Uztarria Kultur Koordinakundeak aurten berriro antolatu du Kulturaldia. Koordinakundeak berak hamargarren urteurrena duen honetan, seigarren Kulturaldia egingo dute. Hilaren 15ean hasiko da eta martxoaren 8an izango da azken ekitaldia.
Atzo aurkeztu zuten egitaraua V. Kulturaldian parte hartuko duten bi lagunek: Karelean musika taldeko kide Olatz Pratek eta Lakrikun antzerki taldeko Boni Alegriak. Haiekin batera izan zen aurkezpenean Uztarriako talde eragileko kide Enekoitz Esnaola.
Aurtengo Kulturaldiaren gai nagusia Uztarria Kultur Koordinakundearen 10. urteurrena da. Dena dela, kulturaldia bera ahalik eta «pluralena» antolatzen saiatu dira, «bai arlo aldetik bai parte-hartze aldetik».
2002an antolatu zuen Uztarriak lehen Kulturaldia, herriko taldeen artean ekitaldiak egiteko eta mezu bat emateko. Orduan, Kultur Etxe baten beharra azpimarratu zuten: «Bistan da gauzak aldatu direla, Soreasun eta San Agustinpean kultur guneak egiten ari direlako».
Bestalde, Uztarria Kultur Koordinakundeko kideak hamar urteon balorazioa egiten ari dira, zer egoeratan dauden aztertzen eta zer neurri hartu hausnartzen.
VI. Kulturaldia
Otsailak 15, ostirala. Haur antzerkia:
Hitzen lapurra. Bertsotxongiloak. 17:30ean, Iturritxiki ludotekan.
Otsailak 20, asteazkena. Euskara hitzaldia. Joxe Mari Elosua
Egunkaria auziko abokatua. 20:00etan, Aitonena I-en.
Otsailak 23, larunbata. Euskara. Ohorezko bazkidea. 12:00etan, Aitonena I-en.
Martxoak 1, larunbata. Bertsolaritzari buruzko liburuaren aurkezpena. 12:00etan, Aitonena I-en.
Martxoak 7, ostirala. Jaialdia Gaztetxean, 22:30ean. Mondocane; Lakrikun antzerki taldea; Karelean; soinu-jotzaileak eta txistulariak; Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria bertsolariak; Losintxa lehiaketako sari banaketa eta Zubizarreko talde bat.
Martxoak 8, larunbata. Uztarriaren ekitaldia. 12:30ean, Betharramendarretan.
«Duela hamar urte baino askoz hobea da egoera herrian, eta hori aztertzen ari gara»
enekoitz esnaola ð- Uztarria Kultur Koordinakundeko talde eragileko kidea
Kultura
Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrerako garaiaz eta gaur eguneko erronkaz jardun du Enekoitz Esnaolak
n. uranga
Uztarria Kultur Koordinakundeko talde eragileko kidea da Enekoitz Esnaola, hasieratik (1998tik). Koordinakundeak hamar urte beteko ditu martxoan, eta elkarteko taldeak eta kideak gogoeta egiten ari dira. Aurtengo Kulturaldiaren azkeneko ekitaldian emango dute gogoetako erabakiaren berri.
Uztarria Kultur Koordinakundean gogoetan ari zarete bertako taldeok eta kideok. Zer dela-eta?
Aurtengo martxoan hamar urte beteko dira herriko euskara eta kultur taldeek koordinakundea sortu zutela, eta urte hauen balantzea egiten ari gara eta egoera aztertzen. Uztarriako talde eragilean duela urte eta erdi inguru hasi genuen gogoeta, eta elkartera zabaltzen joan gara.
Eta zein da egoera?
1998koaren aldean, oso bestelakoa, askoz hobea. Uztarria Kultur Koordinakundeak hiru arlo hartu zituen jorratzeko: Euskara, Kultura eta Komunikazioa. Garai haietan egoera minimoaren azpikoa zen. Izan ere, Euskaran ez zegoen udal teknikaririk, Udal Euskara Batzorderik edo Euskara Patronatorik ere ez zegoen, herrian ez zen Euskara Elkarterik, ez normalizazio planik... Kulturan ez zegoen Kultur Etxerik, taldeen arteko harremanik ez zegoen... Komunikazioan ez zegoen herri aldizkaririk ere.
Beraz, baliabiderik gabe, ez zen erraza izango lanean hastea ere...
Ez, baina dena zegoen lortzeko eta, hala, Azpeitian segituan hasi ginen fruituak ikusten. Uztarriak sorreratik aipatu zuen proiektu estrategikoen beharra, eta ardatz edo norabide horretatik ez gara mugitu.
Zein ziren ardatz horiek?
Euskaran normalizazio plangintzak, Kulturan kultur azpiegitura garrantzitsuak eta balioanitzak, eta Komunikazioan euskarazko komunikabideak.
Hamar urtera egoera «oso bestelakoa, askoz hobea» dela esan duzu. Adibideak?
Euskaran gaur egun bi normalizazio plan daude (Udalaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Kontseilua-Uztarriaren Bai Euskarari; 2004an bat eginda egon ziren planok), oinarrizko baliabideak daude (Udal Euskara Patronatua...), kontzientziazioan pausoak eman dira... Kulturan Soreasu kultur gunea egiten ari dira eta San Agustinpe kultur gunea bukatzen ari dira... Komunikazioan herri aldizkaria dago (
Uztarria), herri weba (
www.uztarria.com), eskualdeko egunkaria (UROLA KOSTAKO HITZA)...
Eta orain zein dira Uztarriaren erronkak?
Uztarria 1998ko egoera jakin hartan sortu genuen. Plangintza integrala genuen eta epe luzekoa, urteetakoa. Den-denon artean lortu dugu baliabide edo proiektu estrategikoak izatea. Orain, etorkizuneko proiektuak egiteko zutabeak egon badaude. Arlo batzuetan sakontzea falta da: Euskaran bi planak bateratu, Kulturan Soreasu edo San Agustinpe gune dinamikoagoa eta erreferentzialagoa bihurtu, Komunikazioan UROLA KOSTAKO HITZAren eta Erlo Telebistaren artean lankidetza progresiboa lortu... Bestetik, gaur egun Azpeitian euskara edo kultura arloetan bilguneak edo espazioak zabaldu egin dira (mahai desberdinak), eta herriko talde eta eragileak, Udala eta norbanakoak elkarrekin lanean ari dira. Hori guztia dela eta, Uztarriak uste du espazio horietan jarri behar dela lehentasuna orain, eta bilgune horiek izan behar dutela protagonismoa eta eraginkortasuna.
Eta zertan geratzen da hor Uztarria Kultur Koordinakundearen funtzioa?
Ikusiko dugu. Lehen esan dut egoera berri hau aztertzen ari garela elkarteko taldeok eta kideok, eta hurrengo ostegunean batzarra izango dugu horretaz. Hartutako erabakiaren berri Kulturaldiko azkeneko ekitaldian emango dugu, martxoaren 8an.