1 2 >>

08.03.08

11:17:52 , Luma , 133 hitz, 166 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

bejondeizula Erniarraitz

IV. Erniarraitz Bertso Sariketa amaitu denetik astebete pasa den arren, Erniarraitz elkartekoak zoriondu nahi nituzke. Zoriontzeko ez da inoiz berandu, ezta?
Aurten, erronka gogorra jarri dute mahai gainean, edo oholtza gainean, hobeto esanda. Eskualdeko bertsolari gazteei aukera eman nahi izan die; batez ere, Erniarraitz elkartean dauden Azkoiti, Azpeiti eta Errezilgo bertsolariei. Benetan txalogarria izan da beraiei aukera hori eskaini izana.
Saioetara joan den bertsozale kopuruak nahikoa esaten du: hiru kanporaketetan 120-140 lagun saio bakoitzean, eta finalean 270 lagun. Ikaragarria!
Azkenean txapela Urbietak eraman du. Bejondeikela Aitor! Baina Urbietarekin batera, partaide guztiak izan dira txapeldun! Antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak, bertsozaleak… denak izan dira txapeldun! Azken finean bertsoa izan da txapeldun!
Ea ba, Erniarraitzekoek, oraingo bidetik jarraitzen duzuen… Gure eskualdea Erniarraitz gabe, azken errimarik gabeko bertso bat bezala genuke, edo txalorik gabeko bertso saio bat bezala… Bejondeizula Erniarraitz!!!!!!

08.02.10

19:37:49 , Luma , 132 hitz, 94 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Gutxi eta gainera gaizki...

Aste honetan egunkari batean irakurri dut (eta ez da HITZAn izan…) euskaldunok gutxi eta gaizki ligatzen dugula. Pentsatu dut: Jobe! Gutxi eta gainera gaizki? Gutxi eta ondo egingo bagenu sikiera… Hori horrela bada, kasu honetan ezingo dugu esan abesti famatu horrek dion moduan “euskalduna naiz eta harro nago".
Otsailaren 8an, ostiralean, Donostian manifa bat egon zen “euskaldunok gutxi ligatzen dugunaren mito hori gainditzeko” . Hain larria al da egoera?
Orduan, lagunartean gaudenean zergatik esaten dugu “nik tope ligatzeit"? Edo, gutxi eta gaizki ligatzen dugula idatzi zuen horrek ez du bat bera ere jaten…
Agian ez dugu hegoamerikar horiek adina ligatuko, baina ez gaude hain atzean, ez? Edo bai?
Hain lotsatiak al gara ba euskaldunak? Badakigu ba lotsagabeak izaten ere…

Eta txapada hau sartu eta gero… galdera filosofiko bat: zure ustez, zer da ligatzea?

08.01.20

19:37:05 , Luma , 436 hitz, 100 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

TXOTX!!!!!!

Iritsi gara sagardotegira. Astea gogorra izan da eta laneko kontuak besterik ez dira aipatzen hasieran. Gainera, laneko afaria izanez gero, normala…

TXOTX!!!!!!
Mahaian jartzerako sagardotegiko nagusiak lehenengo enbidoa jo du. Denok altxa eta lehenengo sagardo tragoxka hartu dugu. “Ederra zegok! Ba, agian gozoegia zegon… Ederki sartzen dun!", hiru upel ezberdin probatu eta berriro mahaira joan gara.
Mahaian, bakallau tortilla listo dago. Tortilla jan bitartean laneko kontuak dabilzkigu gora ta behera. “Xixko nitxiok! Astea ez duk bela joan! Behar genian horrelako afaritxo bat, sagardo pixkat edan…”

TXOTX!!!!!!!!
Bigarrengo enbidoa jo du nagusiak. Ez da obligazioa, baina altxa egingo gara. Oraindik tortilla mahain dago, baina Txotxa ez dago galtzerik! Beste hiruzpalau upel probatu ditugu: “Hau goxoa zegon, zazpi zenbakia baino askoz hobea! Baina zer dion, hura ez huan zazpi zenbakia, hura bederatzia huan…", Konbertsazioa aldatzen ari da. Orain ez dugu lan konturik aipatzen… Berriro mahaira goaz. Bakallaua piperrekin lixto dago…

TXOTX!!!!!!!!!!
Hirugarren enbidoa jo du nagusiak. Ez, oraingoan ez da nagusia. Gure Jose Inaxio torneroak egin du orrua! Eta gu sagardotegiko nagusia zelakoan… Beno, baina berdin-berdin altxako gara! Bakallaua nola edo hala irentsi dugu eta upeletara goaz berriro. Hiru, lau, bost edo sei upeletatik edan dugu oraingoan. 8, 14, 15…. ez dakit, zenbakiekin nahastu naiz. “Hamazazpigarrena ikearriya ziok! Ba neretzat, behin honez gero, danak berdinak zabek!” Eta horrela dijoa elkarrizketa. Komertziala, lantegiko sosoena, txiste kontatzen hasi da upel ondoko erromeria giroan. Txistea beldurgarri txarra izan da, baina barrez lehertu gara. Txiste txarrak dira onenak, pentsatu dut.
Berriro mahairantz zuzendu gara. Baina ez goaz zuzen, balantzaka goaz… Txuleta bikaina dago! Ederki eginda! Denbora gutxira, berriro…

TXOTX!!!!!!
Oraingoan nagusia izan da. Txuleta irentsi eta upeletara goaz berriro: “Hi nausi, bertso bat botako diat…", Antoniok bertso bat bota dio, iaz kantatutako berdina, noski."Hi nausi, ezetz egin hau…", gure erreleboko enkargatu serioa upelaren kontra pino egiten hasi da… poltsikoko diru guztiak erori zaizkio… Nagusia, pixkat hasarratu da, baina barkamena eskatu diogu eta listo! Berriro mahaira goaz intxaurrak eta gazta jatera.

TXOTX!!!!!
TXOTX!!!!
TXOTX!!!!
TXOTX!!!!
….

Azkenerako, nagusiaren enbidoak ordago bihurtu dira. Baina orain ez da ari nagusia upelak irekitzen. Lantegiko sekretariak hartu du txotxa eta berak irekitzen du orain sagardotegi guztiarentzako. Txotxetik edan eta txotxolotzen ari gara. “Txatxi guai!” eta horrelakoak esaten ditugu. Hasierako txorien txio-txio kantu xuabea, putreen orrua da orain. Bat, Zaramaren Txatxo kantatzen hasi da. Beste bat Che Gebarari imitatzen ari da. Bestea berriz, bere txitxiak erakusten ari da… Eta beste hirukotea txutxumutxuan dabil…

TXOX!!!!!!!

Bueno, azkena hartu eta bagoaz. Azkenean, geu bakarrik gelditu gara sagardotegian. Ordaintzearekin gogoratu gera eta gaitzerdi! Nagusia agurtu, sukaldera sartu eta bertako sukaldariei adio esan eta autoa hartzera goaz… Taxia, lasai!

TXOTX!!!!!!!!!
Hasi da Txotx garaia. Iufiiii!!!!!!!

08.01.12

12:06:07 , Luma , 219 hitz, 101 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Denok daukagu ume bat barrenean

Oparien garaia izan ohi da Gabonetakoa. Aurtengoa ere, ez dut uste salbuespena izan denik. Olentzero, Errege Magoak.. Umeak ilusioz gainezka egoten dira. Eta umeen aitzakian, helduak ere bai! Edo, beharbada ez…

Azkenengo boladan, opariak emateko modan jarri da “Lagun Ezkutuaren sistema". Batzuek, Olentzerotan egiten dute, eta beste batzuek Erregeetan. Guk, lanekoak, atzo egin genuen!"Pixkat berandu” pentsatuko du norbaitek! Baina azken finean, opariak egiteko edozein egun da egokia, ezta? Eta jasotzeko, zer esanik ez!

Ba, dozena bat lagun elkartu ginen; bakoitzak bazekien nori egin behar zion oparia, baina berari nork egin behar zion ez… (bueno, batenbatek hori ere bazekien…).Ba, opari guztiak ondoko gelako mahai baten gainean utzi genituen, “opari paketeetan” bilduta, banaka-banaka. Gero, momentu preziatua iritsi zen; hura zalaparta! Bakoitza presaka bere oparia ireki ezinik; bujanda bat, erloju bat, pultsera bat, plastilinazko oilar bat, ipuin bat… opari guztiak geuk egindakoak izan ziren.

Nik behintzat, umeak baino hobeto pasa nuen. Edo beste era batera esanda, umeak baino okerrago ibili nintzen (zentzu onean ari naiz, noski). Eta besteak ere, uste dut, nire moduko sentsazioak izan zituztela.

Norbaitek pentsa dezake: “hau da umekeria"! Ba neri ez zait umekeria iruditzen! Ederra da oparien ilusio hori edukitzea! Polita da norbaitek zuri opari bat egitea! Eta polita da zuk norbaiti oparia egin eta berari gustatu zaiola ikustea!

Azken finean, denok daukagu ume bat barrenean…

07.12.23

11:50:21 , Luma , 269 hitz, 113 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Gora ta gora beti....

“Gora ta gora beti haik gora Lapurdi, euskerak bizi gaitu eta bizi bedi". Horrelaxe dio euskerari buruz ari den kantu ezagun batek. Baina ni, oraingoan, ez nator euskeraren inguruko kezkak azaltzera. Nire kezkak euskeraz azaltzera nator; Beno, ez da kezka; nire kazka-hezurrean sartu zaidan ausnarketa kaxkar edo koxkor bat da. Eta, kosta hala kosta, kasta gogorra erakutsiz, zuen eskuragarri jarriko dut, kiosko bat banintz bezala! Baina honek ez du kosturik! Hor dago koxka, ezta?

Beno, zuen neuronak blokeatu aurretik, goazen kontua argitzera; Gora ta gora beti… Gora euriborra! Gora ta gora beti… Gora eguneroko ogia! Gora ta gora beti… Gora argi indarra! Gora ta gora beti… Gora Kuba Martinia! Prezio denak gora ta gora beti! Ta gure animoak behera eta behera beti. Eta beherapenak iritsitakoan, berriro animoak gora ta gora beti! Baina ondoren, kartilla eguneratutakoan, animoak berriro behera eta behera beti… Eta orain, urte berriarekin batera, produktu gehienen prezioak gora ta gora beti…

Bizimodu gogorra, ezta? Aurten ere, 1880 turroia jan gabe gelditu behar! Pufff! Gainera, Olentzero ez da nahi bezela portatu gehienontzat. Horretaz gain, aginaldoa jasotzeko esperantza handirik ez, ezta? Hau dek marroia, Mikel!

Beraz, urte berriari euroak eskatu beharko dizkiogu, ez? Aberatsagoak izatea eskatu beharko diogu… edo, hain pobre ez izatea… Keba! Ezta pentsatu ere! Topikoegia dirudi, baina ez al da hobe osasuna eskatzea? Eta esaten dutenez, lana osasuna da. Beraz, gero eta lan gehiago egin, orduan eta osasun hobea. Baina lanera dirua irabaztera goaz, ezta? Beraz, zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta diru gehiago! Puff! Orduan… hasieran bezala gaude; urte berriari euroak eskatzen ari gara!

Beno, neu eta zeuek zoratu aurretik, lanera noa!

Urte berri On!

1 2 >>

Abuztua 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Kaixo! Ni Migel Anjel Aiertza naiz. Hala ere, gehienek Mieltxo edo Mikel deitzen didate. Aizarnazabalen bizi naiz eta 32 urte ditut. Ireki berri dudan blog honetan kulturari garrantzi berezia emango diot, baina ez da jorratuko dudan gai bakarra izango. Kulturaz gain, edozein gaik izan dezake lekutxoa nire txoko honetan. Harri eta zur uzten gaituzten albisteak kontatzen ere saiatuko naiz. Hausnarketa, erreflexio, iritzi eta horrelakoak ere… pentsatu ahala idatziko ditut. Gustatuko litzaidake nik botatako pelota errebotera iritsi eta berriro bueltan etortzea; hau da, zuek nire albisteak erantzutea. Ea horrela den…

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software