1 2 3 >>

09.07.01

15:28:16 , gaRi* , 568 hitz, 55 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Elkano, Gaztelaren aldeko beso armatua

Gazte garaian arrastoa utzi zidan idazleetako bat da Angel Rekalde. Besteak beste, nekez ahaztuko ditut idazle tolosarraren Herrera, prisión de guerra (Txalaparta, 1990) edota Dorregarai, la casa torre (Txalaparta, 1992) liburuak. Urte asko giltzapean eman ondoren irakurleek eta lagunek Langraizko kartzelaren atarian egin genion harrera ere ez da ahazteko modukoa.

Azken urteotan bestelako ekimenetan egin du bidea adiskide zaharrak, batez ere Nabarralderen baitan, “gure historia berreskuratzeko ahaleginean”. Ildo horretan, ederra iruditu zait igande honetan bere blogean eta Berria egunkarian argitaratu duen iritzi artikulua: Getaria, bi mila urte eta gehiago. Oro har, duela 800 urte Gaztelak hiri izaera eman baino hamabi mende lehenago ere Getaria izan bazela nabarmentzen du artikuluan:

“Honela bada, duela 800 urte, gaurko Araba eta Gipuzkoa eratzen duten lurrak euskal erresumari indarrez kendu ondotik, Gaztelako erregeak Getariako harresiak berreraikitzeko agindua eman zuen (lehenagotik bazirela eta gerran suntsitu zituzten seinale), eta Forua berretsi zion”.

Hori gogoratu eta Getariako Udalak egin asmo duen moduan espainiar okupazioaren 800. urtemuga ospatzea zentzugabea dela esanez amaitzen du testua.
Horraino, erabat ados artikuluaren mamiarekin.

Testuan, ordea, bada hainbat zehaztapen eskatzen duen pasarterik. Joan Sebastian Elkano hizpide duena, hain zuzen ere:

“Getariatik Juan Sebastian Elkano atera zen, portuges baten eskutik munduari bira estreinakoz eman zion itsasgizona; espainiar koroak ez zizkion inoiz emandako zerbitzuak ordaindu. Elkano hil ondotik, familia auzitan ibili zen estatu espainiarrarekin, zorra kita ziezaieten, baina ez da inon bildu lortu zutenik. Ezer berririk ez eguzkipean. Espainiarekin historikoki izan dugun emaitza da. Elkano beste edonon heroi nazionala izanen litzateke (konparazioak gorrotagarriak diren arren, horra hor Nelson, Bolivar, Edmun Hillary…), eta hemen tokiko zaharkina da, garrantzi historikorik batere gabekoa”.

Harritu egin naiz gure historia hain ondo ezagutzen duen norbaiten hitzetan horrelakoak irakurrita. Ez dut ulertzen Nabarraldeko kide batek Elkanoren figura aldarrikatzea, eta “garrantzi historikorik batere gabekoa” dela esatea. Ez baita egia. Garrantzi historiko handia du Elkanok, baina Gaztelako historiagrafian. Gaztelarrentzat, zehazki.

“Gure iragana ahantzi genezan politikoki egin duten lanari aitzin egiteko, gaur egungo egoera ahalbidetu duten gertaerak ezagutzea bertzerik ez dugu” dio Nabarraldek sorrerako hitzetan. Horretan ahalegindu nintzen, hein batean, iragan abenduan aurkeztutako Elkano, itsasoak emandako bizitza (Txalaparta, 2008) liburuan.

Bertan aipatzen dut, besteak beste, Francisco Jimenez Cisneros Inkisidore Handiarekin batera hartu zuela parte Elkanok Oran hiriaren konkistan, milaka eta milaka afrikar erailez. Nafarroako Erresuma defendatzen zuten gaztelu guztiak suntsitzeko eta Nabarraldek urtero Noainen omentzen dituen nafarrak gatibu hartzeko eta giltzapetzeko agindua eman zuen Cisneros kardinalarekin, alegia. Adibide bat aipatzearren soilik.

Anaia nafarrak gaztelarren aurka borrokan ari ziren bitartean itsasontzia eta marinelak armada zapaltzailearen aginduetara bideratu zituen itsasgizona izan zen Elkano. Nola zioen Herrera, prisión de guerra eta antzekoak irakurtzen genituen garaiko elastiko hark? “Cipayo: dícese del soldado nativo al servicio del ejercito invasor”. Joan Sebastian Elkano, alegia.

Ez naiz hasiko orain hemen Elkanoren bizitza aletzen. Nabarraldek egiten duen moduan, “gure historia berreskuratzeko ahaleginean”, Elkano testuinguru zehatz batean kokatu behar dugula sinetsita idatzi nuen iaz liburua, Getariako marinelaren omenezko estatuak, monumentuak eta kaleak ikusten ditugunean konkistatzaileen bidaia haietan hil zituzten afrikar eta indiar guztiak oroitu beharko genituzkeelakoan. Lehen gaztelarrek, gero frankistek eta falangistek, eta orain espainiarrek hainbeste zergatik miresten duten galdetuz behintzat. Gaur egun, oraindik, Espainiako Armadaren itsasontzi esanguratsuenetakoa da Joan Sebastian Elcano. Ez da kasualitatea, noski.

Amaitzeko, munduari itzulia ematen lehenak izan zirela esatea, gainera, gehiegi zehaztu beharreko beste kontu bat da. Beste zerbait dioten ikerketa sendoak, mapa zaharrak eta hamaika froga baitaude.
Baina hori liburuaren azken atala irakurri nahi duenarentzat utziko dut…


[ Elkanoren omenezko posta zigilu zaharra, frankismo garaikoa, Espainiako Falange alderdi ultraeskuindarraren logotipoarekin ]

09.06.24

10:43:20 , gaRi* , 186 hitz, 295 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Ni ere koldar hutsa naiz

Link: http://ubel.wordpress.com/2009/06/23/koldar-hutsa-naiz/#more-1008

Institutu garaian Patxi bezain hurbilekoa genuen lagun batek atzo blogean idatzitako Koldar hutsa naiz izeneko testua irakurri, eta ezin lasai geratu atzo egun osoan zehar barrenak iraultzen zizkidan sentimendua hitzetara ekarri arte.

Lagunak blogean idatzitakoa goitik behera nire egiten dut. Goitik behera bere horretan sentitzen dut. Gaur, goitik behera ispiluan islatuta ikusten naiz lagunaren blogean: “Zertarako balio du blog honek bertan ezin badut ‘Patxi, laguna, lagun zaharra, maite haut’ esan?".

Zein da nire balioa pertsona bezala ezin badut horrelakorik egin?
Maite zaitut esatea debekatuta dagoen herri batean bizi gara.
Baina maitasuna ezin da epaitu. Ezin da arautu. Ezin da mugatu.
Sentimendua da. Eta maitasuna da.

Patxi maite dut, beste asko maite ditudan bezala.
Patxi bereziki maite dut, beste asko bereziki maite ditudan bezala.
Eta ez naiz horregatik lotsatuko.
Badakik, Patxi, maite haut.

Horregatik, desobedientziaz ibiltzen ikasi duen lagunak bere blogean dioen bezala, ni ere aurreko guztia esanda askoz ere lasaiago sentitzen naiz orain, nire buruarekin gustura behintzat. Izan ere, lagunak dioen moduan “izu-aroan bizi arren, ezin gara etengabe izututa bizi. Gure beldurren gaineko garaipen txiki hauek ere beharrezkoak ditugu, nor garen eta zenbat balio dugun gogoratzeko".

09.06.15

11:54:17 , gaRi* , 275 hitz, 200 aldiz ikusia  
Atalak: Euskara

'Millenium' trilogia euskaraz, hemendik hogei urtera…

“Lisbeth Salander da azkenaldian ezagutu dudan emakume interesgarriena”, idatzi nuen blog honetan duela zenbait aste. Bai. Ni ere Stieg Larsson-en Millenium trilogiak Europa osoan harrapatutako ehunka mila irakurle horietako bat naiz.

Liburu salduena bihurtu da hainbat herrialdetan Millenium trilogiaren liburuki bakoitza. Baita gurean ere. Lagunak, senideak eta lankideak ez ditut inoiz liburu bati buruz hainbeste hitz egiten ikusi. Ez ditut ingurukoak liburu batzuei buruz halako pasioarekin inon hitz egiten entzun.

Eta guztiek gazteleraz irakurri dituzte trilogiaren lehen bi liburukiak.

Gaur, kiosko.net webgunean egunero bezala bateko eta besteko egunkarien azalak ikusten ari nintzela, Kataluniako Avui egunkarian honakoa ikusi dut:

Gaur banatzen dute lehen kupoia, eta denak osatzen dituztenen artean Millenium trilogiaren hirugarren liburukiaren 50 ale zozkatuko dituzte. Ez dago esan beharrik lehen biak ere irakur daitezkeela katalanez.

Euskaraz ez, noski.

Nire inguruko guztiek gazteleraz irakurri dituzte lehen bi liburukiak, nik neuk bezala. Akaso hemendik 20 urtera irakurri ahal izango ditugu euskaraz… Literatura Unibertsala euskarara ekartzeko ekimena egundokoa da, beharrezkoa inolako dudarik gabe, baina ezinbestekoa iruditzen zait best-seller garaikideak ere euskaraz irakurri ahal izatea.

Horretarako, liburu batek zer eskaini behar duen, literatura ona zer den, salduenen morrontzan erortzeak duen arrisku larria, zer eta zergatik itzuli behar den, irakurlegoa zabaltzeko modua zein den eta abar luzea hartu beharko genuke hizpide, baina hori beste kontu bat da, mamitsua izan arren, argitaletxeek liburuak itzultzeko zer-nolako laguntza jasotzen duten, ala ez duten jasotzen, eta antzekoekin batera.

Bien bitartean, ordea, ezin izan dut Millenium euskaraz irakurri, espainiarrek gazteleraz, frantsesek frantsesez, suediarrek suedieraz edota kataluniarrek katalanez bezala, batzuk soilik aipatzearren. Nire alabak beharbada hemendik hogei urtera irakurri ahal izango du euskaraz, baina bitartean euskarazko literatura zenbat irakurle galtzen ari den hausnartu beharko genuke behintzat.

09.05.25

17:01:13 , gaRi* , 307 hitz, 476 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Hautagaitza kosmikoa

Duela zenbait hilabete, Elkanoren biografia hedabideen aurrean aurkeztu genuenean, Xabier Silveiraren mahaikide izateko ohorea izan nuen, lesakarrak Maradonaren biografia aurkeztu baitzuen prentsaurreko berean.

Egun hartan, inoiz inori esan gabekoa publikoki aitortuz eman nion hasiera komunikabideen aurreko jardunari: Diego Armando Maradona zela nire jainkoa haurra nintzenean, eta hari hitz eta otoitz egiten niola egunero. Maradonari kontatzen nizkion nire sekretuak, eta Maradona zen nire irudimenean agertzen zen ahotsa, zer egin eta zer ez esaten zidana, etengabe entzuten nuena, Stanley Kubrick-en The Shinning filmean Danny haurrak entzuten zuen ahotsa bezala.

Urriaren 30ean jaioatakoak gara biok, eta Maradona miretsi egiten nuen 80ko hamarkadaren lehen urte haietan. Miresmen horren lekuko, Maradonaren bizitzari eta golei buruzko dokumentalen eta filmen bilduma oparitu nion Silveirari prentsaurreko hartan, hedabideen aurrean, Maradonaren biografia idatzi zuen bertsolariaren eta oraindik ikusten eta entzuten zuena sinetsi ezin zuen editorearen harridurarako.

Kirol kazetaritzaren historian betiko geratu da 86ko Munduko Txapelketan Argentina eta Ingalaterra elkarren aurkari zirenean Maradonak sartutako gola nola eman zuen irratian Victor Hugo Morales esatariak: “Balón para Diego, ahí la tiene Maradona, lo marcan dos, pisa la pelota, Maradona. Arranca por la derecha el genio del fútbol mundial. Puede tocar para Burruchaga… Siempre Maradona. ¡Genio, genio, genio! Ta, ta, ta, ta, ta … ¡Gooooooool gooooooool! ¡Quiero llorar! ¡Dios santo, viva el fútbol, golaaaazo! ¡Diegoooool Maradona! Es para llorar, perdónenme, Maradona en recorrida memorable, en la jugada de todos los tiempos, barrilete cósmico, ¿de qué planeta viniste para dejar en el camino a tanto inglés?, para que el país sea un puño apretado gritando por Argentina. Argentina 2 - Inglaterra 0. ¡Diegol, Diegol!, Diego Armando Maradona, gracias, Dios, por el fútbol, por Maradona, por estas lágrimas, por este Argentina 2 - Inglaterra 0″.

Gaur, gol haren bertsio berezia aurkitu dut. Oraingoan, Iniciativa Internacionalista da gola sartzen duena. Herrien arteko elkartasuna da hautagaitza kosmikoa…

09.05.12

18:30:31 , gaRi* , 41 hitz, 426 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Bihotza, burua, eskua...

Pailazoen irribarrea ere debekatu nahi duten herrian bizi gara.
Hau da zuen demokrazia.

http://www.publico.es/espana/224759/payasos/etarras/quedan/actuacion/getxo

Zer nahi duzue esatea…
ezingo digute irribarrea ezabatu.

Bihotza, burua, eskua.
Sentitu, pentsatu, ekin!

Pirritx, Porrotx… MAITE ZAITUZTEGU!!!

14:15:35 , gaRi* , 183 hitz, 106 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Azken Portuko literatura egunak

Zarauzko Udalak kaleko kultur ekimenak eta festa herrikoiak zorrozki arautzen dituen araudi berria onartu duenean, eta ezin grisagoa zen herria kolorez betetzeko asmoz Putzuzulo Gaztetxea okupatu zuten ehunka gazteetako bat epaitu duten egunean, Azken Portuko jai batzordeak aurtengo literatura egunen berri eman du.

Iaz bezala, Azken Portuko kristau biltoki zaharrean izango dira ekitaldiak, datorren astean.

Honakoa da egitaraua:

· Maiatzak 18, astelehenarekin, 20:00etan.
Anjel Lertxundi: hitzaldia
“Batez ere, irakurlea".

· Maiatzak 19, asteartearekin, 20:00etan.
Jon Maia: hitzaldia
“Abestetik idaztera: esperientzia bat".

· Maiatzak 20, asteazkenarekin, 20:00etan.
Iñigo Aranbarri: hitzaldia
“Literaturak egunkaria irakurtzen duenean".

Azken Portuko lagunen hitzetan, “aurten idazlea bere beste alderdi batzuekin harremanetan jartzeko asmoa izan dugu. Horrela, Andu bere irakurlearekin harremanetan jarri dugu: idazlea eta irakurlea nola moldatzen diren elkarrekin, nola osatzen duen irakurketak idazketa, zenbateraino baldintzatzen duen, eta abar… Jon Maia, bere bertsolari eta abeslariarekin hizketan jarriko dugu: abestetik edo bat-batean aritzetik idaztera nola aldatzen den sortze lana kontatuko digu. Iñigo Aranbarri, aldiz, kazetaritzarekin, idazteko beste generoarekin elkarlanean eta gatazkan ariko zaigu asteazkenean".

Udal zentsoreek ekimen oro arautu, zaindu eta zaildu nahi dutenean, Azken Portuko gazteek beste behin ere eguzkia betea dakarte auzo hartatik…

09.05.11

15:05:21 , gaRi* , 120 hitz, 137 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Lothlorien

Hasieran eskolako ibilaldiak izan ziren, eta espeolologo nerabeak ginenean leizeetan sartuta lurraren hatsa sentitzearen lilura. Ondoren pagoen magalean eta koadrilakoekin suaren babesean igarotako gauak. Geroago sentimenduen geografia osatzera iritsi ziren zuhaiztiak eta koloreak. Orain, udazken loreen bila zeharkatzen ditugun basoak.

Tartean, berriz, hainbat aukera, Ama Lurrari eskutik helduta ibiltzeko: ekialde urruneko zein lurralde tropikaletako zuhaitzak erakutsiko dizkigun Iturrarango lorategi botanikoa, Agorregiko burdinola zaharra, Naturaren Interpretazio Zentroa, domekako erromesentzat atondutako mahaiak, orbela gaztelu bihurtzen duen onddoen erreinua, erlategi didaktikoa, batzuetan bidean agertuko zaizkigun oreinak eta kattagorriak, borda zaharra, ardiak, zelaiak, sagarrondoak, pinuak, loreak, eta amaierarik gabeko zerrenda luzea.

Ihes betea zilegi balitz, Pagoetako basoak eta inguruak hautatuko nituzke hemen nonbait Lothlorien bat bilatzeko.

Gainera, han goitik itsasoa ikusten da…

[ Nora aldizkaria, 2009-05-03 ]

09.05.07

16:19:11 , gaRi* , 356 hitz, 290 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Patxi Lopez eta literatura

Patxi Lopezek Lauaxeta, Sarrionandia, Saizarbitoria eta Onaindia aipatu zituen herenegun Eusko Legebiltzarreko hitzaldian.

Gaur, Gernikako juntetxean aginte makila hartzeko ekitaldian, ohiko hitzaldia egin beharrean bi poema irakurri ditu. Wislawa Szymborska poloniarraren eta Kirmen Uribe ondarrutarraren poema bana.

Hona biak:
[ Szymborskarenaren kasuan, zenbait erdaretako bertsioak hartu eta euskarara ekartzen ahalegindu naiz]

Ezer ez bi aldiz

Ezer ez da bi aldiz gertatzen
eta ez da gertatuko, horregatik
esperientziarik gabe jaiotzen gara,
errutinarik gabe hilko gara.

Munduaren eskola honetan
ikasle eskasak izanda ere
ez dugu urterik errepikatuko,
ez negurik, ez udarik.

Ez da egun berdinik,
ez da antzeko gaurik,
begiradarik,
errepikatzen den musurik.

Atzo zure izena ozen
esaten zuten bitartean
arrosa bat leihotik eroriko
balitz bezala sentitu nuen.

Orain elkarrekin gaudenean
harresirantz begiratzen dut.
Arrosa? Nolakoa da arrosa?
Lorearen ala harriaren modukoa?

Esadazu, ordu makur, zergatik
nahasten zaren izu hutsalarekin.
Zarelako zoaz.
Zoazelako zara eder.

Erdi besarkatuta, irribarrez,
zuhurtziaren bila ibiliko gara,
bi ur tanta bezain
ezberdinak izan arren.

Wislawa Szymborska
Yetiari deika (1957) liburutik

Maiatza

Begira, sartu da maiatza,
Zabaldu du bere betazal urdina portuan.
Erdu, aspaldian ez dut zure berri izan,
Ikarati zabiltza, ito ditugun katakumeak bezala.
Erdu eta egingo dugu berba betiko kontuez,
Atsegin izatearen balioaz,
Zalantzekin moldatu beharraz,
Barruan ditugun zuloak nola bete.
Erdu, sentitu goiza aurpegian,
Goibel gaudenean dena iruditzen zaigu ospel,
Adoretsu gaudenean, atzera, papurtu egiten da mundua.
Denok gordetzen dugu betiko besteren alde ezkutu bat,
Dela sekretua, dela akatsa, dela keinua.
Erdu eta larrutuko ditugu irabazleak,
Zubitik jauzi egin geure buruaz barre.
Isilik begiratuko diegu portuko garabiei,
Elkarrekin isilik egotea baita
adiskidetasunaren frogarik behinena.
Erdu nirekin, herriz aldatu nahi dut,
Nire gorputz hau albo batera utzi
Eta maskor batean zurekin sartu,
Gure txikitasunarekin, mangolinoak bezala.
Erdu, zure zain nago,
Duela urtebete etendako istorioa jarraituko dugu,
Ibai ondoko urki zuriek uztai bat gehiago ez balute bezala.

Kirmen Uribe
Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) liburutik

Kirmen Uribek noizbait gerora baliogabetutako hauteskunde zerrendak babestu izan dituelako, batzuk hasi dira dagoeneko Patxi Lopezek ez duela idazle aproposena hautatu eta antzekoak esaten. Espainiako eskuin katalikoaren ahotsa diren hauek, esaterako: ¿Quién ha engañado a Patxi Lopez?

[ beste kolpe bat:
fonetikoki zein antzekoak diren Szymborska eta ‘ezin bozka’, ezta? ]

09.05.04

11:03:00 , gaRi* , 212 hitz, 308 aldiz ikusia  
Atalak: Kazetaritza

Euskal herritarrak berrogeialdian [ edo teletipoak eta herri informazioa ]

Irribarrez irakurri nuen atzo zenbait hedabidetan, titularretan, hiru euskal herritar daudela birusagatik berrogeialdian, Txinako hotel batean. Irribarre etsia eragin zidan, egia esan.

· Hiru euskal herritar daude birusagatik berrogeialdian, Txinan [Berria, atzo]
· La cuarentena por un caso de gripe en un hotel de Hong Kong retiene a tres vascos [Gara, atzo]

EITBrenak, berriz, irribarre etsia baino zerbait gehiago eragin dit:

· Zortzi dira Hong Kongen koarentenan dauden espainiarrak [eitb24.com, gaur]

Espainiar horiek, “hiru katalan, hiru euskaldun eta jatorri ezezaguneko beste bi” direla zehazten dute. Espainiarrak.

Argi dago, guztiek albiste agentzia handien teletipoak irakurrita osatu dutela albistea, hemen bertan argitaratzen diren gainerako euskal egunkariei kasurik ere egin gabe. Izan ere, oraindik erreferentziarik ez, inork, pasa den asteazkenaz geroztik berrogeialdian dauden familia bereko lau hendaiarrez.

Pasa den ostegunean argitaratu zuen albistea Irun, Hendaia, Hondarribia, Pausu eta Biriatuko herri informazioa biltzen duen bidasoamedia.info webguneak [Familia hendaiar bat txerri gripearen ezbaian], eta ostiralean papereko ediziora eraman zuen Behe Bidasoako Hitzak.

Lau hendaiarrak, normala den bezala, ez dira espainiarrak Espainiako albiste agentzia handientzat. Okerrena, ordea, agentzia horiek bidaltzen dituzten teletipoak bere horretan hartu, eta Euskal Herriak lurralde gehiago dituela ahazten duten hedabideen hankasartzea da. Ahaztu egiten dute Txinan hotel batean baino euskal herritar gehiago daudela berrogeialdian Euskal Herrian bertan, Hendaian.

Irribarrea eragiten duen hankasartzea da. Baina etsia.

09.04.27

15:09:31 , gaRi* , 243 hitz, 347 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Errotarrian bueltaka

Sakabanaketaren errepideetan ehunka kilometro egin ondoren, azken 23 urteotan kartzelan daukaten Jokin Urain bisitatzeko aukera izan genuen atzo, 40 minutuz. Azken urteotan Kixkur besarkatzera ohituta geunden, baina mendeku politikaren ondorioz euskal presoak sufritzen ari diren eskubide murrizketa etengabe areagotzen ari denez, kasu honetan, kristal lodiaren atzean ikusi eta entzun ahal izan genuen, larunbatetan Arantza Santesteban ikusi ohi dugun mintzaleku berean.

Larunbatetan, neskak.
Igandetan, mutilak.
Segurtasun kontuak.

Ederra da lagunak irribarrez ikustea, batez ere hasierako une berezi horietan, espetxean dituzten euskal herritarrak elkarrekin agertu eta bakoitza bere senide eta lagunekin solasean hasi aurretik denak elkar agurtzeko aukera izaten denean. Oraingoan, hunkigarriena, Ibon, Oskar, Lander eta gainerako euskal herritarren artean 18/98 auziaren ondorioz kartzeleratutako beteranoak ikustea egin zaigu. Kristal lodiak gelditu ezin dituen hasierako irribarreen eta agurren ondotik ere, begirada behin eta berriro Iñaki O’Shea edota Jexuxmari Zalakainen aurpegietara eta adats urdinduetara joaten zitzaidan, alboko mintzalekuetan senideekin solasean ari ziren bitartean.

Haiei begiratu, eta herri honek bizi duen surrealismoa ikusten nuen.

Berezia izan zen atzokoa, eta are bereziagoa bihurtu da gaur, Argia aldizkariaren azken zenbakian Uxue Alberdik Begoña Leteri egindako elkarrizketa irakurri dudanean. Atzo, mintzalekuan, Jokinekin hizpide izan genuen elkarrizketa, eta irakurri gabe nuen.

Jokinen amaginarreba da Begoña. Hodeiertzen amona da Begoña. Suhia eta biloba kartzelan ditu gaur gerrako umea eta gerraosteko emakumea izan zenak. Basatiki torturatu eta noizbait tirokatu ere egin zutenak.

Sufrimenduaren milaka aurpegietako bat da Begoña, baina egundoko duintasuna nabari da haren begiradan eta irribarrean. Besarkatzeko gogoa ematen du.

11:24:05 , gaRi* , 8 hitz, 158 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Millenium, I

Lisbeth Salander da azkenaldian ezagutu dudan emakume interesgarriena.

09.04.16

11:40:11 , gaRi* , 269 hitz, 315 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Stieg Larsson, kazetari bat elurretan

Link: http://www.gaztezulo.com/profilak_view.php?uuid=81&id=esc

Karl Stig-Erland Skelleftehamn herrian jaio zen 1954an, Suedian, eta Stockholmen hil zen 2004an, bihotzekoak jota. Gaur egun, hiru liburu mardulez osatutako Millenium trilogiari esker, Europan arrakasta gehien duen idazlea da, egilea bizirik zegoen artean liburu bakar bat ere saldu ez zuen arren.

Lanbidez diseinatzaile grafikoa eta kazetaria izan zen Larsson, eta bi lan horietan aritu zen 1977 eta 1999 urteen artean, batez ere Tidningarnas Telegrambyrå albiste agentzian.

Langileen Liga Komunistako kidea izan zen, eta 80ko hamarkadaren erdialdera, arrazismoaren aurkako eta eskuin-muturreko taldeen aurkako mugimenduan murgildu zen. Besteak beste, Stop the Racism proiektuaren sortzaileetako bat izan zen, eta baita gizartearen joera arrazistak eta eskuin-muturrekoak aztertzeko sortutako Expo Fundazioaren eragileetako bat ere. 1999tik aurrera, fundazio horrek argitaratzen zuen Expo aldizkariaren zuzendaria izan zen, eta zenbait liburu idatzi zituen Suediako talde nazien inguruan, eta eskuin-muturrak botere ekonomikoarekin eta politikoarekin dituen harremanen gainean.

2001ean ekin zion literatura idazteari, entretenimendu modura. Horrela asmatu zuen Lisbeth Salander pertsonaia, Astrid Lindgren idazle suediarrak sortutako Pippi Kaltzaluze ilegorri bihurria gaur egun nolakoa izango litzatekeen irudikatuz. Trilogiaren hirugarren liburukia argitaratzaileari eman, eta egun batzuetara hil zen, lehen liburukia plazaratu baino lehenago, 2004an.

Idazlea hil ondoren, lehen liburukiak ez ezik, trilogia osoak egundoko arrakasta izan zuen Suedian eta, gerora, baita Europako beste hainbat herrialdetan ere, ingelesez, frantsesez edota gazteleraz. Azken urteotan, trilogia horren milioika ale saldu dira hizkuntza horietan, eta Larssonen lana “hamarkada honetan eleberri beltzak eman duen onena” edota “literatura baino gehiago, droga” dela idatzi dute aldizkari eta egunkarietan.

Bibliografia

Män som hatar kvinnor (Emakumeak gorroto dituzten gizonak, 2005).

Flickan som lekte med elden (Suarekin jolasten zuen neska, 2006)

Luftslottet som sprängdes (Mila zatitan hautsitako ezinezko ametsa, 2007).

[Gaztezulo aldizkaria, 95. zenbakia. 2009/04]

09.03.05

15:07:02 , gaRi* , 462 hitz, 443 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Athletic

Festa handia izan zen atzo Bilbo. Festa handia izan zen atzo San Mames. Sevilla 3-0 mendean hartuta, Espainiako Kopako finalerako sailkatu zen Athletic auskalo zenbat urteren ondoren, eta zaleek gogotsu ospatu zuten garaipena. Gustura dabiltza gehienak, atzo partida historikoa gozatuta.

Ingurura begiratu, eta Athleticen jarraitzaile ugari ikusten dut. Zarautzen, esaterako, asko. Horietako hainbat, gainera, kazetaritza eta literaturaren ildotik iritsi dira Athletic bihotzean sentitzera, Gabriel Arestiren eraginez.

Lagun batek kontatu zidan anekdota, aspaldi. Joan Mari Torrealdaik ere hizpide du gertaera Artaziak. euskal liburuak eta Francoren zentsura liburuan:

Euskal Harria poema liburuaren eskuizkribua aurkeztu zion Arestik zentsoreei.

Bueltan, Torrealdairen hitzetan,
“157 folio iritsiko zaizkio, gorriz eta urdinez markatuta, bi irakurketaren emaitza. Ezabaketa gehienak onartu beste erremediorik ez du Arestik, batez ere poema osoak ezabatzen zaizkionean: 36 poema oso-osoak doaz kanpora. Beste 7 salbatzea lortzen du, zatiak kenduta; guztira 176 bertso gutxiago. Beste 12 poemetan ere aldaketa txikiago batzuk egin behar ditu: 111 bertso salbatzen ditu horrela.

Madrilgo zentsurak agindu gabeko aldaketak ere egin bide ditu Arestik. Uste izatekoa da, bidea errazte aldera, Bilboko delegatuak-edo aholkatuko ziola horrela jokatzeko. Hiru izen madarikatu desagertzen dira inausketa honetan: Aitzol, Txillardegi eta ETA. Txillardegiren ordez bere burua jartzen du Arestik eta ETAren ordez Bilbao… Athletic, honelaxe".

Horren berri izan orduko Athletic bihotzean daramaten hainbat lagun ezagutzen ditut, atzo bertan San Mamesera hutsik egin ez zutenak.

Arestik zentsurari ihes egin nahian ETA Bilbao… Athletic bihurtu zuenekoa hizpide du Iñigo Aranbarrik ere, XX. mendeko kronikak biltzen dituen Gurea Mendea lanean:

Hamaika joan-etorri egin du harrezkero Arestik Manuel Fragaren Ministeriora. Harat-honakoetan eta jatorrizkoaren berridazketan eman du udaberria. Halaxe doakio uda, harik eta abuztuaren 9an berri ona jaso duen arte:

‘El autor ha cumplido en líneas generales las tachaduras indicadas. Las restantes pierden su primer colorido y ya no hay nada legislativamente censurable’.

Liburua argitaratzeko moduan dago. Zentsuratik proposatutako aldaketek mesede egin diote jatorrizko testuari. Ironia gainkarga ezarri diote Hauxa izanen duk bezalako poemei:

HAUXA IZANEN DUK

Gauzak galdu dira:
Basurtoko Andra Potrodunak
eta
euskal foruak.
Gauza berriak gertatu dira:
Errekaldeberriko Zubi Sikua
eta
ETA.
Joan eta etorri.
Izan ta desizan.
Eta noizean behin
bazkal ondoko lo-aldi samurregi bat
arrausi bat,
nagiak.

Horrela egon da idatzia jatorrizkoa, ameto eman diezaioten aurkeztu duena. Bigarren zatia dagoen bezala utzita, ez da dudarik lehen partean egin dion aldaketarekin asko irabazi duela zentsurak azkenik onartu dion bertsioak:

Gauzak galdu dira:
Basurtoko Andra Potrodunak
eta
euskal foruak.
Gauza berriak gertatu dira:
Errekaldeberriko Zubi Sikua
eta
Bilbao-Athletic.

Hara hor, Susa literatura aldizkariaren 25. zenbakia plazaratu zuten lagunen hitzetan, “nola esana dagoen gauza bat beste era batera nola esan daitekeen. Nola den posible hiru letra bakar futbol talde oso bat izan, nola litekeen ura ardo bihurtu, nola poesiaren gainean poesia egin. Poesiarekin egin dugu topo. Beren poeta bihotza ezkutatu ezin duten funtzionarioekin, Vladimir Illichen ezizena izkribatu eta hutsunerik hotzena topatu zuenarekin, poesiagatik hiltzeko prest dagoenarekin".

09.02.26

14:19:26 , gaRi* , 11 hitz, 250 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Hauteskundeak, II

“Demokraziak zein saltsarekin jango zaituzten
hautatzeko askatasuna ematen dizu".

Eduardo Galeano

09.02.25

17:57:33 , gaRi* , 20 hitz, 181 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Hauteskundeak, I

“Votar só serve para mudar de amo,
não para deixar de ser escravo".

[ duela zenbait urte Lisboan ikusitako pintada ]

09.02.17

12:35:33 , gaRi* , 48 hitz, 272 aldiz ikusia  
Atalak: Kazetaritza

Etorkinak zihoazen ontzi bat...

Egunkari baten webgunean ikusi dut oraintxe, argazki bilduma baten titularra:

“Etorkinak zihoazen ontzi bat hondoratu da Lanzaroten".

Etorkinak etorri egiten dira, nonbaitetik gurera, balizko mundu hobe batera.
Etorri, ez joan.
Beraz, ez zihoazen inora. Nonbaitera zetozen.
Ezinezkoa da etorkinak zihoazen ontzi bat.

Etorkinak zetozen ontzi bat litzateke zuzena.

11:13:52 , gaRi* , 312 hitz, 153 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Bost urte bidea eginez

Bost urte igaro dira 2004ko San Anton egunean Urola Kostako HITZA egunkariaren 0 zenbakia banatu genuenetik. Handik zenbait astera hasitako bidearen urrats bat besterik ez zen izan. 2004ko otsailaren 20an sortu baitzen Urola Kostako HITZA, Euskaldunon Egunkaria itxi eta urtebetera, egunkari hartako ordezkari zen Iñaki Uria zarauztarra artean sorlekutik ehunka kilometrora preso zuten bitartean.

HITZAk ehun zenbaki argitaratu zituenean zerbait idatzi nuen erditzeari eta lehen hilabeteei buruz, egunkarian bertan. Mila gau eta bat gehiago egin zituenean ere bai. Baita zuzendari izateari utzi nionean ere. Ez nuke ezer berririk esango, bada, bosgarren urteurrenaren harira ere kontu haiek gogoratzen hasiz gero.

Euri asko egin du ordudanik. Albiste asko argitaratu ditu HITZAk. Atseginak batzuk. Inoiz kontatu nahiko ez genituzkeenak besteak. Batzuen gustukoak zenbait. Beste batzuen gustukoak beste hainbat. Askotarikoak, askorentzat, eta denak euskaraz.

Horrekin, milaka irakurle hasi zen eskualdean egunero euskaraz irakurtzen. Reala lehen mailan zegoen sasoi hartan, eta ohituragatik, eskelengatik, kirolagatik edota herri informazioagatik, euskaldun gehienek erdarazko egunkarietara jotzeko ohitura zuten. Aldizkari hau zen, bada, getariar gehienek euskara hutsean irakurtzen zuten bakarra. Gainerakoan, herri euskalduna izan arren, ez libururik, ez egunkaririk, ez beste ezer getariar gehienen irakurketa ohituretan. Etxe askotan, HITZAk aldatu zuen hori hein batean. Edozein harremanetan bezala, harpidedun haietako batzuk bidean geratu ziren, beste batzuk ezagutu ditugu aurrera egin ahala, eta gehienek HITZArekin segitzen dute.

Independentea, euskaltzalea, kalitatekoa eta plurala. Hasierako oinarriei eusteko lanean ari da gaur egun ere HITZA argitaratzen duen lan-taldea. Oztopoz beteta ageri da askotan bidea, euskaldun izatea nekeza den herri honetan. Diseinu berritua, webgunea, herritarrengandik hurbil dagoen edukia, harpidedunentzako zozketak, euskarazko iragarki laburren sarea, eta beste hainbat kontu iritsi dira bost urteotan, bereziki nabarmendu beharrekoa den milaka harpidedunen babesarekin batera.

Bost urte eta gero ere, hasieran esan genuen moduan, zuena da HITZA. Orain arte bidelagun izan zaituztegun guztiena, eta oraindik ere egunero euskaraz irakurtzen hasi ez zareten guztiena. Lehenengoei, mila esker. Bigarrenei, ongi etorri.

[ Artzape aldizkaria, 2009ko urtarrila ]

09.01.29

17:44:41 , gaRi* , 348 hitz, 360 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Ez diren gauzak ere badira

Litezkeen gauzarik ederrenak ez dira.
Mezurik sakonenak ez dira oraindik esan.
Herrialde gehienak herrialde ezezagunak dira.
Ez den zenbat gauza, ez den zenbat jende den munduan.
Ez den herrialdean sortu ginen eta, geu ere,
izan, esan gabe doa, ez garena gara.
Dena gabezia, dena atzetasuna, dena bitartea,
dena hutsaldia, dena aldartea, dena lekutasuna.
Eta egiteko gehienak egiteke ditugu.
Poemarik behienenak izkiriatzeke daude…
Ez diren gauzak ere badira.
Bizitza, ez diren gauzez ere osatzen delako.

Joseba Sarrionandia

Interneten .EUS domeinua lortzeko aspaldi ari dira lanean PuntuEus elkarteko lagunak, hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlanean. Gaur ezagutarazi dute ekimena hedabideen aurrean.

Helburu argia dute: euskarari “interneteko eremu birtualean nazioarteko aitorpena eskainiko dion ikur edo sinboloa sortzea: .EUS domeinua”.

Izan ere, interneten, hizkuntza guztien artean 38.a da euskara
[ http://jcmc.indiana.edu/vol12/issue4/gerrand.html ].

“Euskarak bildu gaitu PuntuEus Elkartean. Euskarak eta bere erronka berriek elkartu gaituzte. Euskarak, bere txikitasunetik, erronka guztiei erantzun behar dielako elkartu gara gaur hemen. Eta guk erronka horietako bati heldu diogu: euskara eta euskal kultura Interneteko espazioan ikusgarri bilakatzeari, hain zuzen. Euskararen eta euskal kulturaren Interneteko presentziari, izanari, izena jarri nahi diogu”.

Argiago ezin da hitz egin.

Mapetan ukatutako herria da gurea. Lur bat aldarrikatzen dugu gure minarentzat. Ez gaude inon, baina bagara. Ez diren gauzak ere badira. Ezin ederrago idatzi zuen marinel zaharrak: “Ez den herrialdean sortu ginen eta, geu ere, izan, esan gabe doa, ez garena gara”. Bagara. Eta bagarenez, ICANN erakundeari hizkuntza eta komunitateei lotutako domeinu berri bat onartzea eskatuko zaio. Nazioarteko erakunde horrek baimentzen ditu interneteko izen, zenbaki eta domeinuen gaineko kontu eta arau guztiak, eta 2005ean onartu zuen hizkuntza eta kulturen komunitateei lotutako lehen domeinua: .CAT

Bide horretan, euskarak interneten ere izena izan dezan eskatuko du orain PuntuEus elkarteak nazioartean. Erakunde publikoen, hizkuntza politikarako sailen, eta euskal kultura zabaltzeko institutu arranditsuen utzikeriaren aurrean, lanerako gaitasuna, konpromiso zehatza eta duintasuna erakutsi du PuntuEus elkarteak, isilpean egundoko bidea eginez.

Orain, denoi dagokigu babesa adieraztea eta dena gabezia eta hutsaldia den lekuan dagokigun izena lortzeko eskaera egitea.

Litezkeen gauzarik ederrenak ez dira. Sortzen ditugun arte.

Herritarrok eta internet erabiltzaileok hemen egin dezakegu bat ekimenarekin.

09.01.07

15:21:05 , gaRi* , 75 hitz, 446 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Fleury Merogis, barrutik

Normalean harresiak gainditzea lortzen ez duten irudiak iritsi zaizkigu Frantziako Fleury Merogis kartzelatik. Izan ere, preso talde batek, bederatzi hilabetez kamera ezkutua erabilita, espetxearen egoera eta bertan preso daudenen egoera ezagutarazi nahian bideo bat grabatu du.

Frantziako Le Monde egunkariak bere webgunean bideo horren zati bat erakutsi du, hemen behean ikus daitekeena, hain zuzen ere.

Gaur egun, Fleury Merogis kartzelan 40 euskal preso politiko daude, horien artean Haimar Arozena zarauztarra.

08.12.30

15:44:24 , gaRi* , 361 hitz, 223 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

106 langile hil dira aurten Euskal Herrian

Aurten langile bat hil da Euskal Herrian.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.
Eta beste bat.

Ehun langile eta sei gehiago hil dira aurten Euskal Herrian lanean.
106 langile.
Zerrenda luzea da.
Eta bakoitzaren atzean egundoko drama humanoa dago.
Bizitzak, familiak eta ametsak hautsita.
106 aldiz.
106 hilotz.
Urtea amaitzera doa, eta 106 langile hil dira aurten Euskal Herrian.

08.12.01

17:22:05 , gaRi* , 356 hitz, 833 aldiz ikusia  
Atalak: Begiradak

Mikel Laboa ez da hil

Ez dut ezkutatuko. Lanetik atera, autoan sartu, musika piztu eta Buztinezko bihotz entzunez negar egiteko gogoa daukat.

Goizean lanera iritsi eta lankide batek Mikel Laboa hil dela esan didanetik, arraro sentitzen naiz. Oso arraro. Erroetatik zerbait erauzi izan balidate bezala da. Ez dakit nola azaldu, baina kasu bakanetan zainetan barrena ibiltzen den sentimendu horietakoa da: oso hurbileko norbait hil izan denean, adiskideak besoetatik erauzi eta ziega urrunetara eraman dituztenean, eta antzeko egoera apurretan sentitu izan dudan zerbait soilik.

Boluetaz akordatzen naiz gaur. Lau gazteren lerdena oroitzen dut, bizitza barik lurrean, eta gau hartan bafleetatik kantari jarraitzen zuen Mikel Laboa hura, erortzean berriro jaikiz ibiltzen joanen direnak gogoratuz. Eta udako gau hartan bezala, zaila egiten zait gaur ere malkoei eustea.

Joseba Sarrionandiaren ama ere oroitzen dut, sukaldean mahaia bostentzat jarrita, aulkian eseri eta leihotik begira, kristala lausotzen duen lurrina kendu gabe, gaur Mikel Laboaren abestiak ondoan dituela. Eta zaila egiten zait talaieroaren gogoetak, hegazti errariak, hegoak ebakitakoak, gogo eta gorputzaren zilbor hesteak eta gainerakoak ahaztea.

Herria oroitzen dut gaur bereziki. Hizkuntzaz akordatzen naiz. Gorputzaz, bihotzaz.

Eta bihotzaz ari naizela, lagun berezi hura oroitzen dut. Ahula, hauskorra, lau gelatako… Ez, barkatu, gauak lau ertz dituen ziega hartako bakardadean, buztinezko bihotzarekin intzirika, negar zara, oi bihotz. Der Tod ist ein Meister, Und du, zur Linken, du, heriotza maisu bat da, eta zu, siniestroa zu, eta ez dakit ez ote den ilun, gaur dena ilun. Leihotik ez da ikusten zelairik berdatzen. Hemen ari gara negarrez, e não obstante chove sobre ti, na cidade.

Ez dakit zergatik, Mikel. Azken batean, ez nau izutzen negu hurbilak, eta badakigu que tudo aquilo que é dominio do coração encolhe-se no lago, no lago do tempo. Badakigu bizirik zaudela. Badakigu herri hau bizi den artean ez zarela sekula hilko. Badakigu, zure ahotsean, ez zaituela iluntzen baratzatikan azken loreak biltzeak, muga guztien arrazoi bila arnas gabe ibiltzeak, arratsaldeko argi betera zentzu denak umiltzeak, amets betezko loa baitakar behin betirako hiltzeak.

Ez dakit zer pasatzen zaidan gaur, baina arraro sentitzen naiz Mikel Laboa hil dela entzun dudanetik. Ez dut ezkutatuko. Lanetik atera, autoan sartu, musika piztu eta Buztinezko bihotz entzunez negar egiteko gogoa daukat.

Zuregatik.

Zuengatik.

08.11.20

12:10:49 , gaRi* , 152 hitz, 312 aldiz ikusia  
Atalak: Kazetaritza

Kazetariak, ala publizistak, notarioak...

Iñigo Aranbarriren Hizlandia irakurri nuenetik, kazetaritzari buruz aspaldian irakurri dudan perla ederrena aurkitu dut gaur Anjel Lertxundiren hitzetan.

BERRIAn argitaratu ohi duen eguneroko Hitz beste zutabean irakur daiteke, post scriptum eta guzti:

PUBLIZISTAK

“Albistea gertakari baten berri ematea omen. Baina denon begien bistan gertatzen den oro —prentsaurreko bat ere barne— albistea da? Ez nago oso seguru, ez daukat oso garbi non dagoen albistearen eta propagandaren arteko muga, ez nuke zin egingo hedabideetako orrialde guztiz gehienak ez direla politikarien, kulturgileen, ekonomilarien, kirolarien, telebisten propaganda.

Demagun, ordea, arrazoi zuela kazetaritza fakultateko irakasle zahar hark, demagun benetako albiste bat —kazetari batek landu behar lukeena esan nahi dut— propagandaren atzean ezkutatzen den horixe dela. Prentsaurreko batean esan ez den horixe, adibidez. Baina ezkutatzen den hori deskubritzeko, galderak egin behar, zirikatu, esan denaren azpiak bistaratzen ahalegindu. Deserosoa da, ordea, eta kazetaritzari errentagarriagoa zaio konpontxo egitea kolore eta esparru gehienetako boterearekin, nahiz horrek publizista bihurtzen gaituela jakin".

08.10.31

10:20:06 , gaRi* , 267 hitz, 356 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Historia berriro irakurriz

Herri baten historiari buruz historialari batek esan dezakeen konturik ausartena irakurri nion aldizkari honetan maiatzean Fernando Txuekari. Herriaren sorrera urtea ez dela, hainbat aldiz batean eta bestean irakurri edo entzun izan duguna eta, zehatzago, Getaria ez zela sortu 1209an. Datorren urtean, beraz, ezin da ospatu herriaren sorreraren mendeurrena. Oroitzekotan, urteurren horren aitzakian, beste zerbait oroitu beharko litzateke, orain arte kontatu diguten historia nork eta zergatik kontatutakoa den hausnartzen hasita.

Txuekaren esanei segika, historialari getariarraren lana hobeto ezagutzeko aukera izan dut hilabeteotan. Honela, duela zenbait aste argitaratu duen Getariako erregearen balea eta Donostiako probestua lana irakurrita, edota Antxon Agirreren Getaria, itsasoaren, zeruaren eta mendiaren artean liburuan barrena usnaka ibilita, nekez geratzen da lekurik zalantzarentzat: Getaria, noizbait, Nafarroako Erresumaren portu garrantzitsuenetakoa izan zen. Antso Jakitunak sortu zuen XII. mendearen amaiera aldera, data zehatzik ezagutzen ez badugu ere. Geroago, 1200. urtean Gaztelak indarrez hartu zituen Nafarroako Erresumaren zenbait lurralde, gaztelu eta hiribildu, eta haien artean baita Getaria ere. Gaztelako errege Alfontso VIII.ak 1209an Getariari berretsi egin zion Nafarroako erregeak emandako sorrerako forua, eta Getariako harresiak berreraikitzeko agindu zuen. Forua berresteak eta harresiak berreraikitzeko aginduak argi erakusten dute 1209 baino lehen ere sortuta eta harresiz bilduta zegoela Getaria, urte askoan besterik uste izan bada ere.

Gaur egun, Zarautz jauregiaren atarian dauden indusketei buruzko paneletan ere irakur daiteke: ‘Hiribildua 1209an sortu ondoren…’. Gezurra. Getaria lehenago sortu zen, Nafarroako Erresumaren baitan, gainera, gaztelarren eskutik iritsi zaigun historiak urte askoan hau isildu eta besterik esan digun arren.

Datorren urtean, beraz, ezer ospatu beharrean, aitzakia ederra daukagu Getariaren historia berrirakurtzeko, gaztelarrek mendeetan zehar ezkutatu diguten guztia agerrarazteko, eta benetako historia oinarrietatik idazteko.

[ Artzape aldizkaria, 2008ko urria ]

08.06.03

11:22:44 , gaRi* , 225 hitz, 611 aldiz ikusia  
Atalak: Paperean tatuatuak

Parrila usainean

Azken hamarraldietan Getarian haurra izan den edonork memoriaren mapan gordeta izango du Pedro Arregi parrilari lotutako irudia, eta baita parrila hartatik atera eta kresalarekin elkartzen zen arrain errearen usaina ere, sorginkeriaz betetako lurrina balitz bezala. Oteizak hain gustukoa zuen usain hura, oraindik ere, Getariaren bereizle nabarmenetakoa da, eta Pedro Arregi da, hein handi batean, usain magiko horren erantzuleetako bat. Bisigua, berdela, mihi-arraina, erroboiloa, itsaskabra, barbarina, lupia, antxoa… miraria bihurtu daiteke edozer Arregiren eskuetan, baita arraina hain gustukoa ez dugunontzat ere.

Horregatik, hitzik galdu gabe, otordu fina balitz bezala dastatu nuen egunkari honek herenegun hari egindako elkarrizketa. Testuan utzi zizkigun amuetan harrapatu ninduen berehala. Angulen aldean, dudarik gabe, antxoak nahiago dituela. Lehengai ona izatea eta hura ongi mimatzea dela sekretu ia bakarra. Edota arrain freskoa, gatza eta parrila besterik ez dela behar horretarako.

Erraz igartzen omen dio arrainari: “Begiratu beti begietara, aurrez aurre pertsonei bezala, eta bizi-bizi badaude, distira egiten badute, freskoa izango da, triste badaude, berriz…”. Libreta horian aspaldi irakurritako hitzekin akordatu nintzen berehala. Idazleak jende askoren distira ikusi duela itzaltzen azken urteotan, kantu bat desagertzen denean bezala, lagunen aurpegiak ilunpeak estalita utzi arte. Eta harrigarria egin zitzaidan, hilda dauden arrainek begiak bizirik izan ditzaketen bitartean, bizirik omen dauden lagunek nola izan ditzaketen begiak hain hilda, distirarik gabe.

Beharbada, arrainaren erdiko trontzoari helduko zioten haiek, guk begi likatsu eta zaporetsuak zupatzea gustukoagoa genuen bitartean…

[ BERRIA, 2008-06-03 ]

08.05.29

18:08:28 , gaRi* , 207 hitz, 575 aldiz ikusia  
Atalak: Euskara

Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [IV]

Iturri ezberdinetatik bi aldiz epaileak gure eskaera ez duela onartu jakin ondoren, Getariako Bake Epaitegira jo dut gaur goizean, ea hori benetan horrela den galdetzera. Baietz esan didate, erantzun hori jaso dutela Azpeitiko epaitegitik: epaileak ez duela gure eskaera onartu eta, beraz, haurra euskaraz erregistratu ahal izateko Getarian ez dugula ez euskarazko libururik eta ez haurra euskaraz erregistratzea bermatuko duen behin-behineko beste ezer izango.
Hori entzunda, epaitegiaren erantzun ofiziala idatziz jaso nahi dugula esan diet, hurrengo urratsak eman ahal izateko. Epailearen aurkako salaketa, esate baterako.

Izan ere, hiztegira jo eta hau aurkitu dut:

prebarikazio

iz. ZUZ. Funtzionarioek edo justiziarekin erlazioa duten langileek, maleziaz beren karguak edo lanbideak dituen eskakizunei uko egitean edo hauek behar bezala ez betetzean datzan delitua.

Argiago, ezin.
Alegia, epaileak badaki legeak haurra euskaraz erregistratzeko eskubidea aitortzen digula (besteak beste, lege horren kopia ere pasatu geniolako eskaerarekin batera), eta legeak dioena baztertzean, gure eskakizunari uko egitean eta dagokion lana behar bezala ez betetzean prebarikazio delitua egiten ari da.

Hurrengo urratsa, beraz, epailearen aurkako salaketa bideratzea izango da, eta salaketa horrentzat ahalik eta babes handiena lortzea.

Kontu honen inguruko beste atalak:
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [I]
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [II]
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [III]

1 2 3 >>

Uztaila 2009
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Paperean tatuatutako hitzak, eguneroko kontuak, kazetaritza, eta beste hamaika begirada...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software