08.05.28

15:21:09 , zikinbrillo , 348 hitz, 92 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

AHAZMENA

Ahaztea beharrezkoa da, noizbait egindako akats guztien gatibu biziko ez bagara. Erotuko ginateke bestela. Horrela diote psikologoek. Horrela zioen Joseba Sarrionandiak ere “Ahazmena” izeneko olerki batean: “Gauza batzuk oroituz, besteak ahaztuz eta gainontzekoak asmatuz bizirauten dugu”.
Munduak daraman abaila kontuan hartuta, nolanahi, ahaztea ez da gauza hain zaila. Geroz eta azkarrago pasatzen den tren bati begira egotea bezala da. Ez da erraza bidaiarien aurpegia zehaztasunez ikustea. Are gutxiago, bi minutu beranduago haren xehetasunak gogora ekartzea.
Egunkaria hartzea baino ez daukazu hortaz ohartzeko. Neronek, esate baterako, alzheimerrak oraindik giltzak ezkutatu ez dizkidan arren, apenas gogoratzen ditut pasa den astean punta-puntako ziren eta, ondorioz, zopetan ere sartu zizkiguten hainbat eta hainbat albiste. Proba egiteko, oraindik paperaren zaborrontzi urdinera bota gabe dauzkadan egunkari zaharrak eskutan hartu ditut.
Israelgo estatua sortu zela 60 urte. Genozidioaren osteko giro politikoari esker gauzatu ahal izan omen zen judu askoren ametsa. Palestinarren amesgaizto. Bushen argazkia agertzen da, Israelgo legebiltzarrean hitzaldia ematen. Errefuxiatu arabiarrei buruz ez zuen aipamenik egin. Palestinarrak juduengandik bereizteko eraikitako harresiaren aurrean ez zuen argazkirik atera. Varsoviako ghettoa inguratzen zuten hormen antza handiegia izango zuen, gauza onerako.
Hurrengo orrialdean, Nelson Mandela. Atsekabetuta, Hego Afrikan miseria gorrian bizi den bertako beltz ugarik Zinbawetik lan bila iritsitako etorkinen txabolak erre, emakumeak bortxatu eta gizonak nola hil dituzten ulertu ezinik. Gu Zimbawera joan ginen babes bila apartheid garaian, gogoratu du, beso zabalik hartu gintuzten han.
Itsasoaren beste aldean, euri bera hodei beretik. Berlusconiren gobernuak etorkinen aurkako legedia zorroztuko omen du, kanpokoek italiarrei lana ken ez diezaioten. Ezkerreko alderdiak eta hainbat gizarte-talde aurka manifestatu dira, “Gu ere etorkin ilegalak izan ginen” lelopean. Nongoak ziren Frank Sinatraren gurasoak? Zenbat paper eskatu zizkioten Maradonari? Zergatik joan zen Marco, Apeninoetatik Andeetaraino?
Amaren bila Argentinara joan zen Marco txikiaren istorioak, gure amaren historia ekarri dit ustekabean gogora. Hemen ezer askorik ez eta hamazazpi urterekin Parisera eraman zuen tren batean sartu zeneko hura. Lan bila, frantsesez hitzik jakin gabe, auskalo zer paperekin.
Oraindik ahanzturaren zaborrontzi urdinera bota gabe dauzkadan egunkari zaharrak bere txokora itzuli ditut berriro. Sarrionandiaren olerkia beste behin irakurri dut.
Ez ahaztea beharrezkoa da, noizbait egindako akats guztien gatibu biziko ez bagara.

08.05.19

16:06:39 , zikinbrillo , 362 hitz, 76 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

BARKATU ITXAROPENAGATIK

Atzo bertan esan zidaten. Euskaltelen arreta-zerbitzuko telefonora deitu eta denbora luzez itxaroten eduki ondoren, neska gazte bat modu horretan desenkusatu zen: “Barkatu itxaropenagatik”. Perdone por la espera esan nahi eta gazteleratik gaizki itzuli zuela pentsatu nuen hasieran (horrelako zenbat entzuten ditugu kexatu gabe? Zenbat esaten ditugu guk geuk?), baina diglosiak eragindako hanka-sartzerik ez zegoela ohartu nintzen bukaerarako: nire arazoa berehala konponduko zuten esperantza (Euskaltel kontratatzean agindu zidatena, hain zuzen) zapuztua geratu zen. “Zure kasua apuntatu dugu, deitu bihar berriro. Mila esker”.
Barkatu itxaropenagatik. Enpresa handietako marketing eskaintza askoren kontra-kanpainaren leloa dirudi. Agindua zor, dio euskal esaera zahar batek, baina arau horrek noizbait indarrik izan bazuen (zalantza asko dut) gaur egun Athletic-en gabarra baino herdoilduagoa geratu dela iruditzen zait. Era interesatuan gizentzen dira jendearen ilusio eta itxaropenak, erraz eta merke agintzen digute betetzeko asmorik ez dutena, guk ahoa zabal zabal egin eta amua zintzurreraino sar diezaguten.
Eta ez diot kontsumoaren hatzaparretan erortzeko eskaintzen dizkiguten produktu eta zerbitzu pagotxa guzti horiengatik bakarrik (entzun dudan azkena: saltoki handi batek telebistak erdi-prezioan eskainiko ditu, Espainia futboleko Eurokopan final-laurdenetatik pasatzen bada!). Ez. Boterea duen orok daki itxaropena, ondo astinduta, egoki zabalduta, jendea bere interesera biltzeko sare pelagiko ezin hobea dela. Berdin dio zer agintzen den, hil osteko zerua, bost zentimotan milioiko hipoteka edo Erreala lehen mailara igotzea, tiroa bota eta eroriko da usoren bat.
Politikoek ere ondo dakite hori, jakina. Euskal Herrian, urrutira joan gabe. Ez dut esan nahi beti horrela denik, baina hemen (ia) guztiok egoera honekin nazka-nazka-nazka eginda gaudela jakinda, zenbatek (bateko ala besteko) zenbat aldiz agindu du betetzeko asmorik ez zuena? Izan su-eten iraunkor, izan negoziazio-mahai, izan distentsio, izan benetako elkarrizketa?
Azken adibidea, bihar. Ibarretxe Madrilera doa Zapaterorengana. Irratian lehendakariari entzuna, erositako prezioan: zerbait lortzeko itxaropenik ez balu ez litzatekeela joango, ez liokeela euskal gizarteari ilusio faltsurik sortuko. Batzuk sinetsiko dute. Beste batzuk, espainiar gobernuaren erantzuna jakina dela esango dute, Ibarretxe PSOEren ezetza nabarmen egitera doala eta, aurki ditugun hauteskunde autonomikoei begira, herriaren aurrean bere irudia garbitu eta indartzea dela bilatzen duena. Zapatero izan zen traba, nik ahal nuena egin nuen: barkatu itxaropenagatik.
Zuk erabaki, irakurle, zertan sinetsi, zertan ipini zure esperantzak. Baina, badaezpada, gogoratu Lazkao Txikik esan zuena: politikan ez dago gauza politikan.

08.05.12

22:53:02 , zikinbrillo , 344 hitz, 76 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

TRENBIDE PASAKO ERREPUBLIKA

Gehiengoari bezala, txikitatik gustatu izan zaizkigu trenak. Beharbada, auskalo zenbat aldiz errepikatu zizkiguten haur kantak hasiko ziren irristatzen mezua gure burmuinetara, aita, ama eta kokakola esaten ikasi aurretik. Beharbada, San Pelaioko ikastola aurretik pasatzen zen trenak izan zuen errua. Haur guztiak trenari Aita Santua balitz bezala eskutxoarekin agur esatera animatzen gintuen andereñoak. Edo ehun bat urte lehenago, trenbideak Zarauzko herriaren erdi-erditik pasa behar zuela erabaki zuen ingeniari, politiko edo dena delako buru-argiak. Azken Portu, gure auzoa, Trenbide Pasako Errepublika bihurtu zuenean. Trenaren mugak gure etxearen mugak egin zituztelako, eta trena, gure jolas eremuaren zaindari.
Gerora etorri ziren Agatha Christieren Orient Expresseko heriotzak irakurtzeko, Bogart Parisko andenean ikusteko eta Txirritaren Norteko Ferrokarrilaren bertsoak tabernan lau-bost ahotsetara kantatzeko garaiak. Eta trenak martxa zuen oraindik. Araiako festetara eramaten gintuen. Eta Altsasukoetara. Eta Irungoetara. Eta Tolosako ihauterietatik bueltan lo, Zumaiaraino ere bai putakumeak. Baina gure laguna izaten jarraitzen zuen. Eta abuztuan, Santaklaretan, Trenbide Pasako Errepublikan mugaz gainera aduanak jartzeko ideiak berotzen zizkigun kalimotxoen epelera.
Orain berriz, heldua egin zaigu trena. Gizon bat. Eta denen ahotan dabil azken aldian. Izen berbera izanagatik, arrotz egiten zaigun norbait aipatu izan balute bezala ordea. Brinkolan geratu gabe, ziztu bizian aurrera ihesi joango den AHT-a, aspaldiko parrandetako lagunei kasu egiteko asti nahikorik ez balu bezala. Lurpean Zarauztik, lehen haurren agurrak bezala, gero zizareenak topatuko dituelakoan edo (zizareek eskurik ez dutela konturatu gabe). Eta politikan buru-belarri, Loiolatik Madrilerako bidean, geldialdiak Lizarran edo Ajuria Enean egin beharko ote dituen oraindik ez dakiela.
Eta guk, zer nahi duzue esatea, estresatua ikusten dugu mutila. Begizuloekin eta kea dariola, garbi esateko. Beti tren-talkaren kontu horrekin kaka ematen eta ardo arraio bat ere hartzeko tarterik gabe. Eta pena ematen digu, noski. Gauzak lasaixeago hartzeko aholkatuko genioke, horrekin norbaitek ondorio politikoak aterako dituela jakingo ez bagenu (zizareei buruz ari gara, jakina). Baina pote bat hartzeko, besterik ez. Gure lehendabiziko eta azken portuan. Parranda giroan sarbori. Puru bat piztu eta habanerak txikitzen. Gaur batekoagatik, konpai. Zer esango du ba elektrikako gizonak ere horren aurka? Tregua txiki bat. Denok behar dugu. Azken batean, denok dakigulako gainera. Tregua guztiak, tregua trenpa direla.

Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software