« Askatasunaren EskolaEgunkari orri batekin »

08.02.22

13:04:19 , gaRi* , 368 hitz, 274 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Alkatea, euskara zinegotzia, udal ordezkariak...

Asteazkenean Egunkariaren itxiera gogoratu eta Iñaki Uria zarauztarrari babesa adierazteko udaletxe aurrean egindako bilkura isila amaitu eta ez zegoen beste komentariorik: “non daude udal arduradunak?", “non ostia daude udal arduradunak?", “non dago alkatea?".

Iñaki Uria zarauztarra atxilotu, torturatu eta 18 hilabetez bahitu egin zuten. Erreskatea ordainarazi zioten baldintzapean aske geratzeko. Tortura salaketak aurrera egin zuen, eta epaitegietan jarraitzen du. Bide batez, eta harira datorrenez, Etzaintzak hainbat lagun zauritu ditu gaur, Donostiako epaitegiaren aurrean torturaren aurka egin den elkarretaratzean.

Egunkariaren aurkako bidegabekeria guztia gogorarazi eta auzipetuek injustiziaren ezpata zorrotza oraindik lepoan dutela nabarmendu nahi zen asteazkenean, eta Iñakiri babesa erakutsi.

Hainbat eta hainbat herritar bezala, ezker abertzaleko hautetsiak agertu ziren bilkurara, eta baita EAko zinegotzi bat ere. Bat. Bakar bat. Gainerako udal ordezkari guztiak, missing, desagertuta, auskalo non. Inork ez du telefonoa hartu Iñakirekin hitz egiteko. Inork ez du mezu bat idatzi Iñaki babesteko. Inor ez da gai izan bi hitz esateko. Inork ez du biktimen arretarako batzordera deitu. Iñaki ez, baina ezta Martxelo, Txema, Pello, Joan Mari edota Xabier ere. Torturatuak ez dira biktimak herri honetan. Torturatuek ez dute erakundeen babesik. Ez Gasteizen. Ez Zarautzen. Ezta hauteskunde kanpainan ere, itxura egiteko bada ere.

Herenegun ez zegoen beste komentariorik bilkura amaitzean. “Ez dute lotsarik". “Patetikoak dira". “Lotsagarria".

Atzo honetaz zerbait idazteko asmoa nuen, baina ezin. Sutan nengoen oraindik. Haserre. Eta barbaridadeak idatzi daitezkeenean, hobe da isiltzea.

Gaur, ordea, Berria egunkaria zabaldu, eta Imanol Epelderen gutun bat aurkitu dut Zuzendariari atalean. Ezin hobeto islatzen du asteazkenean askok eta askok sentitu genuena. Eskerrak batzuk ez diren isiltzen.

Hauek dira Imanol Epelderen hitzak:

Falta ziren

Falta zen goizetan malekoiko buelta eguzkiari emana egiten duen emakume beltzarana, falta zen elektroiei autobideak zabaltzen ibiltzen den elektrizista urduria, falta Uan matxinsaltoka aritzen den gazte ile horia. Falta zen inoiz ekuazio matematikorik ateratzen ez zaion ikasle gaztea, falta igandero mendi osteratxoa egitera irteten den agurea, idazle sonatua eta bertsolaria. Eta batez ere falta zen herriko alkatea, euskara zinegotzia edo herri ordezkari sentitzen den edozein, Iñaki Uria herrikideari esateko «aupa Iñaki, ez haute 40 urterako kartzelara eramango, ahalegin guztiak egingo dizkiagu hori horrela ez izateko», otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria itxi zuten 5. urteurrenean, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan arratsaldeko 20:00etan egin zen elkarretaratzean.

7 erantzun

Erantzuna from: Imanol [Bisitaria]
Agintearen makila eskuartean lasai hartzen badute horrela, agian hobe da hor ez egotea. Ez hor eta ez beste inon.
08.02.25 @ 13:16
Erantzuna from: 27zapata [Bisitaria] · http://www.27zapata.com
Nola etorriko dituk ba "periodikua" leitzen segitzen baditek... (ikus 27zapata.com)
08.02.25 @ 17:19
Erantzuna from: josu [Bisitaria]
Erabat ados nago zurekin udaletxekoen ausentzia lotsagarria
dela esaten duzunean. Niri ere ulerkaitza egiten zait. Eta
patetikoa. Hala ere, bestaldetik, zenbait aldarrikapen
faltan ez, baizik eta soberan zeudelakoan nago. Eta hori
dela eta nik ere badakit elkartaratzera joan eta zenbait
pankarta ikusitakoan etxera bueltatu zenik ere izan zela.
Eta ez udaletxeko jendea; edo jende politikoa; kaleko jende
normala baizik, inongo partiduri leialtasunik zor ez dion
horietakoa. Horrelakoek laguntzen al dute egunkariakoek eta
denok nahi dugun babes zabala lortzen? Bakoitzak egin beza
bere hausnarketa.
08.02.26 @ 09:52
Erantzuna from: Mikel [Bisitaria]
Josu: elkarretaratze hartan pankarta bakarra zegoen. Ez hasi gauzak nahasten.
08.02.26 @ 10:30
Erantzuna from: josu [Bisitaria]
Ongi da. Arrazoi duzu, "pankarta" bakarra zegoen, eta
zuzendu egiten dut esandakoa. Jende artean baziren presoen
aldeko bospasei "kaltel makiladun" edo "estandarte"... ez
dakit nola esan. Eta pankarta esan badut nire asmoa
ez da inondik inora gauzak nahastea izan ezta alferreko
eztabaidarik sortzea ere (bestela ere, baditugu hamaika
horrelakoak). Zuzenketa egin ondoren, ordea, lehen neukan
zalantza berdina jarri nahi nuke mahai gainean, inork bere
iritzia eman nahiko balu behintzat. Eta errepikatu egiten
dut: ez daukat inor nahasteko ez alferreko eztabaidarik
sortzeko asmorik. Nere egiazko kezka adierazi beste asmorik
ez nuen. Hori bai, hurrena iritzia bapatekotasunetik idatzi
beharrean saiatuko nahiz hitzak gehiago neurtzen, gaizki
ulerturik izan ez dadin.
08.02.26 @ 10:55
Erantzuna from: Mikel [Bisitaria]
Ondo, Josu. Eskerrik asko zuzenketagatik. Orain ulertu dut. Herriko lau preso politikoen argazkiak zituzten lau lagun zeuden kontzentrazioan. Alegia, konzentrazio hartan egon ezin zuten herriko lau lagunen argazkiak. Batzuei ez zaiela gustatzen haien ondoan egotea? Beste batzuei ere ez zaie gustatuko akaso beste batzuen ondoan egotea, baina horrelakoak dira kontzentrazio pluraleguaiak, ezta? Begirada faltsuak, elkarren ondoan. Egunkariak behar duen babes zabala lortzen laguntzen duten horrelakoek, ez dakit, baina hori da babes zabala, hain zabala batzuek besteen ondoan ez direla ondo sentitzen.
Patxi Baztarrika ere ez da ondo sentitzen Egunkariakoen ondoan. Begira, bestela, zer idatzi duen. Norbaiten hiletara joan eta alargunari hildakoari buruz kristorenak eta bi esaten hasi da. Horrelako babesa onartu egin behar da? Laguntzen du babes zabala lortzen? Ala horrelakoak elkarretaratze horietara joaten direlako beste askok eta askok paso egiten dute?

Besarkadak auzipetuei, eta Egunkaria libre!
08.02.26 @ 11:14
Erantzuna from: josu [Bisitaria]
Ondo, Mikel. Nik ere ulertu dut ez duzula nire kezkarekin
bat egiten. Baina "Egunkaria libre!" esatea mezu bat
bukatzeko modua izateaz haratago, Egunkariaren arazoa
konpontzea indarrak metatu gabe ezinezkoa dela iruditzen
zait. Eta indarrak metatuta ere, nahiko lan! zoritxarrez.
08.02.26 @ 12:49

Erantzun


Your email address will not be revealed on this site.

Zure URL-a erakutsiko da.
(Line breaks become <br />)
(Name, email & website)
(Allow users to contact you through a message form (your email will not be revealed.)
This is a captcha-picture. It is used to prevent mass-access by robots.
Please enter the characters from the image above. (case insensitive)
Uztaila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Paperean tatuatutako hitzak, eguneroko kontuak, kazetaritza, eta beste hamaika begirada...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software