| « Euskara ofiziala | Uretako sugeak » |
Astelehenero elkartzen dira, lehen orduan, Aneren aholkuak entzutera, lasaitzera, ariketak egitera, elkarrekin egotera, sentitzen dutena adieraztera eta ikastera. Irune, Ainara, Edith, Josune, Eider, Amaia, Elbira, Naiara eta beste zenbait emakume dira, eta haurdunaldiaren azken asteetan daude guztiak.
Astelehenero elkartzen dira, lehen orduan, baina ez dira amagai bakarrak. Badira lehenago bildu direnak ere. Eta geroago iritsiko direnak. Edota hauen antzera, ama izatearen esperientzia, edertasuna eta beldurra orain bizi dutenak, baina beste talde batzuetan, beste herri batzuetan, beste baldintza batzuetan.
Beharbada ez dira konturatzen, baina beraiek gabe hutsalak dira enpresarien aurreikuspenak, alderdien kalkuluak, plan estrategikoak eta etorkizunari lotutako egitasmo guztiak. Zenbakiek, interesek, diruak, ikerketek eta gainerakoek ez dute ezertarako balio amagairik gabe. Ezinbestekoak dira.
Hala ere, urteko lehenengoak eta antzeko salbuespen bereziak kenduta, oro har ez dute egunkarietako titularretan edo lerro galduetan lekurik. Hilketak albiste dira, eta izan behar dute. Heriotza albiste da. Baina jaiotzen protagonistek, erditzen diren emakumeek, omenaldirik gabe sortzen dute etorkizuna. Isilpean ekartzen dute bizitza munduarentzat.
Horregatik, miresmenez esertzen naiz astelehenero haien ondoan, Haimarrekin, Fabriziorekin eta ahal dutenean agertzen diren gainerako bikoteekin batera, dagokigun apaltasunarekin. Izan ere, ikasgai aberatsa da historiaren benetako protagonistei begira erabateko inutila sentitzea.
[ BERRIA, 2008-04-01 ]