| « Garai guai haiek | Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [III] » |
Ustekabeko istripu batek saminez bete du asteburu honetan aldameneko herria. Bizitza ametsez beteta zuen 23 urteko gazte bat hil da, larunbat goizaldean, kirol portuaren eta ontziolaren arteko aparkalekuan zegoen autoa uretara erorita.
Bidegabea bezain ankerra izan da istripua, istripu gehienen antzera, eta gaztearekin zegoen neskari, senideei eta lagunei aldi luze batean ezerk ez die beteko ezbehar honek utzitako hutsunea. Horregatik esan behar da, lotsarik gabe, istripua izan den arren, ekidin zitekeen istripua izan dela. Lan istripuak ere istripuak izaten baitira, bidegabeak bezain ankerrak haiek ere, baina ekidin daitezkeenak gehienetan. Lanean norbait hiltzen denean oro har sindikatuek aldarrikatzen duten bezala, patronalaren interes ekonomikoekiko proportzionalak diren lanerako baldintza eskasek eragiten dituzte istripuak. Batzuen negozioa lehenesten da langileen eskubideen eta bizitzaren gainetik.
Istripu mingots honen berri izan orduko otu zitzaidan sindikatuak lan istripuen aurka protesta egitera ateratzen diren modu berean salatu beharko litzatekeela larunbatekoa ere. Etxebizitza eskubidea bermatuta ez dagoenean, espekulatzaileen negozioak eta interesak gazteen eskubideen gainetik daudenean, autoa bihurtzen baita gazteen habia, bikoteen isilpeko bilgune, amodioaren aparkaleku. Kasu honetan bezala. Istripua izan da, noski, baina erantzule zuzenak dituen istripua: kostaldea salgai dutenak, etxebizitzarako eskubidea urratuta dagoela baliatuz negozioa egiteko erreparorik ez duten etxe agentziak, horiek zabaltzeko lizentzia sinatzen dutenak, hori bermatzen duten lege zeharo etikoak, bikoteen ametsak autoetan giltzapetu nahi dituztenak. Hildako bat duzue orain zuen bulego dotoreetan. Espekulahiltzaileak.
[ BERRIA, 2008-05-13 ]