| « Inkisizioaren ametsak | Baionatik Pasaiara » |
Herenegun Urtzi Urrutikoetxeak egunkari honetan idatzitakoak ezin du argiago adierazi Arrasaten gertatutakoari buruzko milaka euskal herritarren hausnarketa: «Dorrea ezin jan, eta jadanik peoi ere ez denari jotzea ankerregia da». Horregatik, ankerkeriaren neurriak asaldatuta, ulergarria da hainbaten samina eta haserrea, batez ere egunero gatazkaren ondorioak zuzenean sentitzen dituztenen kasuan. Ulergarria da ankerkeriaren neurriak herritar asko eta asko kalera ateratzea, Euskal Herriak salbuespen egoera bizi duela eta nahikoa dela esatera otsailaren 14an herritar asko eta asko kalera atera ziren modu berean. Azken batean, batzuek alde batekoei, besteek bestekoei eta zenbaitek bi aldeetakoei nahikoa dela esatea edozein gatazkaren logikan sartzen den egoera gordina da.
Gatazka guztiek dute, halaber, idatzi gabeko kode etikoa: jadanik peoi ere ez denari ez jotzea, edota kazetariei lanean lasai uztea, esaterako, alderen batean oraindik kode etikorik geratzen dela sinetsi nahi izanez gero behintzat.
Horregatik, kaskilo hutsek betetzen duten amorrua ulertuta ere, bizi duten egoera pertsonalak erotzerainokoa behar duen arren, onartezina da hainbat ordezkari eta langile publiko erotzea, kazetariei erasotzeraino. Kode etikoa zer den ez dakiten indar armatu publikoekin askotan gertatzen da, baina herenegun, hainbat herritan, zinegotziak ere oldartu zitzaizkien komunikabide ezberdinetako kazetariei, «hiltzeko argazkiak» ateratzen dituztela eta antzekoak esanez, Donostian, Uribe Kostan, Oreretan edota Zarautzen.
Peoiak ere ezin menderatu, eta partidaren argazkiak ateratzen dituena jotzea galtzaile petralaren kontua da.
[ BERRIA, 2008-03-11 ]