1 2 3 4 5 >>

09.03.31

21:58:17 , Zipristin , 308 hitz, 576 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Zipristinen agurra

Euria bai nahikoa, baina zipristinik ez da ageri Zestoan. Putzuak lehortu edo…
Badira hilabete batzuk Zestoako Zipristin Aisialdi Taldeak bere ekintzak bertan behera utzi zituela. Bertan aritzen ginen begiraleok, ezin genion aurre egin urte osoko plangintzari, eta gure helburuak betetzeko testigua hartu eta aurrerantzean lan egingo zuenik ere ez zen agertu. Bakarrik gelditu ginen.
Zipristin Aisialdi Taldea sortu genuenok, Zestoan haurrentzat aisialdirako gabeziaz ohartu ginelako hasi ginen lanean. Zestoako haurrentzat, eta haurren etorkizunarentzat egin genuen lan. Isil-isilik hasi ginen lanean, 18-19 urteko gazteak ginela kontuan izanda. Hasierako oztopo guztiak (lokalik ez izatea, diru laguntza gutxi, gure kontura lan estrak egin beharra plangintzak aurrera ateratzeko…) ez ziren nahikoa izan gure lan egiteko gogoa itzaltzeko. Denbora guzti honetan zer egin dugu?
- Herri mailan presentzia handia lortzea
- Haurrei zuzenduriko eskaintzak handitzea
- Astero zestoako haurrek aisialdirako gune bat izatea.
- Herriko kultur ekintza eta festetan haurrentzat egindako lana,
- Herria bera, bizi zuen gabeziaz ohartaraztea.
Zerk jarraitzen du berdin?
- Lokal egoki eta propiorik ez izatea (behin eta berriz eskaera egin arren)
- Proiektuak aurrera ateratzeko behar adinako diru laguntzik ez izatea.
- Ohartu behar zutenak, ez dira itxuraz oraindik DAGOEN GABEZIAz ohartu…
Gure helburua bete al dugu? EZ. Gabezia ez da bete, gu bagoaz, eta haurrak berriz aisialdirako gunerik gabe gelditu dira. Noiz arte? Nork egingo du lan beraien alde? Nori dagokio gabezia hori betetzea?
Ez digu inork erantzunik eman. Zipristin boluntario talde bat zen, eta beste batzuengan zegoen gabeziaz arduratzeko beharra.
Agur honekin, herriaren gogoeta bat eskatu nahi dugu, eta haurrek aisialdirako gune bat behar dutela uste duen guraso edo herritar orok, dagokion lekuan eskaera egin dezala, behingoz ohar daitezen haurrentzat lan egin beharra dagoela, haurrak ere gazteria eta etorkizuna direla.
Amaitu aurretik, eskerrak eman, gurekin egon zareten guztioi, lagundu diguzuen orori. Zipristintxo guztiei, zuek izan baitzarete taldearen bizia. Eta azkenik adierazi, putzua ez dela behin betirako lehortu, zuengan dago herri hau berriz zipristintzea.
ZIPRISTINTZEKO PREST?

08.09.23

17:47:55 , Zipristin , 171 hitz, 235 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Zipristintzeko prest?

Zestoa “Zipristinik” gabe geldituko da laister. Herria bera, zipristinik gabeko basamortu bihur daiteke, eta haurrak aisialdi egarriz gera litezke betirako. Izan ere, duela hiru urte Zestoan zegoen haurrentzako aisialdi gabezia betetze asmoz sortu zen taldeko kideok, urte hauetan egindako lan gogorraren ondoren, generazio berriei testigua uzteko garaia heldu dela uste dugu.

Testigua uzteko, aurrekariak eta ondorengoak behar dira ordea. Zestoak zipristin berriak behar ditu, bolondres gisa haurrekin jolasteko eta lan egiteko prest dauden gazteak. Horretarako nahikoa da zu zeuk edo zuen lagun kuadrilak astean ordubetetxo bat Zestoako haurrei eskaintzea, jolas nahiz tailerretan.

Trukean zer? Irribarre ugari, eta oraindik garrantzitsuago dena, herri honek behar duen haurrentzako aisialdi esparrua mantentzea, herriak bizirik jarraitzeko alderdi garrantzitsu bat izanik. Askotan bakarka talde batera aurkeztea zaila dela badakigu, baina lagun giroan, eta kuadrilan lan egitera anima zaitezkete. Bete beharreko baldintza bakarrak 16 urtetik gora izatea eta Zestoa eta haurren alde lan egiteko gogoa izatea dira.

Zestoagatik, eta bertako haurrengatik, zipristintzeko prest? Deitu 677 673731 (Larraitz) telefonora, edo bidali e-mail bat zipristinzestoa@hotmail.com helbidera. Zuen laguntza behar dugu lehenbailehen

08.06.22

18:34:42 , Zipristin , 82 hitz, 96 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Zipristin kurtso bukaera!

Bihar, ekainak 23 astelehena, Zìpristinek ere agur esango dio aurtengo kurtsoari!
Horretarako emanaldi eder bat dugu antolatuta!
Bertan, lehenengo Zipristin eguneko argazki rallyko sariak banatuko dira, ondoren haurrek antzerkiak egingo dituzte eta bukatzeko merendolatxo bat egongo da!
Bertaratu nahi duten guztiek jakin dezatela, hau 18:00tan kultur etxeko aretoan izango dela!
Baina hemen ez da dena bukatuko, ostiral horretarako, 27rako zehazki, sorpresatxo bat dugulako antolatuta herriko haur guztientzat!
Horren berri, aurreraxeago emango dizuegu!
Bitartean ongi izan eta bihar elkar ikusiko garelakoan agurtzen gara!

08.05.28

21:44:24 , Zipristin , 50 hitz, 77 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Artistak

Bai! Ongi irakurri duzue! Gure haurrak artistak bihurtuko dira datozen asteetan! Izan ere, ekainaren 23an, Zipristineko kurtso bukaerako emanaldian, antzerki bat egingo dugu! Hobe esanda, egingo dute! Gure haurrak izango baitira protagonista.
Horretarako, ostiral honetan eta datorrenean, antzerkirako gidoi bat idatzi beharko dute! Beraz, hasi pentsatzen ze gai landuko duzuen!

08.05.16

12:12:17 , Zipristin , 17 hitz, 59 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Zipristin musikari!

Gaur musikaren gaia landuko dugu Zipristiñen! Eta horren inguruko hainbat ariketa eta jolas dibertigarri egingo ditugu!

1 2 3 4 5 >>

Uztaila 2009
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Zestoako Zipristin Aisialdi Taldearen bloga da hau. Ea herria zipristintzen dugun...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software