| « Batera jotzea | Ma kou » |
Tatiele de Sousa Neres, hogeita hiru urteko neska gaztea hil du gaur bikotekideak Iruñean. Eta biak sortzez brasildarrak direla esan digute hedabideek. Ia hedabide guztiek.
Udazkenean telefono harien kableak lapurtzen atxilotu zituztenak errumaniarrak ziren.
Oraintsu Eibarren liskar batean beste bat hil zuena ijitoa zen. Ijitoak ziren.
Gaur Iruñean bikotekideari lepoa moztu diona brasildarra zen. Brasildarrak ziren.
Gero eta hedatuagoa dago hedabide gehienetan, horrelakoetan, ustezko lapurren, erasotzaileen edota hiltzaileen sorlekua aipatzea. Baita erasotuen sorlekua aipatzea ere. Baina aipatzen denean, beti dira ijitoak, errumaniarrak, beltzak, marokoarrak, latinoak… Hori aipatuta, ez harritzeko esan nahi digute. Horiek horrelakoak egitea normala balitz bezala, denak zaku berean sartu eta horiek guztiak zibilizatu gabeko piztiak balira bezala. Hemengoek horrelakorik egingo ez balute bezala. Egingo ez bagenu bezala.
Ezkutatu egiten digute, ordea, lapurren gehiengoa, erasotzaileen gehiengoa, hiltzaileen gehiengoa, hemen sortutakoa dela, bertakoak direla, garela.
Eta kanpoan sortutako horiek ere, dagoeneko, oraintsu edo aspaldidanik, ez dakigu, baina euskal herritarrak direla.
Ustezko lapurrak, erasotzaileak edota hiltzaileak ijitoak, errumaniarrak, beltzak, marokoarrak, brasildarrak, ekuadortarrak edo dena delakoak direla aipatzeak ez dio ekarpenik egiten informazioari, eta egitekotan, etorkinen aurkako jarrerak sustatzea da egiten duen ekarpen bakarra.
Hona hemen zenbait hedabideren webguneak, gaur goizean:
· www.berria.info: “20 urte ditu biktimak, eta jatorriz brasildarra da. Eraikin kanpoan gizonezko bat topatu dute zaurituta; ustezko erasotzailea. Honek 23 urte dauzka eta bera ere Brasilgoa da sortzez”.
· www.gara.net: Tanto la víctima, T.S.N., como el presunto agresor, T.R.S., son de origen brasileño.
· www.diariovasco.com: Una mujer brasileña de 20 años, que responde a las iniciales T.S.M., ha fallecido esta madrugada en Pamplona presuntamente degollada por su pareja, quien después se ha arrojado desde una ventana. El presunto asesino, un joven brasileño de 24 años…
· www.diariodenavarra.es: Una vecina de Pamplona de 20 años de origen brasileño muere degollada por su pareja.
El presunto agresor, de 23 años y también brasileño, intentó suicidarse arrojándose desde un cuarto piso".
· www.elpais.com: Un hombre degüella a su pareja en Pamplona e intenta suicidarse. La víctima y el presunto asesino son de nacionalidad brasileña.
· www.eitb24.com: 20 urteko brasildar bat da zendutakoa (…) Ustezko hiltzailea (23 urteko brasildarra) bere buruaz beste egiten saiatu da…
· EFE agentzia: Joven brasileña muere degollada y el presunto asesino intenta suicidarse.
Iñigo Aranbarrik aspaldi idatzi zuen honi buruz Hizlandian, tesi argi batekin: “zaila zaigu emigrazio mota bat delinkuentziarekin ez lotzea".