

Nerea Amilibia
Korrikalaria
2008-05-16 - 11:00
Sasoi betean dago Nerea Amilibia korrikalaria aiarra. Izan ere, aurreko igandean, maiatzaren 4an, Pagoetako Mendi Lasterketa irabazi zuen; joan den igande honetan, berriz, Izarraizko Mendi Lasterketa. Bere ibilbide luzeaz, denboraldi honetaz, dituen erronketaz edo irakurleak jakin nahi duen edozertaz ariko da ostiralean, maiatzaren 17an, zuekin zuzenean solasean, 11:00etatik aurrera.
G. Astebeteko epean Pagoetako Mendi Lasterketa eta Izarraizkoa irabazi dituzu. Hori da sasoia, neska! Horiek irabaztera atera al zinen, ala zure helburua Aizkorriko Mendi Lasteketa prestatzea izan al da? Itziar
E. Nire helburua ez zen Aizkorri. Urtero mendian ibiltzen gara eta bi karrera horietara joan naiz eta ez dakit, agian kasualitatea izan da biak irabaztea.
G. Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak lehen aldiz antolatu du aurten Izarraizko Mendi Lasterketa, eta emakumezkoetan zeu izan zara garaile. Zer iruditu zaizu proba bera eta ibilbidea? Eta antolakuntza? Andoni
E. Proba oso polita izan da; gogorra baina polita. Antolakuntza aldetik zoragarria izan dela esango nuke. Hurrengo urtean ere aurten bezain gogorra jartzea eskatuko nuke.
G. Mendi lasterketak dira zure 'eremu naturala', baina krosetan edo bestelako probetan ere parte hartu ohi duzu, ezta? Batek eta besteak entrenamendu desberdina eskatzen al dute? Proban bertan ere izango dira desberdintasunak, ezta? Alaitz
E. Bai, oso desberdinak dira. Krosa egiten dut gehienbat mendirako fondoa hartzeko. Lasterketa motzak dira eta mendirako gehiago entrenatu behar da.
G. Eskualdean korrikalari ugari ibiltzen zarete tokian tokiko lasterketetan, emaitza onak lortzen gainera. Baina gure inguruan ez dago atletismoko pistarik. Horren falta nabaritzen duzue? Nola moldatzen zarete entrenamenduak egiteko? Abebe Bikila
E. Hemen ez dago ezer. Zarautzen, Abendaņon, esaterako, 500 metroko belarrezko pista dugu; laster, ordea, autobidea pasako da hortik eta ez dakit nora joango garen. Mendian entrenatzeko arazorik ez dugu, baina ez daukagu pistarik, ez dugu ezer.
G. Zegama-Aizkorrko maratoian ez parte hartzeko arrazoi bereziren bat daukazu? Xaxi
E. Bai: duela lau urte ez nengoen federatuta eta ez zidaten podiumera igotzen utzi. Hurrengo urtean federatuta joan nintzen eta esan zidaten aurreneko euskaldunarentzat ez zegoela ezer. Halako proba bat egin eta gero lehenengo euskaldunarentzat ezer ez egotea tristea dela uste dut.
G. Mendi martxetan korrika ibiltze hori zer iruditzen zaizu? Niri ez zait egokia iruditzen. Martxosua
E. Gaizki, mendi martxak oinez egiteko direlako eta korrika egiteko ia igandero daudelako mendi lasterketak.
G. Mendi lasterketetan ibiltzeko asko entrenatu behar al da? Nola prestatzen zara zu? Bat
E. Korrika asko egin behar da. Astean hirutan spinning egiten dut, horrek erresistentzia handia ematen duelako. Astean hiru aldiz joaten naiz mendira, egunero joatea ere ez da ona, erre egingo ginake eta.
G. Zein mendi lasterketa duzu gustukoena? Eta zergatik? Maite
E. Denak gustatzen zaizkit, apartekorik ez daukat; Aizkorri nuen gustukoen, gogorra eta luzea delako eta hor oso ondo moldatzen naizelako. Besteetan ere oso gustura aritzen naiz, denak dira ederrak.
G. Zergatik ez duzu parte hartzen euskal selekzioarekin? Xele
E. Ez dago ezer euskal selekzioan; kanpora eramaten zaituzte, lasterketa luzeak izaten dira eta ni familiarekin-eta, eta nik ezin dut horrela ibili. Agian jendeak uste du hor soldata edo dagoela, baina hor ez dago ezer.
G. Merezi al du horrenbeste esfortzuk, gero hortik ez bizitzeko? Futbolarien aldean ez al du meritu gehiago zuek egiten duzuenak?eskerrik asko Luis
E. Ez dago ezer hortik baina guri gustatu egiten zaigu eta ezin dugu utzi. Gainera, ez dakit bada futbolariek baino meritu gehiago al dugun...
G. Korrikalari aparta zarela eta,hainbat lasterketetan parte hartu:nola prestatzen duzu zeure burua eta zein da zure entrenamendu normal ba?Astean zenbat entrenatzen duzu?Segi horrela,ze eredu bai zera bai gizonezkoen eta emakumentzat korrikan ibiltzen direnentzat! Iņazio
E. Astean hirutan spinning egitera joaten naiz, bakoitzean ordubete; beste hirutan mendira korrika egitera joaten gara, bitan ordubete eta hirugarrenean pare bat ordu egiten dugu korrika. Beste egun baten Abendaņoko zelaian lasai ibiltzen gara, eta gelditzen den egunean deskantsatu egiten dut. Jendea entrenatzera eta korrika egitera ere animatu nahi nuke, emakume gutxi dago eta horiei esango nieke batik bat animatzeko.
G. Mendi lasterketak ez diren beste zein kirol duzu gustukoa? Hiru
E. Mendi bizikleta gustatzen zait eta gainontzean zaldi bat badut eta harekin apur bat ibiltzea ere gustuko dut.
G. Beste kirolen bat egiten al duzu? Manu
E. Spinning-az gain uda partean-eta bizikletan ibiltzen naiz. Tolosako Baliarrain auzoan izaten da bizikleta lasterketa bat; motza baina potentea izaten da, dena aldapa gora izaten delako. Duela hiru urte izan nintzen, iaz ezin izan nuen min hartu nuelako baina aurten badut parte hartzeko asmoa.
G. Mendi maratoien alorrean zein da emakume kirolarien egoera? Nola bizi duzu zuk? Oraindik ere erakundeen aldetik laguntzak jasotzerakoan bereizketak egitean al dituzte? Alaitz
E. Emakume gutxi gaude alor honetan, eta gizonezko batzuk 'pikatu' egiten dira irabazten badiezu. Oraindik badaude horrelakoak. Norbait 'pikatuta' ikusten badut are gogorrago aritzen naiz eta hari irabazten saiatzen naiz. Erakundeen aldetik, berriz, ez dut bereizketarik nabaritzen.
G. Indar psikologikoa ere inportantea izango da horrelako lasterketetan, nola lantzen dezu zuk hori? Mailu
E. Nik uste dut familia ona dudala eta horrek ere asko laguntzen du, beraien babesa dut eta hori garrantzitsua da niretzat. Gainera, neu ere burugogor hutsa naiz...
G. Inoiz lesio garrantzitsurik izan al duzu? Pili
E. Tendinitis-a dut Akilesen tendoian. Batzuetan hobeto edukitzen dut eta besteetan okerrago; masajistak urtebetez geldi egoteko esaten dit baina nik ezin dut hau utzi. Gainera denboraldi ona egiten ari naiz.
G. Mendi lasterketetatan, atletismoan... dabiltzan kirolarientzako diru laguntzarik ba al dago? Nahikoa? Edo gehiago egon behar litezke? Maria
E. Ez dago ezer. Mendi lasterketetan, hala ere, badago zerbait, baina laguntzarik bat bera ere ez. Hortik ezin dugu bizi, 'hobby' modura egiten dugu guk hau.
G. Beteranoen mailan lasterka egiten duzun arren, oraindik gazteagoak direnei egurra ematen jarraitzen duzu. Gazteak ahul al datoz, ala? Zatopek
E. Bai, ahul datozela iruditzen zait niri. Mendian ez dago inor, adibidez. Selekzioarekin-eta dabilen bat badago, baina laster utzi egingo du. Krosean, berriz, 18 urtekoei 'egur' ederra ematen diet. Nik uste adin horretan ez direla entrenatzen.
G. Horrenbeste ordu korrika eta sufritzen ari zarenean, burua zentratuta edukitzea ere garrantzitsua izango da ba? Ximun Froid
E. Bai, ni beti zentratuta joaten naiz; 'antipatika' deitzen didate, baina...ni neure burua animatuz joaten naiz eta barkamena eskatu behar izaten dut lasterketetan ez diodalako kasurik egiten inori.
G. Mendi lasterketak bezalako proba gogorrak egiteko, erotuta egon behar da pixka bat ala sufritzea gustatzen zaizuelako al da? Sadeko Markesa
E. Erotuta ez, gustatu egiten zaigu eta niretzat ez da sufritzea, gustura egiten dut.
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.