| « HAUR BAT PARKEAN GALDUTA | ALUAK eta ZAKILAK » |
Norbaitek esana da, literaturak ez dituela hormak erori arazten, kolorez margotzen dituela. Irakurleren batek iritzi dezake, beharbada, epelegia dela aurreko uste hori eta literaturak –tximistaren edertasuna duenean- gizarte oso bat barrutik piztu eta irauli dezakeela, ustekabeko itsaso-kolpe batek hormigoizko blokeak deusezten dituen indar beraz.
Ez da erraza esaten bi jarrera horien artean zein den gaur egunean gure herriko egoerari ondoen egokitzen zaiona. Egia da, dena dela, irakurle kopuru urriak –are gehiago euskaraz plazaratutako liburuetan- zail egiten duela literaturaren funtzio sozialean edota gaitasun iraultzailean sinestea. Baina nork daki. Itsasoak ere bare itxura zuen malekoia ur azpian hartu bezperatan.
Kontuak kontu, liburu on batek entretenimendua eman edo mahaiari balantza kentzeko baino gehiagorako balio duela uste dugu. Jan ondoren ezusteko oparia eskaintzen dizun txokolatezko izozkiaren makiltxoa bezala, Frankfurteko burtsan kotizatzen ez diren altxorrak gordetzen dituzte zenbait liburuk.
Horietako bat berrirakurtzen aritu gara opor hauetan: Jon Alonsoren “Camembert helburu”. Nobela eta saiakera arteko liburu mutante bat da nafarrarena, Tolouse-Lautrec margolariaren lan bat eskuratu nahian dabilen lapurraren istorioa aitzakia hartuta, arteari buruzko gogoeta egiteko erabiltzen baitu.
Señorak puta moduan eta putak señora gisa tratatzen dituen lapur honen istorioak irakaspen asko ditu, zalantza gabe, baina honako honetan bat azpimarratu nahiko genuke guk: tipo gogorraren sekretua.
Jon Alonsoren esanetan, egoera larri baten aurrean besapeak izerditu gabe mantendu ahal izateko kakoa hauxe da: aurrez, zeure kolkorako, aukerarik okerrenean ipintzea. Maiteminduta bazaude, zure sentimenduak aitortu ostean irain eta iseka gordinenak jarri zure maitearen ezpainetan. Nagusiarekin ustekabeko bilera baduzu, kalte-ordainik gabe kaleratzeko dela pentsatu. Penaltia botatzekotan bazara, baloia harmailetan eserita dagoen amonaren aurka jaurtiko duzula imajinatu, hortza postizoak irentsaraziko dizkiozula eta partidua galtzeaz gain pleito zibil bat irabaziko duzula.
Modu horretan, etor daitekeen edozein zorigaiztoren aurkako “antibirusak” injektatzen dizkiozu zure buruari. Sufritu aurretik, gaitza barneratzen duzu, bere aurka defentsak garatzen dituzu. Borgesek, ipuin batean, antzeko aholkua ematen du, ekintza zail bat lasaitasun osoz burutzeko, jada egina dagoela pentsatzea dela onena esaten duenean.
Horrela, edozer dela azkenean gertatzen dena, imajinatu zenuena baino hobea izango da beti. Eta kasurik txarrenean jarrita ere, Clint Eastwooden porlanezko aurpegia atera eta “esaten nuen ba nik” erantzun ahalko duzu, azken batean arrazoia zuenaren garaipena eskuratuz.
Jokaera honek, Jon Alonso berak nabarmentzen duenez, begi-bistako herrena du: “antibirusen” injekzioak ematen duen lasaitasunaren ordainetan, gaisotasunaren zurrunbiloan irribarre batez murgil egin eta halere onik ateratzen denaren zorion betea galtzen duzula. Baina dena ezin da, konpai. Bizitza, izan ere, milaka koloreko bolatxoak zozketatzen dituen joko eroa da. Apustu egin gabe ez da galtzen. Apustu egin gabe ez da irabazten.