Asteazkenean Egunkariaren itxiera gogoratu eta Iñaki Uria zarauztarrari babesa adierazteko udaletxe aurrean egindako bilkura isila amaitu eta ez zegoen beste komentariorik: “non daude udal arduradunak?", “non ostia daude udal arduradunak?", “non dago alkatea?".
Iñaki Uria zarauztarra atxilotu, torturatu eta 18 hilabetez bahitu egin zuten. Erreskatea ordainarazi zioten baldintzapean aske geratzeko. Tortura salaketak aurrera egin zuen, eta epaitegietan jarraitzen du. Bide batez, eta harira datorrenez, Etzaintzak hainbat lagun zauritu ditu gaur, Donostiako epaitegiaren aurrean torturaren aurka egin den elkarretaratzean.
Egunkariaren aurkako bidegabekeria guztia gogorarazi eta auzipetuek injustiziaren ezpata zorrotza oraindik lepoan dutela nabarmendu nahi zen asteazkenean, eta Iñakiri babesa erakutsi.
Hainbat eta hainbat herritar bezala, ezker abertzaleko hautetsiak agertu ziren bilkurara, eta baita EAko zinegotzi bat ere. Bat. Bakar bat. Gainerako udal ordezkari guztiak, missing, desagertuta, auskalo non. Inork ez du telefonoa hartu Iñakirekin hitz egiteko. Inork ez du mezu bat idatzi Iñaki babesteko. Inor ez da gai izan bi hitz esateko. Inork ez du biktimen arretarako batzordera deitu. Iñaki ez, baina ezta Martxelo, Txema, Pello, Joan Mari edota Xabier ere. Torturatuak ez dira biktimak herri honetan. Torturatuek ez dute erakundeen babesik. Ez Gasteizen. Ez Zarautzen. Ezta hauteskunde kanpainan ere, itxura egiteko bada ere.
Herenegun ez zegoen beste komentariorik bilkura amaitzean. “Ez dute lotsarik". “Patetikoak dira". “Lotsagarria".
Atzo honetaz zerbait idazteko asmoa nuen, baina ezin. Sutan nengoen oraindik. Haserre. Eta barbaridadeak idatzi daitezkeenean, hobe da isiltzea.
Gaur, ordea, Berria egunkaria zabaldu, eta Imanol Epelderen gutun bat aurkitu dut Zuzendariari atalean. Ezin hobeto islatzen du asteazkenean askok eta askok sentitu genuena. Eskerrak batzuk ez diren isiltzen.
Hauek dira Imanol Epelderen hitzak:
Falta ziren
Falta zen goizetan malekoiko buelta eguzkiari emana egiten duen emakume beltzarana, falta zen elektroiei autobideak zabaltzen ibiltzen den elektrizista urduria, falta Uan matxinsaltoka aritzen den gazte ile horia. Falta zen inoiz ekuazio matematikorik ateratzen ez zaion ikasle gaztea, falta igandero mendi osteratxoa egitera irteten den agurea, idazle sonatua eta bertsolaria. Eta batez ere falta zen herriko alkatea, euskara zinegotzia edo herri ordezkari sentitzen den edozein, Iñaki Uria herrikideari esateko «aupa Iñaki, ez haute 40 urterako kartzelara eramango, ahalegin guztiak egingo dizkiagu hori horrela ez izateko», otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria itxi zuten 5. urteurrenean, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan arratsaldeko 20:00etan egin zen elkarretaratzean.

bil nazazu egunkari orri batean
bil nazazu
beldurra baitiot datorren gauari
bakarrik eman beharko ote dugun
hainbeste ordu hainbeste leku
elkar topatu ezinik errari
jar iezadazu egunkari orri bat eskuan
bandera ederra inon ez den herriarentzat
eta loak har nazan ez utzi
amets egiten segi nahi baitut oraindik
neure hitzekin neure herrian luzaro
jar iezadazu egunkari orri bat eskuan
herren ez egiteko
eror ez nadin
ez dezagun inor kondenatu
lehengo egunen iraganmin itsura
bil nazazu egunkari orri batean
hormatu egingo naiz bestela
gauaren hotzean mundutik lekora
bil nazazu egunkari orri batean
bil nazazu
eta maita nazazu gero.
Jose Luis Otamendi, Erlojuen mekanika [Susa, 2007]
Otsailaren 13a da gaur.
27 urte Joxe Arregi hil zela, torturatua izan ondoren.
Ezer ez da aldatu.
Nothing has changed.
Nada ha cambiado.
Rien n’a changé.
This is no time for love in the Basque Country, extend the solidarity.
Ez dago maitasunerako aukerarik Euskal Herrian, zabaldu elkartasuna.
No hay tiempo para el amor en Euskal Herria, extiende la solidaridad.

Torturaren frogak argitaratzea eta, beraz, oraindik ere hemen tortura basatia ohikoa dela erakustea zaila den arren, gaur, kasu berri baten berri izan dugu. Igor Portu lesakarra torturatu dute oraingoan. Donostiako Epaitegiko mediku forentseak azterketa egin dio, txosten horretan oinarrituta Donostia Ospitaleko arta intentsiboko gunean ingresatu dute, Guardia Epaitegiak ikerketa judiziala hasi du, eta zalantzarako batere esparrurik uzten ez duen ospitaleko mediku agiria ere erakutsi digute hedabideek. Hotzikarak eragiteko modukoa, beste behin ere.
Gainerako hitz guztiak soberan daude.
Batzuek, ordea, isilik jarraitzen dute.
El silencio es la más elocuente forma de mentir, abesten du Bebek.
Eta batzuek isilik jarraitzen dute, beste behin ere.
Izan ere, badakite isiltasunak ahalbideratzen duela tortura, froga eta nazioarteko salaketa guztien gainetik. Isiltasunaren konplizitatearekin soilik iraun dezakeela inkomunikazioak. Badakite isiltasunak leuntzen dituela torturatuen oihuak, erabat apaldu arte.
Horregatik, gaur, ez dut isildu nahi.

“Publizitate sexistak emakume heldu nahiz gazteengan eragin handia du. Beste mezu ezkutuen artean, nolako emakumeak izan behar garen adieraziz, arau, rol eta balore zeharo estereotipatuak iraunarazten baititu.
Gabonak gainean ditugu, eta garai hauetan aipaturiko publizitatea areagotu egiten da. Kontrolik gabeko kontsumismo batera bultzatzen gaituzten mezuak edonon aurki ditzakegu kalean, komunikabideetan, dendetan, aldizkarietan…
Bestalde, haurrek egokitutako rol eta baloreak bete-betean barneratzen dituzte milaka iragarkietan ikusitako irudi eta entzundako mezu sexisten ondorioz”.
Euskal Herriko Bilgune Feministaren agerraldi batean izan naiz oraintxe.
Izan ere, eguberrien atarian ohikoa duen kanpaina aurkeztu dute BFko kideek. Emakumeen duintasunaren aurkako publizitate sexistak iraun egiten du, eta haurrengan rol eta balorre sexistak barneratzen dituzten opari eta iragarkiak gehitu egiten dira eguberrien atarian.
Batzuei berdin izango zaie akaso zer eta nola saldu nahi diguten. Guri ez.
Horregatik, zentzumena zorroztu beharko dugu egunotan, zerbait erosten dugun bakoitzean hautatzen baitugu zer-nolako mundua eta gizarte eredua nahi dugun.
Oraintxe irakurri diat hiri buruzkoa, Haimar, eta besarkadak, besarkadak eta besarkadak bidaltzeko gogoa besterik ez zaidak etortzen, Algortara, Basauriko kartzelara edota eramango hauten zuloraino, besarkadak. Hiretzat, senideentzat, eta lagunentzat.

Zarauzko hondartzara begiratu, eta hi ere falta haizela sentituko diagu aurrerantzean.
Batzuentzat
Jesukristo gurutzera
(lapurren artean)
igo zenean,
hasten da historia.
Beste batzuentzat, aldiz,
Leninek —txapela kenduz—
«Botere osoa sovieterako»
deiadar egin zuenean,
Finlandiako geltokian.
Niretzat
David Bowiek ilea moztu zuen
egunean.
Poema horrekin hasten da Xabier Montoiak 1983an Susa argitaletxearen eskutik argitaratutako Anfetamiña liburua.
Institutuko lehen ikasturtean eskuetara iritsi zitzaigun liburu harekin hasi zen guretzat euskal literaturaren historia, eta eskolan kirofanoko langileak bagina bezala irakurrarazten zizkiguten liburuez aparte, gustura irakurtzeko moduko liburu indartsuak bazirela ohartu ginen.
Susa argitaletxearen liburuak deskubritu genituen garai hartan, Xabier Montoia, Omar Nabarro, Koldo Izagirre eta beste batzuei esker. Liburu haietako bat zen 1985ean argitaratutako Beteluko balnearioko mirakulua antzezlana, Mikel Antzak eta Iñaki Uriak idatzitakoa, eta Susaren antzerki sailean bigarrena.
Garai batean, Zarauzko Branka taldeak antzeztu zuen herrietan barrena. Zehazki, zarauztarrentzat propio idatzi zuten Antzak eta Uriak, eta iaz Txotx taldea hasi zen antzezlan hau bera taularatzen. Etenaldi baten ondoren, egunotan antzezlan horren beste hiru emanaldi egingo ditu Txotx taldeak.
Gaur, esaterako, Ikaztegietako kiroldegian ikusi ahal izango da emanaldia.
Bihar, 22:00etan, Zarauzko Gaztetxean, Putzuzulo amets fabrikak, Urola Kostako HITZAk eta AEK-k elkarlanean antolatu duten Euskarastearen baitan.
Hilaren 21ean, berriz, Gasteizko Gaztetxean ariko da Txotx taldea.
Hiru aukera berri, beraz, aspertzeko aukerarik ematen ez duen garai bateko fartsa berezi hau ikusteko.
Zarauzko emanaldian, ikusleen artean izango da bi egileetako bat: Iñaki Uria. Egunotan makuluekin eta mugitu ezinik dabilen arren, “nola edo hala” iritsiko omen da Gaztetxera, antzezlana ikusteko gogotsu. Izan ere, oraindik ez du aukerarik izan Txotx taldearen bertsioa ikusteko, eta “gustura” ikusiko du biharkoa. “Branka taldea lan honekin hasi zenean, Zarautzen estreinatu zen lehen aldiz, Zinema pilotalekuan”, eta hura ikusita du Uriak, baina ez Txotx taldearena.
Mikel Antzaren moduan, arrazoi bategatik edota besteagatik norbaitek egunotako hiru emanaldiak ikusteko aukerarik ez badu, hemen irakur dezake antzezlana, osorik:
Espainiako Auzitegi Nazionalak 18/98 auziko 46 lagun atxilotzeko agindua eman du, eta Espainiako Polizia hasi da auzipetuak atxilotzen.

ez dakit zergatik itzuli den negua,
baina herdoildu gabeko malkoekin
dabiltza errotak berriro,
eta ez dirudi eguna erretiratzen denean
euriak amore emango duenik.
gaur ez du atertuko. badakit.
tenporek ez dute hutsik egiten
ametsetan ere
giltzapean ikusten zaitudanean.
Azken Portun eraiki asmo duten Polikulturala diseinatzeko Coop Himmelblau estudioa hautatu dutela irakurri dut oraintxe Urola Kostako HITZAren webgunean.
Hau irakurri orduko, iaz euskarazko astekari baterako idatzitako artikulua etorri zait gogora, eta kontu bategatik edo besteagatik azkenean argitaratu ez zenez, hemen doa, bere horretan:

AZKEN PORTUKO TXORIMALOA
Bere sorterriaren historia biltzen duen lan mardula argitaratu zuen adiskide batek duela zenbait urte, eta gogoan ez dudan norbaiten esaldia paratu zuen lehen orrialdean: “Unibertsala izan nahi baduzu, konta ezazu zure herriaren historia”. Azken batean, norberaren herriaren historiak osatzen baitu, aleka aleka, munduaren historia eta, hein batean, era berean, munduaren historia ere islatzen da bazter galduenetako herrialderik urrunenean ere.
Gure auzoaren kasuan, munduaren historiaren isla hutsa baino zerbait gehiago da azken urteotako garapena aztertzea, eta horren baitan azken hilabeteotako ekimen bat hartu nahi dut hizpide. Lehen ere esan eta idatzi izan dugu beste nonbait: Azken Portukoak gara. Hiri turistikoaren beste aurpegia da gurea. Trenbidearen beste aldea. Aparkalekua. Garai batean nekazarien auzoa zen, eta guk ere baserriekin eta lur sailekin dugu gogoan haurtzaroko oroitzapenetan.
Ordurako, ordea, eraikiak zituzten orain bezala bizimodu hobearen bila lurralde berrietara iritsi zirenentzako eraikinak, erlauntzak, langileen etxeak. Gurearen izena beharrean, Santutxu, Txantrea, Molinao, Otxarkoaga edo beste hamaika jar daitezke behin honaino iritsita, baina olatuak eta ardiak ia postal berean erakustea ere suertatu zitzaionez gureari, azken hamarkada hauetan gero eta enbata basatiagoa bihurtu da espekulazioa.
Desagertu dira dagoeneko larreak eta txabolak. Guk ezagutu genituen baratzak eta baserriak, taberna zaharrak, ohiturak. Haurrek kalean ez dute lehen bezala jolasten. Aldatu egin da ingurua, zeharo. Aldatu egin dute. Lurra lantzen eta uzta jasotzen irakatsi beharrean, erosten erakutsi digute. Ezabatu egin dizkigute geure kabuz elikatzeko azken metro koadroak ere. Ekoizten duten nekazariak ez dira negozioa. Plastikoa ere kontsumitzen duten hiritarrak, aldiz, bai. Era berean, esan beharrik ere ez dagoen arren, tomateak eta piperrak baino askoz gozoagoa da eraikuntza enpresa handiek ordaintzen duten lurra.
Naturala dirudien aldaketa eman da, bada, azken urteotan paisajean. Baina ez da naturala. Kapitalismo suntsitzailearen logikan soilik izan daiteke naturala. Autoekoizpena, elikatzeko gaitasuna, nekazaritza, eta mendeetan zehar emankorrak izan diren lurrak desagerrarazteari eraikitzea deitzen diote orain hirigintza zinegotziek, eta guri normala iruditzen zaigu, naturala.
Horregatik, eskertzekoa da gure auzoko gazteek azken hilabeteotan abian jarritako ekimena. Aspaldian utzita eta ahaztuta zegoen udal jabetzako lur sail handia hartu, eta auzolanean parke eder bihurtu dute, lore, zuhaitz, txalupa, eserleku eta baratzarekin, besteak beste. Hiri turistikoaren aparkalekuan, porlanaren erdian, esperantzari zabaldutako metro koadro herrikoiak eraiki dituzte. Udaberrian ereindakoak uzta eman du dagoeneko: azelgak, azenarioak, letxugak, porruak, tomateak, piperrak, babarrunak, perrexila eta abar non eta nola hazten diren ikusi eta ikasi dute haur eta gazte askok lehen aldiz. Ilargiaren zikloak, goldatzeko garaia, ereiteko sasoiak, auzolanean berreskuratu eta ezagutu dituzte aurten gurean.
Udaren atarian, zenbait gaztek txorimaloa ere jarri zuten baratzaren erdian, eta oharkabean txorimalo hori bihurtu da aurten auzoko jaien ikurra, egitarauaren azala, txarangaren aurretik paseoan ibili duten ustekabeko gonbidatua. Azken Portuko txorimaloa, azken batean, oihal zaharrekin eta borondaterik onenarekin egindako panpina maitagarria baino zerbait gehiago baita.
Inork ez du esan, inor ez da asaldatu, baina desagertzeko zorian dagoen babestu beharreko espeziea baita txorimaloa. Dirutza balio duten etxebizitza garestien eta eraikin handien herrian, oraindik legezkoak diren inmobiliarien kulturan, aurrehistoriaren aztarna dirudi txorimalo batek. Ez baita goldatzeko, ereiteko eta zaintzeko lurrik geratzen ia. Porlanak estali du guztia.
Horregatik da ederra aurtengo udaberrian abiarazitakoa. Lur bat gure minari. Baina, era berean, lur bat gure esperantzari. Lore, parke, barazki eta, batez ere, nekazari berriak. Kalekumeak denak, baina oharkabean egundoko ikasgaia ulertu dutenak, auzotarrekin konpartituz: eraiki eta sortu aditzak porlanaren antonimoak direla ezinbestean.
Ezer ez zegoen lekuan Ama Lurraren taupadak eta koloreak ageri dira orain gure auzoan, zuhaitz, lore eta barazkietan islatuta. Haurrak ibiltzen dira paseoan, bikoteak jolasean, adinekoak paseoan. Auzolanak eguzkiloreak ekarri ditu Azken Portura. Eta hiri turistikoaren parke alaiena eta herrikoiena bihurtu da gurea. Lurra zaintzen irakasle eta eredu izan diren klaratarren komentuaren aldamenean. Haienean porlanak ez baitu oraindik ezer “eraiki”, eta mojen lur sailak, baratzak eta lan iraunkorra izan dira begiak zabaltzeko aurrean izan ditugun ispiluak.
Eskolan inoiz erakutsi ez diguten kontu ugari ikasi dugu aurten ere.
[ 2006ko abuztua ]