| « Amagaiak | Inkisizioaren ametsak » |
Duela bi urte zabaldu zuten bost mende dituen harrizko eraikina, eraberritu eta hotel bihurtua, eta ordudanik Larraitz bertan aritzen da lanean, batez ere harreran. Ez ditu bi urteotan igaro diren bezero guztiak gogoan, baina badaki ostiralean iritsi zen neskak eman zituela lehen ere zenbait egun itsasora begira dauden gela berezietako batean.
Datuak sartu orduko, memoria baino lagun hobea izan zuen ordenagailua: Emilie Flöge. Austriarra. Mutil batekin hiru gau igaro zituen duela bi urteko udan, zazpigarren gelan. Gela hura libre ote zegoen galdetu zuen ostiralean, eta baietz erantzun ziotenean hiru gau pasatzeko hartu zuen ostatu. Maleta bat soilik ekarri zuen, eta Larraitzek gau osoan ahaztu ezin izan zuen irribarrea. Samurra bezain ausarta.
Bi urte geroago norbait leku berera itzultzera zerk bultzatzen duen pentsatzen aritu zen ostiral gauean. Norbaitekin ezagututako eta besarkatutako lekuek zergatik duten halako erakarpen indarra. Emilieren begiak eta irribarrea zergatik diren hain arriskutsuak.
Larunbat arratsaldean, hoteleko kafetegian liburu batean bilduta ikusi zuenean, kafe batera gonbidatu zuen, eta Emiliek baietz erantzun zion. Ohartzerako igaro zitzaien denbora, bizitzaz, iraganaz, euriaz, bihotzaz, koadroez, zabalik geratutako ateez eta harremanez solasean, ezezagunekin soilik hitz egin daitekeen bezain sakon. Igande goizean elkarrekin leundu zituzten azken asteotan denboraleak labarren magalean dagoen hondartzara ekarritako harriak, eta igande gaua azken gaua izan zen. Atzo itzuli zen Emilie, maleta batekin baino askoz gehiagorekin.
Agurtzerakoan idatzi zuten musua ezpainetan sentitzen du oraindik Larraitzek, eta irribarre egiten du harreran dagoen koadroari begiratzen dion bakoitzean: Uretako sugeak. Gustav Klimt, ur-margoa eta urre koloreko pintura pergamino gainean. 50 x 20 cm.
[ BERRIA, 2008-03-25 ]

[ Uretako sugeak, Gustav Klimt. Iturria: en.wikipedia.org/wiki/Gustav_Klimt ]