| « Perlak | Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [II] » |

Porlanezko eraikin bat ageri zen larunbatean egunkari honen azalean, tiroek goitik behera zulatuta, hedabideetan Bagdad, Beirut, Kabul edo Ramalako etxeak erakusten dizkiguten moduan. Horrelakoa izaten da gerrarekin oheratzen diren hirien larrua. Horrelakoa izaten da sarraskiaren eta erresistentziaren soinekoa.
Saminaren postalak dira eraikin horiek, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugarriak. Suntsitutako etxeak, baina lorontzi gorri bat dutenak leihoren batean. Orduan egiten du tiro argazkilariaren begiak. Larunbatean egunkari honek azalean erakutsi zigun argazkian bezala. Palestinar bat ageri zen gerrak zulatutako eraikin horretan, balkoitik begira, lehortzera esekitako izaren eta arropen artean. “Israelen blokeoa salatzeko atzo Rafan egin ziren protestak etxetik jarraitu zituzten irudiko palestinarrek”. Bi solairu gorago, beste hiru palestinar ageri ziren, haiek ere tiroen eta zuloen artean, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugarritik kalera begira.
“Hamasek egindako su-eten eskaintza baztertu du Israelek”, zioen titularrak, argazkiaren azpian. Balizko terroristak izanen ziren beharbada argazkikoak. Israelen arma demokratiko eta etikoek inolako erreparorik gabe suntsitutako eraikinean, pasatu duten guztia eta gero ere oraindik bizirik, errealitate ankerrari begira, zutik, falta direnak ahaztu gabe.
Igandean, oharkabean, argazki bera argitaratu zuen egunkari honek azalean, euskal bertsioan. Balizko terroristak ageri ziren argazkian, oraingoan izenarekin: Txomin, Kepa, Itziar, Tasio, Angel. Zulatutako eraikina, baina lorontzi gorriekin leihoetan. Pasatu duten guztia eta gero ere oraindik bizirik, kalera begira, zutik, falta direnak ahaztu gabe. Aurrean, errealitate ankerra. Israel, leporaino armatuta, baina arma demokratiko eta etikoekin.

[ BERRIA, 2008-04-29 ]