
«Euskal harreman sarea» osatzen ari dira eskualdeko hogeita bi ikastetxe
Hezkuntza
Eskualdeko 22 ikastetxe ari dira Ulibarri programa gauzatzen; «euskal harreman sarea» osatzeko helburua dute
onintza lete
Ulibarri programa, ikastetxeen hizkuntz normalizaziora bideratutako ekimena da. Eusko Jaurlaritzaren programa hau, Euskal Autonomia Erkidegoko 400 ikastetxetan jarri da martxan. Urola Kostari dagokionez, hemezortzi ikastetxek eta ikastolak hartzen dute parte Ulibarri programan. Ekimenaren arduradunetariko batzuk azaldu dutenez, eskualdean jarritako helburua ikastetxeek hizkuntz normalizazioaren bidean egiten duten lanean «aurrera pauso bat» egitea da. Izan ere, hemendik aurrera «euskal harreman sarea» osatzeko ahaleginak egingo dira eskualdeko hogeita bi ikastetxe hauetan.
Ikastetxeak eta ikastolak
Esan bezala, eskualdeko hogeita bi ikastetxe eta ikastola daude Ulibarri programaren barruan. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta ikastolak dira guztiak. Ikastetxeei dagokionez, bat izan ezik beste guztiak, Zarauzko mintegian biltzen dira. Errezilgo San Martin L.H.I., berriz, Lasarteko mintegian biltzen da. Ikastetxe txikia da Errezilgoa eta Lasarten biltzen dira honen antzeko ezaugarriak dituzten ikastetxeak. Ikastolen kasuan, berriz, Euskaraz bizi izeneko proiektuan parte hartzen dute. Ikastolen Elkarteak bultzaturikoa da proiektu hau eta Urola Kostan hiru ikastola daude proiektuan murgilduta.
Josune Igoa da Zarauzko mintegiko arduraduna. Berak azaldu duenez, ikastetxeetako ordezkariek osatzen duten mintegia hilero biltzen da. Lan talde hau irakaslez osaturik dago eta irakasle horiek euren ikastetxeetako hizkuntza normalkuntzako teknikariak dira. Mintegi horietan egiten dira hausnarketak eta plangintzak, eta hor zehazten dira jarraitu beharreko lan ildoak ere.
Eskualdean badago zer egina
Igoaren ustez, Urola Kosta eskualde euskalduna izanda ere, «badago zer egina euskararen normalizazioaren bidean».
Joseba Mendia irakasle eta mintegiko kideak zehaztu duenez, euskara maila batzuetan bermatua dagoen arren, «oraindik asko dago egiteko goreneko mailetan». Maila hauek zeintzuk diren ere esan du: administrazioa, lan harremanak, erakundeen arteko harremanak eta komunikabideak esate baterako.
Beraz, eskualdean gehiengoa kalean, lagun artean, ikastetxeetan eta etxean euskaraz bizi bada ere , beste mailetan oraindik normalizaziorik ez dela lortu irizten diote mintegiko kideek. Horregatik uste dute «beste pauso bat emateko garaia» badela eskualde honetan. Izan ere, euren ikasleei «euskaraz bizitzeko aukera» eskaini nahi diete, eta ikastetxean lortutakoa ikastetxetik kanpora egiten jarraitu nahi dute.
Irla izatetik artxipielago izatera
Mendiak adierazi duenez, «ikastetxeak irlak dira». Hau da, eskualdeko ikastetxeetan bermatu da euskaraz bizi ahal izatea, baina ikastetxetik ateratzean «hutsuneak» daudela iruditzen zaio, eta horregatik sortu behar dela «euskal harreman sarea, irla izatetik artxipielago izatera pasatzeko».
Zentzu horretan, eskualdeko ikastetxeek kanpora begira dituzten harreman guztietan «euskara erabiltzeko konpromisoa» hartu dutela jakinarazi dute Ulibarri programako parte-hartzaileek, horrek sarea osatzen lagunduko duelako.
Sarea osatzeko, ordea, argi daukate mintegiko kideek ikastetxea ez dela nahikoa eta zeregin horretan «gizarte osoaren inplikazioa» beharrezkoa dela.
ULIBARRI PROGRAMAN DAUDEN IKASTETXEAK
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Iņigo Manterolaren margolanak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.