
Urteroko ohiturari jarraituz, udaberriaren etorrera ospatu dute adinekoek Udaberri egoitzan. Lagun ugari bildu da ospakizunera, eta bertako abesbatzaren emanaldia entzun ondoren, mahaiaren bueltan bildu dira.
Udaberri bat gehiago
xabi aizpurua
Inoiz ez da berandu gauza onak ospatzeko. Horixe pentsatu zuten Udaberri egoitzako arduradunek, eta nahiz eta egun batzuk geroago izan, udaberriaren etorrerako ospakizunak egin zituzten atzo. Izan ere, ofizialki udaberria martxoaren 21ean hasi zen arren, aurten Aste Santuarekin bat egin du datak eta egoitzako kide asko kanpoan izan da. Arrazoi hori dela medio, festa atzeratzea erabaki zuten, oporren ondorenerako utziz. Hala, oporralditik itzuli eta lehen egunean egin zuten Udaberri Festa, atzo.
Abesbatza eta hamaiketakoa
Goizeko 11:00etarako dena prest zeukaten Udaberri egoitzako tabernan eta kantuan eman zioten hasiera egun bereziari. Egoitzako ekitaldi askotan ohi duten bezala, bertako abesbatzako abeslariak izan ziren giroa berotzen hasi zirenak. Ordu erdi luzez jardun zuten abesten eta kantatu zituzten zazpi abestien artean Ardo gorri naparra edo Triste bizi naiz eta izan ziren entzungai.
Lagunen abestiekin gozatu ondoren, mahaiaren bueltan eseritzeko garaiai iritsi zitzaien bertan zeudenei. 11:30ak ingururako guztiak hamaiketakoaren zain zeuden, eta pintxoak ekarri zituztenean, eskuzabalik hartu zituzten. Txistorrarekin eta urdaiazpikoarekin egindako mokaduak dastatu zituzten, trikitilarien doinuek lagunduta. Eta hamaiketakoaren ondorengo berriketa aldia amaitu zutenean, bazkariari ekin zioten. Nahiz eta batzuk kanpoko jatetxeren batera joan bazkaltzera, gehiengoa bertan gelditu zen. Gainera, oporraldiaren kontuagatik jende asko biltzea ez zuten espero, azkenean 63 lagun elkartu ziren bertan.
Udaberri elkarteak bazkide ugari ditu eta azken batzar orokorraz geroztik Ramon Arruti da bertako lehendakaria.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Azoka
Outlet Azoka
ZUMAIA, Ondartxo plazan - 2008-07-25
Jaiak
Umeen Euskal Festa
AZPEITIA, Herrian - 2008-07-27
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.