Igandekoa ona izan zen, ez esan ezetz. Redio. Galtzekotan, horrela galdu behar da. Zalantzarik gabe. Ez hamabosgarren minutuan gol bat jasota eta partida guztia nabarmen atzetik joan ondoren. Ez. Azken minutuetan, luzapenean, eta ezinezkoa zirudiena egi bihurtuz. A lo grande. Bai jauna. Nik galtzen badiat, denok galtzen dugu esan nahian bezala. Gu izorratzen bagara, denok izorratuko zarete (zaituztegu). Harrapazank Txiribiton eta segi hire txintxarriei hozkaka gau guztian lorik hartu gabe eta afarian andrearekin muturtuta egon ondoren… Ona. Benetan ona. Primerakoa.
Errealari buruz ari gara, noski. Badakizue, inguruko telebista, irrati eta batez ere probintziako periodikuan urte guztian zehar ematen ari diren kulebroi hori. Orain gainera, azken ataletan, drama epikoen zipristin eta guzti. Zi-rra-ra-ga-rri-a. Ki-tzi-ka-ga-rri-a. A-ko-jo-nan-te-a. (Hi-per-as-per-ga-rri-a).
Baina onena, halere, astelehena. Lankideen, aitaginarrebaren eta koinatuaren aurpegi luzeak probintziako periodikua irakurtzen. Ea jasotako barrabiletakoa benetakoa zen ikertu nahian, edota ezkerrekoan edo eskuinekoan izan zen argitzeko agian. Kolpe latza. Modurik ankerrenean. Atsekabea. Bi peztako liburu erromantikoen izenburuak balira bezala. Lau, sei, zortzi orrialde kakari buelta ematen eta beste pare bat, estatistika taula mamitsuekin: Errealarenak dira bigarren zatiko zortzigarren eta hamabosgarren minuturik onenak, hemen datu guztiak, eta gainera, Sportingeko entrenatzailearen amonaren hortzen erradiografia handitua.
Ez, benetan. Onak dira. Onartu. Kristonak. Valle Inclan berak ere ez luke esperpento hau sinatzea amestuko.
Eta onena gainera, bukaera. Probintziako periodikuari buruz ari gara, astelehen beltz honetan. Errealaren eskelekin bukatu ondoren, beste kirolak. Hau da: Eibar. Hauek ere igandean jokatu zuten, baina ez zen horrelako gatzik egon. Irabazi besterik ez zuten egin. Eta gainera zertarako, eta bigarren mailan geratzeko. Gizajoak. Baina tira, periodikokoek, beraien eskuzabaltasunean, hitz onbera apur batzuk bazituzten gordeta. Honela zioen izenburuak: Beste urte bat elitean.
Dios, laostia dira. Bene-benetan. Horrelako txapatzarra eman, zerua bitan zatitu izan balitz bezala, beste arazorik munduan ez balego bezala… zer eta jarraian, Errealaren kaka-putzua beste guztientzat elitea dela esateko.
Guregatik behintzat, segi negarrez, gogoratu igande honetako azken partida ikustea (eta ez ahaztu Españaren partidak ere jarraitzea).