1 2 >>

08.05.12

22:53:02 , zikinbrillo , 344 hitz, 51 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

TRENBIDE PASAKO ERREPUBLIKA

Gehiengoari bezala, txikitatik gustatu izan zaizkigu trenak. Beharbada, auskalo zenbat aldiz errepikatu zizkiguten haur kantak hasiko ziren irristatzen mezua gure burmuinetara, aita, ama eta kokakola esaten ikasi aurretik. Beharbada, San Pelaioko ikastola aurretik pasatzen zen trenak izan zuen errua. Haur guztiak trenari Aita Santua balitz bezala eskutxoarekin agur esatera animatzen gintuen andereñoak. Edo ehun bat urte lehenago, trenbideak Zarauzko herriaren erdi-erditik pasa behar zuela erabaki zuen ingeniari, politiko edo dena delako buru-argiak. Azken Portu, gure auzoa, Trenbide Pasako Errepublika bihurtu zuenean. Trenaren mugak gure etxearen mugak egin zituztelako, eta trena, gure jolas eremuaren zaindari.
Gerora etorri ziren Agatha Christieren Orient Expresseko heriotzak irakurtzeko, Bogart Parisko andenean ikusteko eta Txirritaren Norteko Ferrokarrilaren bertsoak tabernan lau-bost ahotsetara kantatzeko garaiak. Eta trenak martxa zuen oraindik. Araiako festetara eramaten gintuen. Eta Altsasukoetara. Eta Irungoetara. Eta Tolosako ihauterietatik bueltan lo, Zumaiaraino ere bai putakumeak. Baina gure laguna izaten jarraitzen zuen. Eta abuztuan, Santaklaretan, Trenbide Pasako Errepublikan mugaz gainera aduanak jartzeko ideiak berotzen zizkigun kalimotxoen epelera.
Orain berriz, heldua egin zaigu trena. Gizon bat. Eta denen ahotan dabil azken aldian. Izen berbera izanagatik, arrotz egiten zaigun norbait aipatu izan balute bezala ordea. Brinkolan geratu gabe, ziztu bizian aurrera ihesi joango den AHT-a, aspaldiko parrandetako lagunei kasu egiteko asti nahikorik ez balu bezala. Lurpean Zarauztik, lehen haurren agurrak bezala, gero zizareenak topatuko dituelakoan edo (zizareek eskurik ez dutela konturatu gabe). Eta politikan buru-belarri, Loiolatik Madrilerako bidean, geldialdiak Lizarran edo Ajuria Enean egin beharko ote dituen oraindik ez dakiela.
Eta guk, zer nahi duzue esatea, estresatua ikusten dugu mutila. Begizuloekin eta kea dariola, garbi esateko. Beti tren-talkaren kontu horrekin kaka ematen eta ardo arraio bat ere hartzeko tarterik gabe. Eta pena ematen digu, noski. Gauzak lasaixeago hartzeko aholkatuko genioke, horrekin norbaitek ondorio politikoak aterako dituela jakingo ez bagenu (zizareei buruz ari gara, jakina). Baina pote bat hartzeko, besterik ez. Gure lehendabiziko eta azken portuan. Parranda giroan sarbori. Puru bat piztu eta habanerak txikitzen. Gaur batekoagatik, konpai. Zer esango du ba elektrikako gizonak ere horren aurka? Tregua txiki bat. Denok behar dugu. Azken batean, denok dakigulako gainera. Tregua guztiak, tregua trenpa direla.

08.04.25

18:13:35 , zikinbrillo , 494 hitz, 91 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

BEST SELLER

Pasa den asteazkenean liburuaren nazioarteko eguna izan dela-eta, irakurzaletasunari, idazketari eta liburu salmentari buruzko hainbat datu eta gogoeta zabaldu dira bazterretan. Horien artean, ohi denez, salmenta handiko liburuei buruz (best-seller esaten zaienei buruz) ere zenbait iritzi entzun ditugu. Kontrakoak, ia erabat. Izen handiko jendeak boteak, gehienak. Txitxareak mugitu dizkigutenak, baten batzuk.
Best seller-ek defentsa abokaturik behar ez duten arren (ezta merezi ere batzuk), gure eskasetik, haien alde zerbait esan nahia sortu zaigu. Izan ere, hitz egin dezagun argi:
- Idazle guztiok nahi genuke asko saldu. Irakurle ugari eduki. Gure isilpeko lanaren nolabaiteko onespena jaso. Eta kontrakoa dionari, barkatu, baina ez diogu sinesten. Norbaitek esan baitezake berak bere buruarentzat idazten duela, gero arrakasta izango duen ala ez axola gabe. Jakina, hala da eta hala behar du. Baina “idatzi” eta “argitaratu” bi aditz ezberdin dira euskaraz. Zuk idatzitako hori etxeko kajoitik atera eta plazaren erdira eramateko erabakia hartzen duzunean, zerbaitegatik da. Ez gaitezen hipokritak izan.
- Euskadin rock’n rollak ez du dirurik ematen. Hertzainek ondo esan zuten moduan, euskal merkatua txikiegia da salmenta ikaragarriekin amesteko. “Kutsidazu bidea Ixabel” izango da gure best-seller bakarrenetakoa, eta horren kopuruak ere barregarriak espainiar edo ingelesekin alderatuta. Zoritxarrez (eta amildegi ertzean bizi diren argitaletxe euskaldunei galdetu bestela) ez daukagu literatura komertzial sendorik euskaraz. Futboleko konparazioa erabiliz, UEFA lehiaketatik kanpo geratzen diren taldeen komentarioak errepikatzen ditugu ondorioz: “Total, hobe da horrela”, “Maila horietan ibiltzeak asko desgastatzen du”, “Gure benetako helburuak beste batzuk dira”, etabar. Kontsolatzeko balio digu. Baina denok, onartu ala ez, Championseko finalean egotea amesten dugu. Edo literatura komertziala erdaraz egotea ondo dago eta euskal literaturak Arantzazuko amabirjina baino puruagoa izan behar du?
- Kaka goxoa da: milioika eulik ezin dute oker egon. Txistea ezaguna da, eta liburu bat oso saldua izateak ez duela honen kalitatea ziurtatzen nabarmentzeko balio du. Noski. Ezta aurkakoa ere. Gutxi saltzeak ez du esan nahi, berez, liburu bat txarra denik. Orain maisulantzat hartzen ditugun liburu asko inolako arrakasta gabe plazaratu ziren bere garaian. Baina ekuazio horrek (salmenta kopurua = liburuaren kalitatea) alde batera funtzionatzen ez badu, bestera ere ez. Alegia, gutxi saltzen den liburu bat ez da beti literaturaren historiako maisulan izango. Eta asko saltzen den obra bat ez da derrigor euli-bazka. Salduenen zerrendetan daude Dickens, Sallinger, García Márquez…
- Begiradan dago bekatua. Egia da idazterakoan norberarentzat idatzi behar dela. Baina, zeharka, irakurleari begira. Oharkabean edo propio, denok sartzen ditugu zenbait elementu, ñabardura eta “amu literario” irakurlearen interesa bereganatzea helburu dutenak. Gustuko pertsona konkistatzera irten aurretik orraztu eta kolonia botatzearen pareko zerbait da. Denok egiten dugu hori. Onartuak izan nahiagatik geure burua prostituitzea da arriskua. Ustez (ziur inork ez baitaki ezta ere) besteari gustatuko zaiona izan asmotan, garen bezala ez agertzea da arazoa. Adibidearekin jarraituz, gure burua ispiluan ez ezagutzeraino mozorrotzea. Hori da, zilegi izanik ere, gustuko ez duguna. Hori da, zalantza gabe, best seller batzuk egiten dutena. Ados. Amu eta orrazketak gorabehera, nork bere buruarekin zintzo izaten saiatuz, den bezala idaztea litzateke egokiena. Ados berriro. Eta, hori horrela, arrakasta lortu eta asko saltzen duenari, bejondeiola. Eta kito.

08.04.09

09:16:52 , zikinbrillo , 480 hitz, 187 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

HAUR BAT PARKEAN GALDUTA

Zalantza gabe, gaur egungo idazle italiar ezagunenetakoa da Alessandro Baricco. Eleberriak idatzi ditu, antzerki-lanak, saiakerak, telebistarako saioetan parte hartu eta literatur lantegi berritzaile bat ere abian jarri du bere hirian, Torinon.
Baina, batez ere, 1996an argitaratutako eleberri labur eta bikain bati esker da ezaguna Baricco: Zeta (Igela argitaletxeak euskaraz plazaratua). Liburu horren arrakastak sortutako olatuak (Espainian bakarrik 40. berrargitalpenean doa), normala denez, bere izena mundu guztiko toplist-en aparretara eraman zuen, baina baita haren azpian itotzeko arriskuan ipini ere. Idatzitako liburuaren ustekabeko arrakastak euren egileengan izandako eragina (euskal eremuan, Kutsidazu bidea Ixabel kasu hartuta esate baterako) aztertzeko gaia izango litzateke.
Dena dela, Bariccok bere burua berriro ur-azalera atera eta proiektu berriak abian jartzeko modua aurkitu du azken urteetan. Zetaren bertsio zinematografikoa plazaratu den honetan (Hegoaldean Seda eta Iparraldean Soie izenez, zine areto guztietan ikusgai da), Baricco berak pelikula bat idatzi eta zuzendu du: Lezione 21.
Promoziorako elkarrizketa eta agerpenei ihes egiten dien arren, pelikula zuzendari gisa izandako esperientzia kontatuz, eta horrek literatura lanarekin duen harremana komentatuz artikulu luze bat idatzi du Bariccok, orain dela egun batzuk espainiar egunkari batean argitaratu dutena.
Bertan, beste gauza askoren artean, nobela bat idazterakoan edota pelikula bat filmatzean, hasieran egileak buruan zeukan ideia bukaera arte mantentzea zein zaila den adierazteko konparazio ikaragarri ona erabiltzen du: parkean galdutako haurra.
Hasieran kontatu nahi duzun ideia edo istorio hori bukaera arte aldatu gabe mantentzea, dio Bariccok, haur batekin eskutik helduta atrakzio parke bat zeharkatzearen antzekoa da. Zure bidean mila ezusteko traba, amu tentagarri, kolore, aurpegi eta bultzada trabeskatuko dira. Oso erraza da, konturatu gabe, hasieran zure alboan zegoen haur hura (zure hasierako ideia) galtzea, nola gertatu den arrastorik izan gabe. Une horretan, pausua gelditu eta parke ikaragarri horretan haurraren bila hastea edo beste ideia batekin aurrera jarraitzea erabaki beharko du egileak.
Ez Bariccoren esperientzia, ez haren maila izan gabe, eleberri bat idazterako garaian hasieran buruan duzun ideiari azken punturaino eustea zein nekeza den badakigu. Idazketa prozesuak, parkea zeharkatzeak, aurrez uste ez zenuen bideetatik eramaten zaitu, pertsonaia berriak sortarazi edota argumentua aldatzera behartzen zaitu. Maite duzun horrekin hitz egitera joan aurretik, esan behar dituzun hitz guztiak buruan eramatea bezala da: azkenean elkarrizketa ez da inondik inora zuk pentsatu moduan ateratzen.
Bihotz kontuetan fatala suerta daitekeen hori, dena dela, sorkuntzarako ez da hain tragikoa. Alde batera, beharrezkoa ere bada. Hasieran zenuen ideia (izan ipuin bat, pelikula bat, marrazki bat…) buruan zenuen bezalaxe eta inongo aldaketarik gabe burutzen tematzen bazara, bitako bat (edo biak batera): egoskorren kanpeoia zara edo elektrizitate poste batek baino malgutasun gutxiago duzu.
Izan ere, beste hark esan zuen bezala, bidea ibiltzean egiten da. Sorkuntza prozesuak zure ideiak aldatzen ditu eta aldatu egiten zaitu. Ez zara larritu behar ondorioz (eta Bariccoren adibidean jarraituz) hasieran zenuen haurrak parketik irtetean jertsea galdu, aurpegia txokolatez zikindu edo eskuan globo hori bat badu. Hala behar zuen seguruena. Kontua parketik zure haurrarekin irtetea da, eta ez beste norbaitek trukatu dizun umearekin edo Emakume Bizardunaren eskutik helduta.

08.03.25

11:02:20 , zikinbrillo , 410 hitz, 72 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

TIPO GOGORRAREN SEKRETUA

Norbaitek esana da, literaturak ez dituela hormak erori arazten, kolorez margotzen dituela. Irakurleren batek iritzi dezake, beharbada, epelegia dela aurreko uste hori eta literaturak –tximistaren edertasuna duenean- gizarte oso bat barrutik piztu eta irauli dezakeela, ustekabeko itsaso-kolpe batek hormigoizko blokeak deusezten dituen indar beraz.
Ez da erraza esaten bi jarrera horien artean zein den gaur egunean gure herriko egoerari ondoen egokitzen zaiona. Egia da, dena dela, irakurle kopuru urriak –are gehiago euskaraz plazaratutako liburuetan- zail egiten duela literaturaren funtzio sozialean edota gaitasun iraultzailean sinestea. Baina nork daki. Itsasoak ere bare itxura zuen malekoia ur azpian hartu bezperatan.
Kontuak kontu, liburu on batek entretenimendua eman edo mahaiari balantza kentzeko baino gehiagorako balio duela uste dugu. Jan ondoren ezusteko oparia eskaintzen dizun txokolatezko izozkiaren makiltxoa bezala, Frankfurteko burtsan kotizatzen ez diren altxorrak gordetzen dituzte zenbait liburuk.
Horietako bat berrirakurtzen aritu gara opor hauetan: Jon Alonsoren “Camembert helburu”. Nobela eta saiakera arteko liburu mutante bat da nafarrarena, Tolouse-Lautrec margolariaren lan bat eskuratu nahian dabilen lapurraren istorioa aitzakia hartuta, arteari buruzko gogoeta egiteko erabiltzen baitu.
Señorak puta moduan eta putak señora gisa tratatzen dituen lapur honen istorioak irakaspen asko ditu, zalantza gabe, baina honako honetan bat azpimarratu nahiko genuke guk: tipo gogorraren sekretua.
Jon Alonsoren esanetan, egoera larri baten aurrean besapeak izerditu gabe mantendu ahal izateko kakoa hauxe da: aurrez, zeure kolkorako, aukerarik okerrenean ipintzea. Maiteminduta bazaude, zure sentimenduak aitortu ostean irain eta iseka gordinenak jarri zure maitearen ezpainetan. Nagusiarekin ustekabeko bilera baduzu, kalte-ordainik gabe kaleratzeko dela pentsatu. Penaltia botatzekotan bazara, baloia harmailetan eserita dagoen amonaren aurka jaurtiko duzula imajinatu, hortza postizoak irentsaraziko dizkiozula eta partidua galtzeaz gain pleito zibil bat irabaziko duzula.
Modu horretan, etor daitekeen edozein zorigaiztoren aurkako “antibirusak” injektatzen dizkiozu zure buruari. Sufritu aurretik, gaitza barneratzen duzu, bere aurka defentsak garatzen dituzu. Borgesek, ipuin batean, antzeko aholkua ematen du, ekintza zail bat lasaitasun osoz burutzeko, jada egina dagoela pentsatzea dela onena esaten duenean.
Horrela, edozer dela azkenean gertatzen dena, imajinatu zenuena baino hobea izango da beti. Eta kasurik txarrenean jarrita ere, Clint Eastwooden porlanezko aurpegia atera eta “esaten nuen ba nik” erantzun ahalko duzu, azken batean arrazoia zuenaren garaipena eskuratuz.
Jokaera honek, Jon Alonso berak nabarmentzen duenez, begi-bistako herrena du: “antibirusen” injekzioak ematen duen lasaitasunaren ordainetan, gaisotasunaren zurrunbiloan irribarre batez murgil egin eta halere onik ateratzen denaren zorion betea galtzen duzula. Baina dena ezin da, konpai. Bizitza, izan ere, milaka koloreko bolatxoak zozketatzen dituen joko eroa da. Apustu egin gabe ez da galtzen. Apustu egin gabe ez da irabazten.

08.03.07

14:20:44 , zikinbrillo , 294 hitz, 145 aldiz ikusia  
Atalak: Kafe Torero

ALUAK eta ZAKILAK

Aurreko batean sortu zen gaia. Bazkaldu ondoreneko kafea hartzen ari ginela, lanera itzuli beharreko minutuak luzatu nahian. Sarkozyren pitokeria hura aipatu zuen norbaitek. Ea aditu genuen, Napoleonen oinordeko oilar potroustelak, dendari edo dena zelako hark arrautzak ukitu ondoren, “gilipollas” nola deitzen zion. Denok genekien zerbait noski. Entzuna ez bazen, irakurria edo ikusia bestela. Ezberdin samar hala ere, bat batean konturatu ginenez. “Gilipollas” kontu harekin zetorren tema, izan ere.
“Casse-toi, pauvre con”, esan omen zion irribarrea zartatu gabe Sarkozyk besteari. Gaztelerazko komunikabide ia denek, “vete de aquí, pobre gilipollas” edo antzeko zerbait itzuli zuten aforismo gogoangarria, “idiota” ekartzen zuenik ere bazen arren. Euskarazkoek ordea, “kaikua” ematen zuten ordaintzat (Euskadi Irratian gutxienez) eta “gizagaixo” edo “ergel” aipatzen zuenik ere bazen. “Con” hitzak, haatik, frantsesez “alua” (anatomiari buruz ari gara, lagunok) esan nahi omen du. Eta hor pasa ginen tematik demara.
Literalki (hau da, gaizki) itzulita, Sarkoren esaldiak beste zentzu bat hartzen zuen: “alde egin ezak hemendik, alua”. Onera. Ia-ia kide girokoa. “Hi haiz hi alua”. Presidentaren irribarre behartua, natural egiteraino. Kabroi samarra izan zen dendaria, baina beno, hortxe geratzen zen kontua. “GiliPOLLAs”-etik gertuago zegoen hitz bat aldatuz ordea, itzulpen egokiago bat lortzen zen: “alde egin ezak hemendik, zakila”. Horrela, aho guztia hitzarekin betez, (eta hitzarekin bakarrik), Oiartzun aldean egiten duten moduan. Za-ki-la. Baboputa alegia, edo babolkiya, txikitan esaten genuen bezala.
Pentsakor geratu ginen beraz. Kezkatuta, ezinbestean, bat-bateko aurkikuntza linguistiko hark euskal arrentzat derrigorrez zekartzan ondorio lazgarrien aurrean. Euskara, oi, euskara… (Mekaguentudios). Izan ere, norberaren buztanak babo-kirtenak direnak izendatzeko balio duela konturatzeak zer pentsa ematen du. Are gehiago, albokoaren azpiko bizarrak nolabaiteko bizkortasunaren erramu bihurtzen direnean.
Baina beno, zer egingo zaio ba. Justizia poetikoa izango da. Edo justizia historikoa. Edo auskalo ze binagre. Behinolako balizko euskal matriarkatu haren ondarea, beharbada. Baina ondare alua, inondik inora ere.

1 2 >>

Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software