| « Akritikoak | Alkatea, euskara zinegotzia, udal ordezkariak... » |
Kuban, iraultza gailendu zenean, errebeldeek gotorleku militarrak eta kuartelak mendean hartu eta askatasunaren eskola bihurtu zituzten. Lehenengoa Fidelek inauguratu zuen, eta orduan eskaini zien hitzaldi oso bat haurrei lehen aldiz. Hitzaldi hartan, besteak beste, iraultzaile onak izateko ikasi egin behar dela nabarmendu zuen komandanteak, ikasten ez duenak, nahi izanda ere, ez baitaki gauzak ongi egiten.
Marrazki ederrekin osatu eta liburu moduan argitaratu zuten hitzaldi hura geroago, eta oraindik ere Kubako eskola askotan oinarrizko irakurgai preziatua da. Itsasoa zeharkatu, isiltasuna hautsi eta lan hura euskarara ekarri genuenean apur bat gehiago ezagutu eta maitatu genuen Fidel. Hitzaldi hura eman zuenean errebelde bizardun haien amets hutsak zirenak, denborarekin iraultzaren benetako taupadak bihurtu ziren: eskolarik gabeko haurrik ez, ospitalerik gabeko gaixorik ez, eskubiderik eta heziketarik gabeko herritarrik ez, erantzunik gabeko bidegabekeriarik ez eta, batez ere, duintasunik gabeko herririk ez.
Ordudanik, zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, blokeoak blokeo eta gezurrak gezur, Kuba ispilu eguzkitsua izan da kapitalismoaren diktadura basatitik kanpo bestelako mundu bat aldarrikatzen dugun askorentzat. Askatasunaren Eskola den uhartea. Haientzat ez da erraza, konpai, baina gainerako guztia, haiek gabe, apur bat tristeagoa litzateke. Gainerako guztia, Fidel gabe, apur bat ilunagoa litzateke.
Ez da uztaila. Baina gaurkoa bezalako egunetan, eguzkia sentitu orduko ezin izaten diot abesteko tentazioari eutsi: para nosotros siempre es 26…
[ BERRIA, 2008-02-26 ]