Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Lapatx eta Urteta zabortegiak prest daude San Markosko zaborra hartzeko

Ingurumena

Gaur sinatuko dute azken akordioa San Markos zabortegia ixteko eta hango hondakinak ekarriko dituzte

xabi aizpurua

Ezeren okerrik ez bada, San Markos zabortegia behin-betiko ixtea ekarriko duen hitzarmena sinatuko dute gaur bertan San Markos Udal Elkartean. Ondorioz, Azpeitiko Lapatx, Zarauzko Urteta eta Beasaingo Sasieta zabortegietan jasoko dituzte hango zabor guzti-guztiak. Lehendik aurreikusita zegoen pauso hori, baina maiatzeko Udal Hauteskundeetako emaitzek prozesua atzeratu egin dute. San Markosko Udal Elkartean Ezker Batuak eta EAE-ANVk daukate gidaritza eta Gipuzkoako Hondakinen Planean jasotzen den errauste plantaren aurka daude.

Hitzarmenaren ondorioz, Gipuzkoako udal elkarte guztiek osatzen duten Hondakinen Partzuergoan dagokion diru kuota ordainduko du San Markosek, eta gainerako erabakiak, errauste plantarena ere bai, Hondakinen Partzuergoak hartuko ditu.

Eskualdean eragin zuzena

Urola Erdiko eta Urola Kostako udal elkarteetan begi onez ikusi dute hitzarmena. «Bazen ordua», zioen atzo Asier Aranbarrik, Urola Erdiko lehendakariak: «Ez da guk nahiko genukeen bezalako hitzarmen garbia, ez duelako bermatzen Hondakinen Plana erabat beteko denik. Baina egoera desblokeatzeko nahikoa dela iruditzen zaigu».

Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Lide Amilibiarentzat ere «oso albiste ona da». San Markos Udal Elkarteak pisu handia du Hondakinen Partzuergoan, %32a hain zuzen ere, eta «holako udal elkarte handi bat Partzuegoaren alde lanean jardutea ona» dela dio.

Lapatx zabortegian dena prest dute zabor gehiago hartzeko eta Urtetan ere bai, nahiz eta azken honetan egokitzapenak egiten ariko diren maiatza bitartean.

 

«Zaborra murrizteko neurri askok orokorragoak izan behar lukete»

javier zarraonandia ð- Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria

Begi onez ikusi du akordio berria eta datozen urteetarako Hondakinen Plan berritua lantzen ari direla dio

x. aizpurua



«Positiboa da». Halakoxe balorazioa egin du Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Javier Zarraonandiak (Bilbo, 1971) San Markos Udal Elkarteak gaur sinatuko duen hitzarmenaren aurrean. Aurreko agintaldian Zarautzen EAJko zinegotzia izan zenak Foru Aldundiko ingurumen gaiak gidatzen ditu orain.

Zehazki zer lortu da hitzarmen honekin?

Hondakinen Partzuergoan egotea borondatezkoa da udal elkarteentzat. Nahi badute sartu egiten dira eta nahi ez badute ez. Baina, noski, barruan egotea erabakitzen baldin baduzu, gutxieneko ekarpen batzuk egin behar dituzu. Bazkideek gutxieneko kapital bat jartzea erabaki zuten eta San Markosi ekarpen hori onartzea falta zitzaion, eta orain onartu du.

Bestalde, Hondakinen Plana dago. Zein egoeratan dago?

Onartuta dagoen plana 2002koa da, 2002-2016 eperako onartu zena. Orain Aldunditik plana eguneratzen ari gara eta otsailean aurkeztuko dugu dokumentu berritua. Batetik, helburuak zenbateraino bete diren jarriko dugu, eta bestetik, 2016raino luzatuko den plangitza berriaren helburuak finkatuko ditugu.

Eta zeintzuk izango dira plan berrituaren oinarri nagusiak?

Aurkezpen formala Batzar Nagusietan egingo dugu eta ezin dut gehiegi aurreratu. Helburuak lortzeko beharrezkoak diren azpiegiturak jarriko dira: konpostatzeko plantak, transferentzietarako geltokiak (udal elkarte batzuetatikbesteetara hondakinak garraiatu aurretik zaborrak trinkotzeko erabiliko diren guneak), eta errausteko planta ere hor dago.

Hitzarmen berri honetan ez zaio errausketa plantari aipamenik egiten...

Udal Elkarteek egiten duten diru ekarpena Hondakinen Partzuergoan egoteko eta bazkide izateko da. Hortik aurrera, hartu behar diren erabakiak Partzuergoak hartuko ditu.

Eta Partzuergoak oraindik erabaki gabe al dauka errauste planta jarri ala ez?

Partzuergoak oraingoz jarraituko du Gipuzkoa mailan onartuta dagoena. Mementoz, udal elkarte guztiek adostu eta onartutako planetan aurreikusten da errauste planta. Agertzen da, baina azken-azkeneko neurri moduan. Murrizketarako ekimen asko jarri behar dira martxan, konpostajea abiatuz, birtziklapena eta berrerabilpena indartuz... Eta hori guztia egin ondoren gelditzen diren hondakinentzat izango da errauste planta.

Arazo nagusietako bat da biztanleek zabor gehiegi sortzea dutela. Foru Aldunditik zer ekimen jarri duzue abian hori gutxitzeko?

Kontu asko jarri da martxan. Gipuzkoan, norberak etxean konposta egiteko 4.500 tresna banatu ditugu. Horretan, Kataluniarekin konparatuz gure maila hamar aldiz hobea da. Plastikozko poltsen erabilera murrizteko ere egin dira kanpainak. Gu ahalegintzen gara, baina neurri askok globalagoak edo orokorragoak izan beharko lukete, Espainiako Gobernuarenak edo Europako Batasunarenak. Plastikoaren kontsumoan edo produktuen bilgarrietan eragin dezakete horiek.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

Lege Informazioa