08.06.03

11:22:44 , gaRi* , 225 hitz, 236 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Parrila usainean

Azken hamarraldietan Getarian haurra izan den edonork memoriaren mapan gordeta izango du Pedro Arregi parrilari lotutako irudia, eta baita parrila hartatik atera eta kresalarekin elkartzen zen arrain errearen usaina ere, sorginkeriaz betetako lurrina balitz bezala. Oteizak hain gustukoa zuen usain hura, oraindik ere, Getariaren bereizle nabarmenetakoa da, eta Pedro Arregi da, hein handi batean, usain magiko horren erantzuleetako bat. Bisigua, berdela, mihi-arraina, erroboiloa, itsaskabra, barbarina, lupia, antxoa… miraria bihurtu daiteke edozer Arregiren eskuetan, baita arraina hain gustukoa ez dugunontzat ere.

Horregatik, hitzik galdu gabe, otordu fina balitz bezala dastatu nuen egunkari honek herenegun hari egindako elkarrizketa. Testuan utzi zizkigun amuetan harrapatu ninduen berehala. Angulen aldean, dudarik gabe, antxoak nahiago dituela. Lehengai ona izatea eta hura ongi mimatzea dela sekretu ia bakarra. Edota arrain freskoa, gatza eta parrila besterik ez dela behar horretarako.

Erraz igartzen omen dio arrainari: “Begiratu beti begietara, aurrez aurre pertsonei bezala, eta bizi-bizi badaude, distira egiten badute, freskoa izango da, triste badaude, berriz…”. Libreta horian aspaldi irakurritako hitzekin akordatu nintzen berehala. Idazleak jende askoren distira ikusi duela itzaltzen azken urteotan, kantu bat desagertzen denean bezala, lagunen aurpegiak ilunpeak estalita utzi arte. Eta harrigarria egin zitzaidan, hilda dauden arrainek begiak bizirik izan ditzaketen bitartean, bizirik omen dauden lagunek nola izan ditzaketen begiak hain hilda, distirarik gabe.

Beharbada, arrainaren erdiko trontzoari helduko zioten haiek, guk begi likatsu eta zaporetsuak zupatzea gustukoagoa genuen bitartean…

[ BERRIA, 2008-06-03 ]

Ekaina 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30            

Paperean tatuatutako hitzak, eguneroko kontuak, kazetaritza, eta beste hamaika begirada...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software