| « ALUAK eta ZAKILAK | Tourist remember: You are in England » |
Zahartu zarela ziurtatzen duen sintoma garbi bat hau da: gazteak umetzat hartzen eta haien jokamoldeak kritikatzen hasi zarela konturatzea. Horixe gertatu zaigu, hain zuzen, asteburu honetan, sagardotegi baten arrimuan.
Urteroko ohitura dugu bertso eskolatik sagardotegira joatearena. Hamaikak aldera elkartu, orduak eskatzen duen moduan hamaiketako legearekin kunplitu, autobusera igo eta kanpora, Santaklaretako etxaferoa bezain gustura.
Aurten ere bete dugu zitarekin. Pasa den zapatuan. Hamaiketakoa falta izan zitzaigun (Urtzi aita egin berri da eta horrek, jakina zen, ondorio sozio-politiko kalkulaezinak izango zituela) baina, paradoxak nola diren, dozena elkartu hala ere. Beteranoak (hogeitamar urteko jiran) eta gaxteak (hogeita gutxikoak), erdibana.
Tolosara joan ginen. Hernani-Astigarraga “Sagardoaren lurraldea” izendatu dituztenetik, asteburu batean hara joatea Bagdaden ligatzera irtetearen parekoa baita: suizida. Kapital zaharrak, gainera, kale giro polita dauka. Feri egunean gehienbat. Postuetatik buelta sinbolikoa egin genuen. Erosi nahi zuenarentzat, bazen dirua non gastatua: barazkiak, galtzerdiak, kuleroak, segak, katiuskak… Guk sega baino aitzurra nahiago eta tabernetatik jiran bukatu genuen hala ere. Aperitiboa hartzen.
Horrelakoetan ohi dugunez (bertso eskola gara azken batean) kantuan hasi ginen. Beteranook betiko errepertorioari ekin genion: Txirritaren bertsoak, Lasarterenak, rantxerak, bilbainada bat edo beste…Gaxteak ez zituzten erdiak ere ezagutzen ordea, eta albotik halaxe esan ziguten: zaharren kantak abesten dituzue! Gazte kantak zeintzuk ziren orduan guk, eta hasteko beraiek kantatzen lasai, segituko geniela.
Isiltasuna. Gaxteak elkarri begira bi segundo. Bost. Hamar. Azkenean lotsagabeena hasi zen eztarria urratzen: Behin betiko, behin betiko… Ez genuen barre gutxi egin. Gazte kanta horrek gu baino urte gehiago ditu eta!
Beteranoen komentarioa unanimea: izugarri galdu dela kantatzeko ohitura, lehen afarietan-eta denok aritzen ginela, oraingo ume hauek Shakiraren letrak bakarrik dakizkitela… Azken batean (eta aurreko hau guztia egia den arren), lehen esandakoa: taberna hartako ispiluan begiratu eta zahartu egin garela konturatu ginen.
Kontzientzia horrek, onartu beharra dago, pixka bat kolpatuta laga gintuen une batez. Denbora airean pasatzen duk, konpai, gaztetasuna ere gastatu egiten duk. Gutxira, baina, edalontzia altxa zuen Mantxik, eta horrekin batera ahotsa: Caballo prieto azabache… Eta bidean geratzea baino hobea dela zahartzea, ardoa urteekin ontzen dela eta antzerako topikoak gogoratuz, sagardotegirako bidea hartu genuen azkenean, bata bestearen sorbaldatik helduta, Santaklaretako etxaferoa bezain oker eta gustura.