

Iņaki Uria
Egunkaria-ko kontseilari ordezkari izandakoa
2008-02-18 - 18:00
Egunkaria itxi zutela bost urte beteko dira otsailaren 20an eta auzipetuak epaiketaren zain daude, tartean Iņaki Uria zarauztarra. Beste arrazoi batengatik ere data esanguratsua da otsailaren 20a euskal prentsarentzat, Urola Kostako HITZA egunkariak lau urte beteko baititu. Egunkaria auziaz, euskalgintzak egindako babes deialdiaz eta euskarazko komunikabideen egoeraz hitz egiteko aukera izango duzue irakurleek zuen galderak bidaliz.
G. Euskarazko komunikabideak diru laguntza publikoei esker bizi direla pentsatzen du jende askok. Egia al da? Imanol
E. Egunkariaren kasuan %15-18 artean ibili zen jasotako diru-laguntza publikoa. Neurri horretan bizi zen diru-laguntza publikoetatik. Berria eta Hitza, igualtsu edota gutxixeagorekin dabiltzala uste dut. Beste batzuk, gehixeagorekin.
G. Kaixo, Iņaki. Egunkariaren itxiera bezalakorik ez gertatzeko, erasoei aurre egiteko euskal gizartearen babes zabala beharrezkoa zela esan zenuen duela zenbait urte. Orain hobeto gaudela uste al duzu? Aurrera egin dugu ala antzera gaude? Besarkada bat. Ander
E. Funtsean, ez dugu lortu herri gisa behar dugun egitura demokratikoa osatzea geure buruaren jabe izateko. Horren faltan berriro gerta daitezke antzekoak. Aurrerabidean, hala ere, urrats batzuk eman dira. Lizarra eta Loiola ez dira alferrik izango.
G. Zer egin dezakegu kaletar arruntok egunkaria auzian auzipetuta zaudetenei laguntzeko? Besarkada handi bana guztioi. ane
E. Mobilizazioetan parte hartu, diruz lagundu (beharko da hau ere), lantoki, ikasleku eta herri erakundeetan gaia mahai gainean jarri; euskarazko komunikabideak erabili... eta zerbait berria asmatuz gero www.egunkaria.info bidez komunikatu.
G. Aupa Iņaki! Zer esango zenieke torturak salatzea ETAren esku-liburuei obeditzen dien kontsigna dela diotenei? Nekane
E. Nire kasua kontatuko nieke. Espainiako gobernuak kolaborazio salaketa jarri zidan esku-liburu hori jarraitu nuela esanez... Ez dut halako libururik ezagutzen.
G. HITZAk egin duen ibilbidea nola baloratuko zenuke? Ez al luke kalean presentzia gehiago izan behar? Mydr
E. Positiboa iruditzen zait 7 Hitza izatea gaur egun. Behar duten presentzia eta eragina lortu duten? Nire ustez asko dago egiteko oraindik. Produktu berriak dira oraindik... baina ezin dira lotan geratu.
G. Ertzaintzak duen jarrerari zer deritzozu? xabier
E. Autonomien estatuan, Ertzaintzak Espainiako estatuaren polizia gorputz izaten darrai.
G. Zein da EAJren jarrera euskararen inguruan? eneritz
E. Askok nahiko genukeena baino askoz ere mantsoagoa eta epelagoa. Aurrerapausu batzuk egin ditu alderdi barrura begira... baina Eusko Jaurlaritzaren kudeaketan izan duen arduratik motelegi aritu da alor honetan. Autobideak eta eraikin enblematikoak errazago bultzatu ditu.
G. Konstituzio espainiarrak ba al du legitimitaterik Euskal Herrian? Zergatik? jozu
E. Duela 30 urte baiezkoa galtzaile atera zen. Gaur egun, ordutik hona bozkatzeko sortu diren belaunaldi berriekin Konstituzio Espainiarra aldeko gutxiago bilduko lituzkeela iruditzen zait.
G. Aupa Iņaki: fiskalaren kontrako jarrerarik gabe eta EAJren babesarekin, espero al zenuen egoera honetara ailegatzea, horrelako zigor eskaerekin eta Auzitegi Nazionalaren erabaki politikoaren zain? Ion
E. Fiskalak akusatu gabe zirrikitu bat ikusten nuen gai honi amaiera egokia emateko: epaiketarik ez egitea eta sobreseitzea. Hala ere, beti pentsatu izan dut Auzitegi Nazionalak egunkari bat itxi zuela -oso larria da hori-; 19 lagun atxilotu gintuztela; 5 tortura salaketa eratorri zirela... Eta guzti horrentzat "errudunak" behar dituela estatuak.
G. Egunkaria auzia bezalako trabarik ez izanez gero eta nahiko baliabide edukita, zertan hobetuko zenuke Berria egunkaria? Miren Agur
E. Ez dago erraza. Baliabideak beharrezko dira, baina horrekin batera, egunero irakurleei zerbait berri eta interesgarri emateko ilusioa eta kemena bizirik mantentzea izaten da zailena.
G. Bere garaian izan zuen oihartzuna, baina orain, epaiketak nazioartean behar bezelako isla mediatikoa izango duela iruditzen al zaizu? Inhar
E. Ez da erraza nazioartean entzuna izatea. Urte hauetan lan handia egin dugu alor honetan eta hurrengo hilabeteetan ere saiatuko gara. Emaitzak ez dira beti berehalakoan ikusten.
G. Aupa Iņaki! Zure hitzak, atzoko BERRIAn: "Estatua herritarra babesteko egitura bat da. Baina kontua da Espainiako Estatuak gu ez gaituela babesten, ez gaituela tratatzen herritar gisa. Gu etsaiak gara. Etsai gisa tratatzen gaituzte". Ados nago zurekin. Dena dela, zer da GU hori zuretzat? Euskalgintza? Euskal herritarrak? Sektore zehatz bat? Edorta
E. Arrazoi duzu galdera egiterakoan. Inoiz antzeko zerbait esan dudanean "NI" erabili izan dut. Espainiako estatuak ni Espainiako herritarra nola tratatu izan nauen. Hortik aurrera, "GU" horrek euskal herritarrak adierazten dituela esango nuke, bereziki Euskal Herria herri gisa bizi dugun eta burujabe nahi dugun herritarrona.
G. Herritar bezala, gustura al zaude Zarauzko Udalak zure bahiketaren inguruan eta Egunkaria auziarekin izan duen jarrerarekin? Babestuta sentitzen zara? Ala babesik gabe? Maialen
E. Uste dut Udalak inoiz zerbait esan duela kontu hauen kontura eta aurreko alkate eta zinegotziak egon zirela elkarretaratzeren batean ni kartzelan nintzen bitartean. Nik uste badagoela gehiago egitea.
G. Nola ikusten duzu euskarazko komunikabideen etorkizuna? Sonia
E. Zaila. Asko aurreratu dugu azken urteotan baina komunikazio mundua ere erabat irauli da urteotan. Ikusentzunezkoetan ETB1 besterik ez dugu gero eta erdarazko eskaintza handiago baten aurrean. Irratietan ere Euskadi Irratiarekin jarraitzen dugu. Eta idatzian HITZAk dira azken urrats kualitatiboa. Interneten ere ibiltzen hasiak gara. Guztietara moldatu beharko gara, azkar eta ondo gainera.
G. Iņaki Uria lehendakari balitz... Aitor
E. ...auskalo! Bertsolari behintzat ez nauk!
G. ETB1, ETB2, ETB3... Nola ikusten duzu euskal telebista publikoaren etorkizuna? TBzale
E. Euskarazkoa eta erdarazkoa bereiztearen aldekoa nintzateke, seguruen. 3. eta 4. kateak zer izango diren... Ikusiko dugu. Ez dago erraza gaur egun dagoen eskaintzarekin lehiatzea. Oso zaila dago eta aitortzen diet ahalegina. Hori bai, Bilboko egoitza berriko hall-arekin bakarrik konponduko ginateke zertxobait egiteko.
G. Asteazkenean kontzentrazioa egingo da Andoainen, eta hainbat ekitaldi herrietan. Egunkariaren aurkako epaiketak duela 5 urte bezalako erantzun-uholdea ekarriko duen esperantzarik ba al duzue? Animo, eta besarkada bat. Mikel
E. Ez dakit... baina horixe da kasik gure esperantza bakarra.
G. Eskerrik asko, Iņaki, irakurleen galderei erantzuteagatik. Esan gabe geratu den edota nabarmendu nahiko zenukeen zerbait? HITZA [ administratzailea ]
E. Gaizki esanak barkatu... Jendea animatu ekimen ezberdinetan parte hartzera eta aldez aurretik eskerrak guztioi zuen arretagatik.
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.