Iturri ezberdinetatik bi aldiz epaileak gure eskaera ez duela onartu jakin ondoren, Getariako Bake Epaitegira jo dut gaur goizean, ea hori benetan horrela den galdetzera. Baietz esan didate, erantzun hori jaso dutela Azpeitiko epaitegitik: epaileak ez duela gure eskaera onartu eta, beraz, haurra euskaraz erregistratu ahal izateko Getarian ez dugula ez euskarazko libururik eta ez haurra euskaraz erregistratzea bermatuko duen behin-behineko beste ezer izango.
Hori entzunda, epaitegiaren erantzun ofiziala idatziz jaso nahi dugula esan diet, hurrengo urratsak eman ahal izateko. Epailearen aurkako salaketa, esate baterako.
Izan ere, hiztegira jo eta hau aurkitu dut:
prebarikazio
iz. ZUZ. Funtzionarioek edo justiziarekin erlazioa duten langileek, maleziaz beren karguak edo lanbideak dituen eskakizunei uko egitean edo hauek behar bezala ez betetzean datzan delitua.
Argiago, ezin.
Alegia, epaileak badaki legeak haurra euskaraz erregistratzeko eskubidea aitortzen digula (besteak beste, lege horren kopia ere pasatu geniolako eskaerarekin batera), eta legeak dioena baztertzean, gure eskakizunari uko egitean eta dagokion lana behar bezala ez betetzean prebarikazio delitua egiten ari da.
Hurrengo urratsa, beraz, epailearen aurkako salaketa bideratzea izango da, eta salaketa horrentzat ahalik eta babes handiena lortzea.
Kontu honen inguruko beste atalak:
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [I]
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [II]
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [III]

Annapurnara igotzeko ametsak hil duela entzun orduko hasi zara hari buruzkoen bila, eta zenbait egun lehenago milaka metroko altueran elur artean idatzi eta zortzi egun lehenago egunkari batean argitaratu zituen hitzetan aurkitu duzu guztiaren erantzuna.
Annapurna mendiari buruzkoak lehenik, bizitzan sorgintzen gaituen edozeren metafora bezala. Begirada baten, bihotz baten edo irribarre baten edertasuna, eta horrek gu erotzeko duen indar eutsiezina. “Behean zaudenean ohartzen zara berdin dela gailurra egiten duzun ala ez, ezer ez da aldatuko bi kasuetan. Harrotasunez distira egiten duen gailur horrek gure handikeria soilik neurtzen du. Batzuetan nire desioengandik aske izan nahi nuke, edozein budista bezala, eta inguratzen nauen edertasuna begiratuz soilik izan zoriontsu, gora igotzeko beharrik gabe. Baina mendi ederregia da hau, eta ni gizon ahula, eta desioa hainbeste hazi denez, dagoeneko kontrolaezina da”.
Ametsak lortzeko ahaleginari buruzkoak ondoren. Saiatzeaz. Ekiteaz. Borroka egiteaz. Ibiltzeko balio duen utopiaz. “Gerlari japoniarrek, samuraiek, garaipenik handiena borrokarik egin gabe lortutakoa dela diote. Ez dakit hemen horrela izan litekeen. Esaterako, amaieraraino borroka egin duten gure lagun errusiarrak gailurrik gabe itzuli dira. Menderatuak? Hamabi egun igaro dira beheko kanpalekutik atera zirenetik, eta itzuleran haietako bakoitzak beste pertsona bat dirudi. Etxera doaz, triste, baina haien begietan nireek oraindik ez duten distira sumatzen dut. Nireek laster izango dute. Borroka egin ondoren soilik”.
Dudarik gabe, 7.400 metrotan eta itxita geratu arren, distira hori izango dute beti Iñaki Otxoa Olzaren begiek.
[ BERRIA, 2008-05-27 ]
Haur bat besterik ez nintzen arren, nire izenean kontu korronte bat zabaldu eta banku batek nire dirua gordetzeko eta kudeatzeko oniritzia munduko borondaterik onenarekin emango zuen norbaitek. Nik ere munduko ilusio handienarekin itsasten nituen gero banku hark haurrak bere sareetan iraun genezan asmatzen zituen bildumen kromoak. Gipuzkoako mendiak, fosilak, onddoak eta antzekoak ematen zizkiguten gure kontura diru kopuru bat sartu ondoren soilik lor genitzakeen koloretako orrialdeetan. Haiek guraizeekin moztu eta bilduma osatzean, motxilak, kometak eta antzeko opariak ere jasotzen genituen. Guai zen banku hura.
Haur bat besterik ez nintzen arren, borondaterik onenarekin jantziko ninduen norbaitek marinelez, eta aldez aurretik apaizaren aurrean belaunikatu eta konfesatu ondoren, lehen aldiz jaunaren gorputza gustura hartzeko konbentzituko ninduten. Zintzo aurpegiarekin atera zizkidaten argazkiek, egun hartan jasotako hainbat oparik, senide guztiekin egindako bazkari ederrak eta, batez ere, bizikleta gorri hark kristau ona bihurtu ninduten urte batzuetarako. Guai zegoen hostiak jasotzea.
Urte asko pasatu eta gero ohartu nintzen, askoz geroago, ez zela hain guaia haiekin harremanak erabat hausteko eta nire izenean zentimo bakar bat kobratu ez zezaten sinatu beharreko paper guztiak lortzea eta egin beharreko tramite guztiak betetzea. Ordudanik mesfidantza eragiten didate interes ekonomikoengatik haurrak lortzeko ahalegina egiten duten elkarte eta erakunde guztiek. Batez ere oraindik gizartearen eta legeen oniritzia dutenean.
[ BERRIA, 2008-05-20 ]
Ustekabeko istripu batek saminez bete du asteburu honetan aldameneko herria. Bizitza ametsez beteta zuen 23 urteko gazte bat hil da, larunbat goizaldean, kirol portuaren eta ontziolaren arteko aparkalekuan zegoen autoa uretara erorita.
Bidegabea bezain ankerra izan da istripua, istripu gehienen antzera, eta gaztearekin zegoen neskari, senideei eta lagunei aldi luze batean ezerk ez die beteko ezbehar honek utzitako hutsunea. Horregatik esan behar da, lotsarik gabe, istripua izan den arren, ekidin zitekeen istripua izan dela. Lan istripuak ere istripuak izaten baitira, bidegabeak bezain ankerrak haiek ere, baina ekidin daitezkeenak gehienetan. Lanean norbait hiltzen denean oro har sindikatuek aldarrikatzen duten bezala, patronalaren interes ekonomikoekiko proportzionalak diren lanerako baldintza eskasek eragiten dituzte istripuak. Batzuen negozioa lehenesten da langileen eskubideen eta bizitzaren gainetik.
Istripu mingots honen berri izan orduko otu zitzaidan sindikatuak lan istripuen aurka protesta egitera ateratzen diren modu berean salatu beharko litzatekeela larunbatekoa ere. Etxebizitza eskubidea bermatuta ez dagoenean, espekulatzaileen negozioak eta interesak gazteen eskubideen gainetik daudenean, autoa bihurtzen baita gazteen habia, bikoteen isilpeko bilgune, amodioaren aparkaleku. Kasu honetan bezala. Istripua izan da, noski, baina erantzule zuzenak dituen istripua: kostaldea salgai dutenak, etxebizitzarako eskubidea urratuta dagoela baliatuz negozioa egiteko erreparorik ez duten etxe agentziak, horiek zabaltzeko lizentzia sinatzen dutenak, hori bermatzen duten lege zeharo etikoak, bikoteen ametsak autoetan giltzapetu nahi dituztenak. Hildako bat duzue orain zuen bulego dotoreetan. Espekulahiltzaileak.
[ BERRIA, 2008-05-13 ]
Irratian ia goizero entzuten dut Elebideren iragarkia, hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzua dela eta nire hizkuntz eskubideren bat urratuta sentitzen baldin badut beraiekin harremanetan jartzeko aholkatuz.
Aste honetan, beraz, berriro idatzi diet, pasa den astean eskubide urraketa baten berri eman niela eta konpon dezaten dagokiena egiteko eskatu niela gogoratuz, eta ez dudala erantzunik jaso esanez. Oraingoan erantzun didate. Atzo (2008-05-08) j nuen Elebideren mezua, ‘intzidentzia’ onartu dutela esanez, eta nire kexaren berri emateko Justizia Ministerioarekin harremanetan jarriko direla esanez.
Hau da Elebidek atzo helarazi zidan mezua:
Intzidentzia onartu egin dugu
Jaun hori:
Jaso dugu zure kexa Elebide, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuan, eta, alde horretatik, mila esker eman nahi dizkizugu gurekin harremanetan jartzeagatik.
Jakinarazpen honen bidez, intzidentziari 364252 erregistro zenbakia esleitu zaiola adierazten dizugu. Hemendik aurrera, erregistro zenbaki hori erabiliko dugu gure arteko harreman eta kontsultetan.
Horretaz gain, jakizu ez dugula zure datu pertsonalik zabalduko (Datuen Babeserako 15/1999 Lege Organikoari jarraiki), eta zenbaki hori bera erabiliko dugula dagokion erakundearekin harremanetan jartzeko.
Justizia Ministerioarekin jarriko gara harremanetan zure kexaren berri eman eta legezko betebeharrak gogorarazteko.
Berriren bat dugunean jakitera emango dizugu.
Agur bero bat.
ELEBIDE, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko ZerbitzuaHizkuntza Politikarako SailburuordetzaEusko JaurlaritzaTel:012@: elebide@ej-gv.es
Batetik, irratiko iragarkian eskubide urraketa zena ‘intzidentzia’ bihurtu dute orain. Bestetik, nik ez nuen inolako kexarik aurkeztu, eskaera baizik, gure haurraren eskubideak berma zitzaten eskatuz. Erakunde publikoak herritarren eskubideak bermatzeko daude, eta ez horiek urratzen direnean herritarren kexak eta purrustadak jasotzeko. Ni ez naiz inon kexatu, gure haurra euskaraz erregistratzeko eskubidea bermatzeko eskatu dut, besterik ez.
Arartekoari dagokionez, pasa den astean (2008-04-29) jaso genuen erantzuna:
ARARTEKO
Prado, 9 Telef: 945-13 51 18
01005 VITORIA/GASTEIZ Fax: 945-13 51 02
Jaun hori:
Zure kexa idazkia e-mailez jaso dudala egiaztatzen dizut. Ahalik eta lasterren emango dizugu erantzun bat. Idazki horren tramitazioa dela-eta izango ditugun harremanetan, gu behintzat, ohiko postaz baliatuko gara hemendik aurrera.
Begirunez.
ARARTEKOA
Iñigo Lamarca Iturbe
Atzo, berriz, Getariako Bake Epaitegira joateko hots egin zigun bertako erregistro zibileko arduradunak, eskaera erregistratu genuenean idazkaria bajan zegoela, eta haren sinadura behar dutela eskaeraren kopia guztiek, eta ea guk genituen kopiak eraman genitzakeen idazkariak sinatzeko.
Eskaeraren eta Bergarako autoaren kopiak eraman genizkion, eta azkenean haiek ere sinatu zituen idazkariak. Erregistro zibileko arduradunak ‘berandu’ gabiltzala esateko lotsarik ez zuen izan atzo, haurra hemendik hiru bat astera jaioko dela aurreikusita. Berandu? “Badakizu teorian euskara noiztik den ofiziala Getarian? Zuek zabiltzate berandu, 30 urte!”. Ez zuen beste erantzunik merezi.
Azkenik, kasuaren jarraipena egiteko beharrezkoa dutenez, Behatokiari gaur helarazi diogu erregistroko sarrera zigilua duen eskaeraren kopia.
Ikusten duzue: haurra iritsi baino askoz lehenagotik, paperak batera, mezuak bestera, faxak hara, bake epaitegitik beste buelta bat… gure haurra euskaraz erregistratu nahi dugulako, besterik gabe. Hain egoskorrak ez bagina, amore eman, nazkatu, eta haurra erdaraz erregistratzen amaituko genuke, orain arte gainerako guztiek egin duten moduan.
Baina egoskorkeria baino gehiago eskubide kontua denez… laster izango duzue laugarren atalaren berri.
Kontu honen inguruko beste atalak:
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [I]
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [II]
Segundo bakar batean aldatu daiteke zure bizitza, eta inoiz ez dakizu noiz izango den. Lanbrotuta esnatu den egunak ekar dezake eguzki koloretsuena, oharkabean. Artean dozena bat urte izango nituen nire eskuetara John Steinbecken Perla iritsi zenean, kasualitatez. Auzoren bateko festetan izan zen, marrazki lehiaketaren batean edota haurrentzako lasterketaren batean parte hartu eta gero. Guztientzat izaten da sariren bat horrelakoetan, eta beste batzuei santxeskiak, margoak, ura botatzen duten pistolak, flotadoreak, gozokiak, txanperoak, sokasaltoan aritzeko sokak, edota baloiak bezala, niri Ruper Ordorikak euskaratutako liburu hura suertatu zitzaidan.
Ez dut esango irakurzaletasuna hark sortu zidanik, baina bai areagotu. Hunkitu egin ninduen Kino arrantzalearen, Juanaren eta haien semearen istorioak, behartsuenen duintasunak eta etikarik gabekoen zurikeriak. Perla ederra izan zen ustekabean nobela labur hura aurkitzea.
Igande ilunabarrean telebistako albistegi batean ikusi nuen albisteak ekarri dit gogora liburu hura: 15.000 ostratik behin agertzen da perla bat, eta Bartzelonako jatetxe batean bi aurkitu omen dituzte bezeroek azken hilabeteotan, estatistika guztiak hautsiz.
Arauak bezala, horretarako baitaude estatistikak ere, hausteko. Ez dakit zenbat begiradatik behin agertzen den perla bat. Ez dakit zenbat irribarretik behin hausten den bihotz bat. Baina arau eta estatistika guztiak hausten direnean, lanbrotuta esnatu den egunak oharkabean eguzki koloretsuena ekartzen duenean, bizitza bera bihurtzen da perla ederrena. Eta zure begiak ditu.
[ BERRIA, 2008-05-06 ]