08.04.29

12:55:09 , gaRi* , 220 hitz, 141 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Zulatutako argazkiak

Porlanezko eraikin bat ageri zen larunbatean egunkari honen azalean, tiroek goitik behera zulatuta, hedabideetan Bagdad, Beirut, Kabul edo Ramalako etxeak erakusten dizkiguten moduan. Horrelakoa izaten da gerrarekin oheratzen diren hirien larrua. Horrelakoa izaten da sarraskiaren eta erresistentziaren soinekoa.

Saminaren postalak dira eraikin horiek, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugarriak. Suntsitutako etxeak, baina lorontzi gorri bat dutenak leihoren batean. Orduan egiten du tiro argazkilariaren begiak. Larunbatean egunkari honek azalean erakutsi zigun argazkian bezala. Palestinar bat ageri zen gerrak zulatutako eraikin horretan, balkoitik begira, lehortzera esekitako izaren eta arropen artean. “Israelen blokeoa salatzeko atzo Rafan egin ziren protestak etxetik jarraitu zituzten irudiko palestinarrek”. Bi solairu gorago, beste hiru palestinar ageri ziren, haiek ere tiroen eta zuloen artean, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugarritik kalera begira.

“Hamasek egindako su-eten eskaintza baztertu du Israelek”, zioen titularrak, argazkiaren azpian. Balizko terroristak izanen ziren beharbada argazkikoak. Israelen arma demokratiko eta etikoek inolako erreparorik gabe suntsitutako eraikinean, pasatu duten guztia eta gero ere oraindik bizirik, errealitate ankerrari begira, zutik, falta direnak ahaztu gabe.

Igandean, oharkabean, argazki bera argitaratu zuen egunkari honek azalean, euskal bertsioan. Balizko terroristak ageri ziren argazkian, oraingoan izenarekin: Txomin, Kepa, Itziar, Tasio, Angel. Zulatutako eraikina, baina lorontzi gorriekin leihoetan. Pasatu duten guztia eta gero ere oraindik bizirik, kalera begira, zutik, falta direnak ahaztu gabe. Aurrean, errealitate ankerra. Israel, leporaino armatuta, baina arma demokratiko eta etikoekin.

[ BERRIA, 2008-04-29 ]

12:23:11 , gaRi* , 279 hitz, 117 aldiz ikusia  
Atalak: Euskara

Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [II]

Haurra euskaraz erregistratu ahal izateko Hizkuntz Eskubideen Behatokiak zehaztutako jarraibideak segituz, atzo egin genuen dagokion eskaera Getariako Bake Epaitegian.

Behin epaitegiari eskaera hori eginda, gure kasuaren berri eman diogu Behatokiari, eta idatziz beste lau eskaera ere egin ditugu atzo eta gaur: Getariako Euskara Teknikariari, Urola Kostako Udal Elkartearen Euskara Zerbitzuari, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sortu eta “Hizkuntza Eskubideak bermatzeko zerbitzua” omen den Elebide zerbitzuari, eta EAEko herri defendatzailea den Arartekoari.

Azken lau hauei eskaera bera egin diegu: 2005eko ekainaren 22ko 12/2005 Legeak inskripzioak euskaraz egiteko eskubidea aitortu arren, eskubide hori gauzatu eta bermatzeko mekanismorik ez dutenez abian jarri administrazioek, gure hizkuntz eskubideak urratuak izan ez daitezen eta, batez ere, jaio orduko gure alabak oinarrizko eskubideak urratuak izan ez ditzan, Getariako Bake Epaitegian idatziz aurkeztu dugun eskaeraren jarraipen zehatza egin dezatela, guk larritzat jotzen dugun eskubide urraketa hau ekiditen lagunduz, horretarako eskumena duten administrazioei gure haurra jaio baino lehen Getarian haurra euskaraz erregistratzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eskatuz, eta horretarako beharrezkoak diren gestioak euren gain hartuz.

Hurbilenek erantzun dute dagoeneko.

Getariako Euskara teknikariak sarrera eman dio eskaerari, eta Azpeitiko Lurralde Epaitegira idatzi bat bidaltzea proposatu du, erregistro liburua lehenbailehen euskaraz bidal dezaten eskatuz.

Urola Kostako Udal Elkartearen Euskara Zerbitzuaren arduradunak, berriz, proposamena areago zehaztu du: udaletako Euskara Zerbitzuen bidez (euskara teknikarien laguntzarekin) idatzi bat prestatuko dute, herri bakoitzeko alkateak (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako alkateek) bere herriko bake epaitegiari bidal diezaion. Idatzian euskarazko erregistro libruuak jartzeko eskaera formala egingo diete alkateek dagokien herrietako bake epaitegiei, Behatokiak eskura jarri duen idatzia erabiliz.

Hizkuntz eskubideak bermatzeko Elebide zerbitzuaren eta herri defendatzailea den Arartekoaren erantzunik ez oraingoz.

kontu honen inguruko beste atalak:
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [I]

08.04.24

17:21:14 , gaRi* , 280 hitz, 267 aldiz ikusia  
Atalak: Euskara

Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [I]

Zergak ordaintzen ditugun herritarron eskubideak bermatu beharrean negozioa egiteaz arduratu diren agintarien kudeaketak ondorio sinple bezain tristeak ditu: Euskal Herrian, 2008an, euskaldunok ezin dugu euskaraz bizi.

Ez soilik euskara ofiziala ez den lurraldeetan, Nafarroako hainbat zonaldetan, Lapurdin edota Zuberoan. Euskal Erdiko Autonomia Erkidegoan ere berdin, duela auskalo zenbat urtetik hona hizkuntza ofiziala omen den arren. Iruzurra, eta gezurra.

Haurdun gaude. Lehen alaba espero dugu maiatzaren amaiera alderako, eta haurra euskaraz erregistratu nahi dugu. Ez da egoskorkeria, eskubide kontua baizik. Legeak teorian eskubide hori aitortzen digun arren, ordea, praktikan ez da posible. Erregistroetako liburuak ez daude euskaraz, eta haurrak erdaraz erregistratu behar dira.

Baina gu ez gaude horretarako prest. Euskaraz erregistratu nahi dugu haurra. Hori bezain sinplea. Bikotekidea eta biak Getarian erroldatuta gaudenez [biak herri berean erroldatuta egon ezean, haurra ezinbestean Donostian erregistratu behar da], bertako Bake Epaitegian izan gara gaur gure asmoaren berri emanez. Getarian haurra euskaraz erregistratu nahi duten lehenak garela erantzun digute, eta dauden ‘arazoen’ eta ‘zailtasunen’ berri ematen hasi zaizkigu. Horiek guztiak ezagutzen ditugula eta amore emateko prest ez gaudela esan diegu.

Antzeko egoeran daude haurdun dauden beste zenbait adiskide ere. Zarautzen haurra euskaraz erregistratu nahi duten lehenak dira haiek, eta gure antzera odisea honi ekin diote, dagokien eskubidea bermatu ahal izateko, besterik gabe. Antzera dabil Bilbon bizi den beste zarauztar bat ere, eta baita Arrasateko beste bikote bat ere (hauen odisearen berri, bideo honetan).

Aurrerantzean, beraz, euskara ofiziala omen den herririk euskaldunenean ere gurasoek haurra euskaraz erregistratu ahal izateko dituzten trabak, arazoak eta pasatu beharreko odisea guztia kontatuko dugu lerro hauetan, herritarron eskubideak bermatu beharrean negozioa egiteaz besterik arduratzen ez diren horiek, oraindik lotsarik geratzen baldin bazaie behintzat, zerbait egin dezaten behingoz euskaldunon eskubideak benetan bermatzeko.

08.04.22

11:10:00 , gaRi* , 200 hitz, 152 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Tuneatutako buruak

Herri batzuetan, moda kontuengatik, jendeak dirua soberan duelako, edo auskalo zergatik, autoak bakoitzaren gustuaren eta diruaren arabera pertsonalizatzeko joera errotuta dago. Tuning izena du fenomenoak, eta “autoa tuneatzea” esaten zaio sosak horretara bideratzeari.

Herri askotan, eredu eta estereotipo zehatzen eraginagatik, osasun arazoengatik, edo publizitateak milaka lagun gorputzaren gatibu bihurtu dituelako, bularrak, ezpainak edo beste zerbait aldatzeko joera dago. Horrelakoetan, “dermoestetika” esaten zaio besteen osasunaz edota konplexuez baliatuz negozioa egiteari.

Zenbait lekutan, azken asteotan, autoa pertsonalizatzearen eta gorputza aldatzearen arteko aldaera berezia indartu da: garuna edo burua tuneatzea erabaki dute ehunka lagunek, eta zenbait herritan psikosi kolektiboa eragin du ingurukoak eta senideak hiru egunetan erabat aldatu direla ohartzea, ezezagunak bihurtzeraino. Oro har, “coaching” izena eman diote azken aldaera honi, coaching ikastaroak, berez, bitarteko onak diren arren zerbait gehiago bilatzen edo behar duten garunentzat, elizara, mezkitara, psikologoarengana edota beste laguntzaile batengana joaten direnen kasuan bezala.

Azpeitiko www.uztarria.com izan da azken egunotan herrian sortu den psikosiaren lekuko, eta ez da harritzekoa. Arrazoi bategatik edo besteagatik bakoitzak autoa, gorputza edo garuna tuneatzeko duen askatasunaren gainetik, gehiegi baitira hainbat ereduk jendearengan sortzen dituen behar psikologikoak eta baloreak asetzearen aitzakian negozio iluna egiten dutenak, dermoestetika, coaching edo dena delako izen eta abizenen babesean.

[ BERRIA, 2008-04-22 ]

08.04.15

10:46:09 , gaRi* , 199 hitz, 154 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Paola Bridda

Izokina arrain harrigarria da. Oraindik ezezaguna zaigun indar misteriotsu baten ondorioz, sortu zen ibaira itzultzen da itsaso urrunetan barrena ibili ondoren, errutera, eta espeziearen erreprodukzioa bermatu ondoren hiltzen da, geroago jaioko diren ehunka izokin berriren sorlekuan.

Paola Bridda ere sorlekuan ehortzi zuten pasa den asteazkenean, Italiako Treviso herrian. 38 urte zituen, eta minbizia atzeman zioten hainbat hilabete lehenago, haurdun zegoenean. Gaitzari aurre egiteko ezinbestekoa zuen kimioterapia tratamendua ezingo zuen jasan sabelean zeraman haurrak, eta batzuetan halabeharrez hartu beharreko erabaki anker horietako bat hartu behar izan zuen amak: bere bizitzaren alde egin, kimioterapia saioak onartu eta haurra galdu, edota minbiziari aurrera egiten utzi, haurraz erditu eta haren irribarrea ikusi ondoren hil.

Bigarren aukera hautatu zuen Paola Briddak. Nahiago izan zuen kimioterapiari uko egin eta haurrari bizitzen uztea, horrek minbiziari eta bere heriotzari bidea zabaldu arren. Ernalketaren zortzigarren hilabetean jaio zen Nicola, eta ama pasa den astean hil zen, gaitzak hartuta. Botere edo diru apur bategatik batzuek ama ere salduko luketen garai hauetan, ondorengoen bizitza salbatzeko dena eman duen ama honen kasua nabarmentzekoa da behintzat, hedabideak izokinei beharrean marrazoei begira egoten diren arren.

Erabakiak hartu beharra omen da bizitza, Anarik abesten duenez. Batzuetan, ordea, erabakiak hartu beharra heriotza ere izan daiteke.

[ BERRIA, 2008-04-15 ]

08.04.08

09:20:55 , gaRi* , 222 hitz, 157 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak, Euskara

Euskara ofiziala

Igande goizean, Atarrabian Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatzekoa zenez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburua elkarrizketatu zuten euskarazko irrati publikoan, «Hizkuntz Eskubideak bermatzeko» Elebide zerbitzua aitzakiatzat hartuta. Irratia itzali nuen. Beharbada antolatzaileekin geroago hitz egiteko asmoa zuten. Seguru, baina EHEk antolatutako ekimen baten harira euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuta segitzea ahalbidetzen duen hizkuntza politikaren arduradunetako bat elkarrizketatzea beste inor baino lehen iraingarria iruditu zitzaidan.

Behin erabili izan dut Elebide zerbitzua, kuriositatez, hizkuntza eskubideak urratuak ditudan eguneroko milaka kontuetako baten harira. Zegokionari helarazi zioten zegokiona, eta kito, baina salatu nuen eskubide urraketak bere horretan segitzen du, noski. Herritarren eskubideak legez bermatu behar ditu gobernu batek, eta ez eskubide urraketen inguruko herritarren kexak eta iradokizunak biltzeko eta dagokionari dagokion purrustada botatzeko zerbitzua kudeatu.

Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten eta Franco hil zen udazkenean sortu nintzen. «Demokraziaren» belaunaldian. Baina 33 urte geroago, besteak beste, zineman ezin dut filmik ikusi euskaraz, haurra ezin dut euskaraz erregistratu, familia medikuak ez daki euskararik, zenbait zinegotzik udal osoko bilkuretan erdaraz hitz egiten duenean inork ez dit itzulpen zerbitzurik eskaintzen, gidabaimena eta beste agiri batzuk berritzerakoan nire hizkuntzan hitz egiten badut beste planeta batekoa banintz bezala begiratzen didate, euskarazko hedabideentzat limosna soilik bideratzen da, eta asko aurreratu dugula eta bide onean goazela entzuten diet agintariei. Hori euskara ofiziala omen den euskal erdiko autonomia erkidegoan. Nafarroan bizi nintzenean, ironia ez zen hain garratza behintzat.

[ BERRIA, 2008-04-08 ]

08.04.01

10:34:19 , gaRi* , 189 hitz, 182 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Amagaiak

Astelehenero elkartzen dira, lehen orduan, Aneren aholkuak entzutera, lasaitzera, ariketak egitera, elkarrekin egotera, sentitzen dutena adieraztera eta ikastera. Irune, Ainara, Edith, Josune, Eider, Amaia, Elbira, Naiara eta beste zenbait emakume dira, eta haurdunaldiaren azken asteetan daude guztiak.

Astelehenero elkartzen dira, lehen orduan, baina ez dira amagai bakarrak. Badira lehenago bildu direnak ere. Eta geroago iritsiko direnak. Edota hauen antzera, ama izatearen esperientzia, edertasuna eta beldurra orain bizi dutenak, baina beste talde batzuetan, beste herri batzuetan, beste baldintza batzuetan.

Beharbada ez dira konturatzen, baina beraiek gabe hutsalak dira enpresarien aurreikuspenak, alderdien kalkuluak, plan estrategikoak eta etorkizunari lotutako egitasmo guztiak. Zenbakiek, interesek, diruak, ikerketek eta gainerakoek ez dute ezertarako balio amagairik gabe. Ezinbestekoak dira.

Hala ere, urteko lehenengoak eta antzeko salbuespen bereziak kenduta, oro har ez dute egunkarietako titularretan edo lerro galduetan lekurik. Hilketak albiste dira, eta izan behar dute. Heriotza albiste da. Baina jaiotzen protagonistek, erditzen diren emakumeek, omenaldirik gabe sortzen dute etorkizuna. Isilpean ekartzen dute bizitza munduarentzat.

Horregatik, miresmenez esertzen naiz astelehenero haien ondoan, Haimarrekin, Fabriziorekin eta ahal dutenean agertzen diren gainerako bikoteekin batera, dagokigun apaltasunarekin. Izan ere, ikasgai aberatsa da historiaren benetako protagonistei begira erabateko inutila sentitzea.

[ BERRIA, 2008-04-01 ]

 

Apirila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30        

Paperean tatuatutako hitzak, eguneroko kontuak, kazetaritza, eta beste hamaika begirada...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software