| « BEST SELLER | TIPO GOGORRAREN SEKRETUA » |
Zalantza gabe, gaur egungo idazle italiar ezagunenetakoa da Alessandro Baricco. Eleberriak idatzi ditu, antzerki-lanak, saiakerak, telebistarako saioetan parte hartu eta literatur lantegi berritzaile bat ere abian jarri du bere hirian, Torinon.
Baina, batez ere, 1996an argitaratutako eleberri labur eta bikain bati esker da ezaguna Baricco: Zeta (Igela argitaletxeak euskaraz plazaratua). Liburu horren arrakastak sortutako olatuak (Espainian bakarrik 40. berrargitalpenean doa), normala denez, bere izena mundu guztiko toplist-en aparretara eraman zuen, baina baita haren azpian itotzeko arriskuan ipini ere. Idatzitako liburuaren ustekabeko arrakastak euren egileengan izandako eragina (euskal eremuan, Kutsidazu bidea Ixabel kasu hartuta esate baterako) aztertzeko gaia izango litzateke.
Dena dela, Bariccok bere burua berriro ur-azalera atera eta proiektu berriak abian jartzeko modua aurkitu du azken urteetan. Zetaren bertsio zinematografikoa plazaratu den honetan (Hegoaldean Seda eta Iparraldean Soie izenez, zine areto guztietan ikusgai da), Baricco berak pelikula bat idatzi eta zuzendu du: Lezione 21.
Promoziorako elkarrizketa eta agerpenei ihes egiten dien arren, pelikula zuzendari gisa izandako esperientzia kontatuz, eta horrek literatura lanarekin duen harremana komentatuz artikulu luze bat idatzi du Bariccok, orain dela egun batzuk espainiar egunkari batean argitaratu dutena.
Bertan, beste gauza askoren artean, nobela bat idazterakoan edota pelikula bat filmatzean, hasieran egileak buruan zeukan ideia bukaera arte mantentzea zein zaila den adierazteko konparazio ikaragarri ona erabiltzen du: parkean galdutako haurra.
Hasieran kontatu nahi duzun ideia edo istorio hori bukaera arte aldatu gabe mantentzea, dio Bariccok, haur batekin eskutik helduta atrakzio parke bat zeharkatzearen antzekoa da. Zure bidean mila ezusteko traba, amu tentagarri, kolore, aurpegi eta bultzada trabeskatuko dira. Oso erraza da, konturatu gabe, hasieran zure alboan zegoen haur hura (zure hasierako ideia) galtzea, nola gertatu den arrastorik izan gabe. Une horretan, pausua gelditu eta parke ikaragarri horretan haurraren bila hastea edo beste ideia batekin aurrera jarraitzea erabaki beharko du egileak.
Ez Bariccoren esperientzia, ez haren maila izan gabe, eleberri bat idazterako garaian hasieran buruan duzun ideiari azken punturaino eustea zein nekeza den badakigu. Idazketa prozesuak, parkea zeharkatzeak, aurrez uste ez zenuen bideetatik eramaten zaitu, pertsonaia berriak sortarazi edota argumentua aldatzera behartzen zaitu. Maite duzun horrekin hitz egitera joan aurretik, esan behar dituzun hitz guztiak buruan eramatea bezala da: azkenean elkarrizketa ez da inondik inora zuk pentsatu moduan ateratzen.
Bihotz kontuetan fatala suerta daitekeen hori, dena dela, sorkuntzarako ez da hain tragikoa. Alde batera, beharrezkoa ere bada. Hasieran zenuen ideia (izan ipuin bat, pelikula bat, marrazki bat…) buruan zenuen bezalaxe eta inongo aldaketarik gabe burutzen tematzen bazara, bitako bat (edo biak batera): egoskorren kanpeoia zara edo elektrizitate poste batek baino malgutasun gutxiago duzu.
Izan ere, beste hark esan zuen bezala, bidea ibiltzean egiten da. Sorkuntza prozesuak zure ideiak aldatzen ditu eta aldatu egiten zaitu. Ez zara larritu behar ondorioz (eta Bariccoren adibidean jarraituz) hasieran zenuen haurrak parketik irtetean jertsea galdu, aurpegia txokolatez zikindu edo eskuan globo hori bat badu. Hala behar zuen seguruena. Kontua parketik zure haurrarekin irtetea da, eta ez beste norbaitek trukatu dizun umearekin edo Emakume Bizardunaren eskutik helduta.