08.03.07

10:41:32 , gaRi* , 73 hitz, 180 aldiz ikusia  
Atalak: Kazetaritza

Baionatik Pasaiara

Gaur goizean, Euskadi Irratian:

Baionatik Pasaiara zetorren karga untzi batek istripua izan du Jaizkibelen

www.berria.info webgunean, berriz, honela irakurri dut:

Baionatik Pasaiara zihoan karga untzi batek istripua izan du Jaizkibelen

Irratiko esatariari ahaztu egin zaio nonbait Baionan ere badela albiste hori entzungo duenik, sukaldean gosaltzen ari den bitartean edota autoan lanera doan bitartean.

Informazioa ematerakoan zein den eta nongoa den kazetariak buruan duen balizko entzulea. Hori da aldea, eta ez nolanahikoa.

08.01.18

10:32:48 , gaRi* , 406 hitz, 336 aldiz ikusia  
Atalak: Kazetaritza

Ijitoa, errumaniarra, beltza, brasildarra…

Tatiele de Sousa Neres, hogeita hiru urteko neska gaztea hil du gaur bikotekideak Iruñean. Eta biak sortzez brasildarrak direla esan digute hedabideek. Ia hedabide guztiek.

Udazkenean telefono harien kableak lapurtzen atxilotu zituztenak errumaniarrak ziren.
Oraintsu Eibarren liskar batean beste bat hil zuena ijitoa zen. Ijitoak ziren.
Gaur Iruñean bikotekideari lepoa moztu diona brasildarra zen. Brasildarrak ziren.

Gero eta hedatuagoa dago hedabide gehienetan, horrelakoetan, ustezko lapurren, erasotzaileen edota hiltzaileen sorlekua aipatzea. Baita erasotuen sorlekua aipatzea ere. Baina aipatzen denean, beti dira ijitoak, errumaniarrak, beltzak, marokoarrak, latinoak… Hori aipatuta, ez harritzeko esan nahi digute. Horiek horrelakoak egitea normala balitz bezala, denak zaku berean sartu eta horiek guztiak zibilizatu gabeko piztiak balira bezala. Hemengoek horrelakorik egingo ez balute bezala. Egingo ez bagenu bezala.
Ezkutatu egiten digute, ordea, lapurren gehiengoa, erasotzaileen gehiengoa, hiltzaileen gehiengoa, hemen sortutakoa dela, bertakoak direla, garela.
Eta kanpoan sortutako horiek ere, dagoeneko, oraintsu edo aspaldidanik, ez dakigu, baina euskal herritarrak direla.

Ustezko lapurrak, erasotzaileak edota hiltzaileak ijitoak, errumaniarrak, beltzak, marokoarrak, brasildarrak, ekuadortarrak edo dena delakoak direla aipatzeak ez dio ekarpenik egiten informazioari, eta egitekotan, etorkinen aurkako jarrerak sustatzea da egiten duen ekarpen bakarra.

Hona hemen zenbait hedabideren webguneak, gaur goizean:

· www.berria.info: “20 urte ditu biktimak, eta jatorriz brasildarra da. Eraikin kanpoan gizonezko bat topatu dute zaurituta; ustezko erasotzailea. Honek 23 urte dauzka eta bera ere Brasilgoa da sortzez”.

· www.gara.net: Tanto la víctima, T.S.N., como el presunto agresor, T.R.S., son de origen brasileño.

· www.diariovasco.com: Una mujer brasileña de 20 años, que responde a las iniciales T.S.M., ha fallecido esta madrugada en Pamplona presuntamente degollada por su pareja, quien después se ha arrojado desde una ventana. El presunto asesino, un joven brasileño de 24 años…

· www.diariodenavarra.es: Una vecina de Pamplona de 20 años de origen brasileño muere degollada por su pareja.
El presunto agresor, de 23 años y también brasileño, intentó suicidarse arrojándose desde un cuarto piso".

· www.elpais.com: Un hombre degüella a su pareja en Pamplona e intenta suicidarse. La víctima y el presunto asesino son de nacionalidad brasileña.

· www.eitb24.com: 20 urteko brasildar bat da zendutakoa (…) Ustezko hiltzailea (23 urteko brasildarra) bere buruaz beste egiten saiatu da…

· EFE agentzia: Joven brasileña muere degollada y el presunto asesino intenta suicidarse.

Iñigo Aranbarrik aspaldi idatzi zuen honi buruz Hizlandian, tesi argi batekin: “zaila zaigu emigrazio mota bat delinkuentziarekin ez lotzea".

08.01.03

15:45:19 , gaRi* , 172 hitz, 153 aldiz ikusia  
Atalak: Kazetaritza

Kazetaritza 2.0

HITZA berrituen aurkezpen ekitaldietan bateko eta besteko Hitzetako zuzendariek eta ordezkariek argi esan zuten: orain arteko kazetaritza eredua zaharkituta dago. Atzean geratzea borondate kontua da, baina aurrera egin nahi bada aldaketa ezinbestekoa da. Etorkizuna hau da.
Kazetaritza 2.0 kontzeptuaz ari ziren guztiak.

Teknologia berriei esker edonor bihurtu da gaur egun informazio sortzaile, eta herritarrek bidalitako argazkiak, sarean zintzilikatutako bideoak eta blogetan idatzitakoak osagai garrantzitsua dira gaur egungo kazetaritzan. Azken batean, behetik gora sortutako kazetaritza da, herritarragoa, parte-hartzaileagoa, eta albisteak hurrengo egunean paperean soilik argitaratzea eredu zaharkitua bihurtu duena.

Azken batean, papera eta sarea elkar-eragileak bihurtzea izango da egunkari eta aldizkari berrien erronka. Esan dugu, ez dago besterik: atzean geratzea borondate kontua da, baina aurrera egin nahi bada aldaketa ezinbestekoa da.

Honen ingurukoa da Mark Briggs kazetariaren Journalism 2.0 liburua, informazioaren aroan bizirik irauteko eta aurrera egiteko gida. Teletipoen eta prentsa oharren notario beharrean kazetari izan nahi duten guztientzako ezinbesteko liburua.

Helbide honetan eskuratu dezakezue PDF formatuan, ingelesez, portugesez edota gazteleraz, doan, Creative Commons lizentziapean.

Irakurri, ikasi eta, bitartekaririk gabe, izan kazetari. Zurea da hitza!

Abuztua 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Paperean tatuatutako hitzak, eguneroko kontuak, kazetaritza, eta beste hamaika begirada...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software