan aurkitu zituzten: besteak beste, bi motxila, toalla bat, jaka eta hainbat edari. Horien inguruan emakumearekin zegoen txakurtxoa zebilen bueltaka eta zaunkaka.

Emakumearen gauzak jaso bezain pronto, ertzainak labarraren zein aldetatik erori izan ziteken behatzen aritu ziren, bai goialdean bai behealdean.

Meza, San Telmo ermitan

Atzo, San Telmo Eguna izanda, urteroko prozesioa egin zute n herritarrek San Telmoko ermitara eta, ondorioz, gertakarien lekuaren inguruan jendetza bildu zen, ezbeharraren arrastoak ikusi nahian. Hain justu ere, meza garaian gerturatu ziren ertzainak zelaira, eta ermitaren kanpoan zeudenek bertatik bertara jarraitu zuten guztia.

Meza bukatu ondoren, urtero bezala, itsasoaren aurrean otoitza egin zuten prozesioan parte hartu zutenek. Ertzainak, une horretan, datuak biltzen ari ziren hondartzan, eta jende askori zaila egin zitzaion behera ez begiratzea.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa