
7 gazte auzipetuta daude «agintariak erasotzeagatik»
Orio
Martxoaren 4an udaletxera pankartarekin sartzeko mementoan izandako «liskarrengatik» salatu zituzten udaltzainek
onintza lete
Donostiako epaitegian deklaratzeko zitazioak hartuko dituzte gaur goizean zehar herriko sei gaztek. Guztira zazpi gazteri leporatu diote Ertzaintzak eta Udaltzaingoak «agintarien aurkako erasoa» egin izana. Horietako bat adin txikikoa da eta hark joan den astean Donostian jaso zuen zitazioa. Salatzaileak Orioko bi udaltzain eta ertzain bat dira, eta pasa den martxoaren 4an gertatutako «erasoagatik» salatu dituzte.
Egun hartan Muntoko Plan Partziala bozkatu zuen Udalbatzak. Herritar asko hurbildu zen udalbatzar aretora bozketa ikustera. Orioko Gazte Asanbladako (OKK) hainbat kide ere han izan zen. Pankartarekin sartu nahi izan zuten udaletxera, baina udaltzainek debekatu egin zieten, «alkateak hala aginduta», OKK-ko gazteek azaldu zutenez. Udalbatzarra amaitu zenean, talde honetako kideak udaletxera pankartarekin sartzen saiatu ziren berriz ere. Bi udaltzain zeuden atean eta debekatu egin zieten, baina gazteak sartu egin ziren.
«Indarrez sartu ziren»
Udaltzainek adierazi zutenez, gazteak «indarrez» sartu ziren udaletxera, eta eurak «zauritu» egin zituzten. Hala, Ertzaintzari deitu zioten udaltzainek, eta gazteak herriko taberna batean zeudenean Ertzaintzak identifikatu egin zituen. Bi udaltzainak ere tabernara gerturatu ziren, «erasoan» parte hartu zuten gazteak zein izan ziren identifikatzeko.
«Ez zen inolako erasorik egon»
OKK-ko gazteek prentsa oharra kaleratu zuten, gertatutakoaz euren ikuspegia emateko. Bertan azaltzen zutenez, egia da udaltzainek pankartarekin udaletxera sartzea debekatu zietela, eta beraz «desobedientzia ekimen bat» egon zela adierazi zuten. Hala ere, «indarkeriarik eta erasorik ez» zela izan azpimarratu nahi izan zuten. Era berean, Jon Redondo alkatearen «jarrera» salatu zuten OKK-ko kideek. Euren hitzetan, «inoiz» ez da arazorik izan udalbatzarrean pankartarekin egoteagatik eta alkatearen erabakia «gaitzetsi» zuten; pankartekin sartzea debekatzea, alegia.
Bertan behera utzi nahi dute
Orioko udaltzainburu Jose Karrerak adierazi duenez, auziarekin «aurrera ez jarraitzea» da Udaltzaingoaren nahia. Udaltzainak salatzaile gisa agertuko zirenik ez zutela uste ere esan du Karrerak. Zitazioa iristean Udaleko idazkariarekin hitz egin dutela dio. Gaineratu duenez, salaketa «bertan behera» uzten saiatuko dira: «Udaltzainek zauriak zituzten, baina zaurien parterik epaitegian ez aurkeztea erabaki dute».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
'Ongi lo egiten ahalegindu hobeto bizitzeko'
AZKOITIA, Kultur Etxean - 2008-10-08
Zinema
'Horton' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2008-10-12
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.