| « BARKATU ITXAROPENAGATIK | BEST SELLER » |
Gehiengoari bezala, txikitatik gustatu izan zaizkigu trenak. Beharbada, auskalo zenbat aldiz errepikatu zizkiguten haur kantak hasiko ziren irristatzen mezua gure burmuinetara, aita, ama eta kokakola esaten ikasi aurretik. Beharbada, San Pelaioko ikastola aurretik pasatzen zen trenak izan zuen errua. Haur guztiak trenari Aita Santua balitz bezala eskutxoarekin agur esatera animatzen gintuen andereñoak. Edo ehun bat urte lehenago, trenbideak Zarauzko herriaren erdi-erditik pasa behar zuela erabaki zuen ingeniari, politiko edo dena delako buru-argiak. Azken Portu, gure auzoa, Trenbide Pasako Errepublika bihurtu zuenean. Trenaren mugak gure etxearen mugak egin zituztelako, eta trena, gure jolas eremuaren zaindari.
Gerora etorri ziren Agatha Christieren Orient Expresseko heriotzak irakurtzeko, Bogart Parisko andenean ikusteko eta Txirritaren Norteko Ferrokarrilaren bertsoak tabernan lau-bost ahotsetara kantatzeko garaiak. Eta trenak martxa zuen oraindik. Araiako festetara eramaten gintuen. Eta Altsasukoetara. Eta Irungoetara. Eta Tolosako ihauterietatik bueltan lo, Zumaiaraino ere bai putakumeak. Baina gure laguna izaten jarraitzen zuen. Eta abuztuan, Santaklaretan, Trenbide Pasako Errepublikan mugaz gainera aduanak jartzeko ideiak berotzen zizkigun kalimotxoen epelera.
Orain berriz, heldua egin zaigu trena. Gizon bat. Eta denen ahotan dabil azken aldian. Izen berbera izanagatik, arrotz egiten zaigun norbait aipatu izan balute bezala ordea. Brinkolan geratu gabe, ziztu bizian aurrera ihesi joango den AHT-a, aspaldiko parrandetako lagunei kasu egiteko asti nahikorik ez balu bezala. Lurpean Zarauztik, lehen haurren agurrak bezala, gero zizareenak topatuko dituelakoan edo (zizareek eskurik ez dutela konturatu gabe). Eta politikan buru-belarri, Loiolatik Madrilerako bidean, geldialdiak Lizarran edo Ajuria Enean egin beharko ote dituen oraindik ez dakiela.
Eta guk, zer nahi duzue esatea, estresatua ikusten dugu mutila. Begizuloekin eta kea dariola, garbi esateko. Beti tren-talkaren kontu horrekin kaka ematen eta ardo arraio bat ere hartzeko tarterik gabe. Eta pena ematen digu, noski. Gauzak lasaixeago hartzeko aholkatuko genioke, horrekin norbaitek ondorio politikoak aterako dituela jakingo ez bagenu (zizareei buruz ari gara, jakina). Baina pote bat hartzeko, besterik ez. Gure lehendabiziko eta azken portuan. Parranda giroan sarbori. Puru bat piztu eta habanerak txikitzen. Gaur batekoagatik, konpai. Zer esango du ba elektrikako gizonak ere horren aurka? Tregua txiki bat. Denok behar dugu. Azken batean, denok dakigulako gainera. Tregua guztiak, tregua trenpa direla.