« TRENBIDE PASAKO ERREPUBLIKAHAUR BAT PARKEAN GALDUTA »

08.04.25

18:13:35 , zikinbrillo , 494 hitz, 90 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

BEST SELLER

Pasa den asteazkenean liburuaren nazioarteko eguna izan dela-eta, irakurzaletasunari, idazketari eta liburu salmentari buruzko hainbat datu eta gogoeta zabaldu dira bazterretan. Horien artean, ohi denez, salmenta handiko liburuei buruz (best-seller esaten zaienei buruz) ere zenbait iritzi entzun ditugu. Kontrakoak, ia erabat. Izen handiko jendeak boteak, gehienak. Txitxareak mugitu dizkigutenak, baten batzuk.
Best seller-ek defentsa abokaturik behar ez duten arren (ezta merezi ere batzuk), gure eskasetik, haien alde zerbait esan nahia sortu zaigu. Izan ere, hitz egin dezagun argi:
- Idazle guztiok nahi genuke asko saldu. Irakurle ugari eduki. Gure isilpeko lanaren nolabaiteko onespena jaso. Eta kontrakoa dionari, barkatu, baina ez diogu sinesten. Norbaitek esan baitezake berak bere buruarentzat idazten duela, gero arrakasta izango duen ala ez axola gabe. Jakina, hala da eta hala behar du. Baina “idatzi” eta “argitaratu” bi aditz ezberdin dira euskaraz. Zuk idatzitako hori etxeko kajoitik atera eta plazaren erdira eramateko erabakia hartzen duzunean, zerbaitegatik da. Ez gaitezen hipokritak izan.
- Euskadin rock’n rollak ez du dirurik ematen. Hertzainek ondo esan zuten moduan, euskal merkatua txikiegia da salmenta ikaragarriekin amesteko. “Kutsidazu bidea Ixabel” izango da gure best-seller bakarrenetakoa, eta horren kopuruak ere barregarriak espainiar edo ingelesekin alderatuta. Zoritxarrez (eta amildegi ertzean bizi diren argitaletxe euskaldunei galdetu bestela) ez daukagu literatura komertzial sendorik euskaraz. Futboleko konparazioa erabiliz, UEFA lehiaketatik kanpo geratzen diren taldeen komentarioak errepikatzen ditugu ondorioz: “Total, hobe da horrela”, “Maila horietan ibiltzeak asko desgastatzen du”, “Gure benetako helburuak beste batzuk dira”, etabar. Kontsolatzeko balio digu. Baina denok, onartu ala ez, Championseko finalean egotea amesten dugu. Edo literatura komertziala erdaraz egotea ondo dago eta euskal literaturak Arantzazuko amabirjina baino puruagoa izan behar du?
- Kaka goxoa da: milioika eulik ezin dute oker egon. Txistea ezaguna da, eta liburu bat oso saldua izateak ez duela honen kalitatea ziurtatzen nabarmentzeko balio du. Noski. Ezta aurkakoa ere. Gutxi saltzeak ez du esan nahi, berez, liburu bat txarra denik. Orain maisulantzat hartzen ditugun liburu asko inolako arrakasta gabe plazaratu ziren bere garaian. Baina ekuazio horrek (salmenta kopurua = liburuaren kalitatea) alde batera funtzionatzen ez badu, bestera ere ez. Alegia, gutxi saltzen den liburu bat ez da beti literaturaren historiako maisulan izango. Eta asko saltzen den obra bat ez da derrigor euli-bazka. Salduenen zerrendetan daude Dickens, Sallinger, García Márquez…
- Begiradan dago bekatua. Egia da idazterakoan norberarentzat idatzi behar dela. Baina, zeharka, irakurleari begira. Oharkabean edo propio, denok sartzen ditugu zenbait elementu, ñabardura eta “amu literario” irakurlearen interesa bereganatzea helburu dutenak. Gustuko pertsona konkistatzera irten aurretik orraztu eta kolonia botatzearen pareko zerbait da. Denok egiten dugu hori. Onartuak izan nahiagatik geure burua prostituitzea da arriskua. Ustez (ziur inork ez baitaki ezta ere) besteari gustatuko zaiona izan asmotan, garen bezala ez agertzea da arazoa. Adibidearekin jarraituz, gure burua ispiluan ez ezagutzeraino mozorrotzea. Hori da, zilegi izanik ere, gustuko ez duguna. Hori da, zalantza gabe, best seller batzuk egiten dutena. Ados. Amu eta orrazketak gorabehera, nork bere buruarekin zintzo izaten saiatuz, den bezala idaztea litzateke egokiena. Ados berriro. Eta, hori horrela, arrakasta lortu eta asko saltzen duenari, bejondeiola. Eta kito.

erantzun 1

Erantzun


Your email address will not be revealed on this site.

Zure URL-a erakutsiko da.
(Line breaks become <br />)
(Name, email & website)
(Allow users to contact you through a message form (your email will not be revealed.)
This is a captcha-picture. It is used to prevent mass-access by robots.
Please enter the characters from the image above. (case insensitive)
Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software