Ustekabeko istripu batek saminez bete du asteburu honetan aldameneko herria. Bizitza ametsez beteta zuen 23 urteko gazte bat hil da, larunbat goizaldean, kirol portuaren eta ontziolaren arteko aparkalekuan zegoen autoa uretara erorita.
Bidegabea bezain ankerra izan da istripua, istripu gehienen antzera, eta gaztearekin zegoen neskari, senideei eta lagunei aldi luze batean ezerk ez die beteko ezbehar honek utzitako hutsunea. Horregatik esan behar da, lotsarik gabe, istripua izan den arren, ekidin zitekeen istripua izan dela. Lan istripuak ere istripuak izaten baitira, bidegabeak bezain ankerrak haiek ere, baina ekidin daitezkeenak gehienetan. Lanean norbait hiltzen denean oro har sindikatuek aldarrikatzen duten bezala, patronalaren interes ekonomikoekiko proportzionalak diren lanerako baldintza eskasek eragiten dituzte istripuak. Batzuen negozioa lehenesten da langileen eskubideen eta bizitzaren gainetik.
Istripu mingots honen berri izan orduko otu zitzaidan sindikatuak lan istripuen aurka protesta egitera ateratzen diren modu berean salatu beharko litzatekeela larunbatekoa ere. Etxebizitza eskubidea bermatuta ez dagoenean, espekulatzaileen negozioak eta interesak gazteen eskubideen gainetik daudenean, autoa bihurtzen baita gazteen habia, bikoteen isilpeko bilgune, amodioaren aparkaleku. Kasu honetan bezala. Istripua izan da, noski, baina erantzule zuzenak dituen istripua: kostaldea salgai dutenak, etxebizitzarako eskubidea urratuta dagoela baliatuz negozioa egiteko erreparorik ez duten etxe agentziak, horiek zabaltzeko lizentzia sinatzen dutenak, hori bermatzen duten lege zeharo etikoak, bikoteen ametsak autoetan giltzapetu nahi dituztenak. Hildako bat duzue orain zuen bulego dotoreetan. Espekulahiltzaileak.
[ BERRIA, 2008-05-13 ]
Irratian ia goizero entzuten dut Elebideren iragarkia, hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzua dela eta nire hizkuntz eskubideren bat urratuta sentitzen baldin badut beraiekin harremanetan jartzeko aholkatuz.
Aste honetan, beraz, berriro idatzi diet, pasa den astean eskubide urraketa baten berri eman niela eta konpon dezaten dagokiena egiteko eskatu niela gogoratuz, eta ez dudala erantzunik jaso esanez. Oraingoan erantzun didate. Atzo (2008-05-08) j nuen Elebideren mezua, ‘intzidentzia’ onartu dutela esanez, eta nire kexaren berri emateko Justizia Ministerioarekin harremanetan jarriko direla esanez.
Hau da Elebidek atzo helarazi zidan mezua:
Intzidentzia onartu egin dugu
Jaun hori:
Jaso dugu zure kexa Elebide, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuan, eta, alde horretatik, mila esker eman nahi dizkizugu gurekin harremanetan jartzeagatik.
Jakinarazpen honen bidez, intzidentziari 364252 erregistro zenbakia esleitu zaiola adierazten dizugu. Hemendik aurrera, erregistro zenbaki hori erabiliko dugu gure arteko harreman eta kontsultetan.
Horretaz gain, jakizu ez dugula zure datu pertsonalik zabalduko (Datuen Babeserako 15/1999 Lege Organikoari jarraiki), eta zenbaki hori bera erabiliko dugula dagokion erakundearekin harremanetan jartzeko.
Justizia Ministerioarekin jarriko gara harremanetan zure kexaren berri eman eta legezko betebeharrak gogorarazteko.
Berriren bat dugunean jakitera emango dizugu.
Agur bero bat.
ELEBIDE, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko ZerbitzuaHizkuntza Politikarako SailburuordetzaEusko JaurlaritzaTel:012@: elebide@ej-gv.es
Batetik, irratiko iragarkian eskubide urraketa zena ‘intzidentzia’ bihurtu dute orain. Bestetik, nik ez nuen inolako kexarik aurkeztu, eskaera baizik, gure haurraren eskubideak berma zitzaten eskatuz. Erakunde publikoak herritarren eskubideak bermatzeko daude, eta ez horiek urratzen direnean herritarren kexak eta purrustadak jasotzeko. Ni ez naiz inon kexatu, gure haurra euskaraz erregistratzeko eskubidea bermatzeko eskatu dut, besterik ez.
Arartekoari dagokionez, pasa den astean (2008-04-29) jaso genuen erantzuna:
ARARTEKO
Prado, 9 Telef: 945-13 51 18
01005 VITORIA/GASTEIZ Fax: 945-13 51 02
Jaun hori:
Zure kexa idazkia e-mailez jaso dudala egiaztatzen dizut. Ahalik eta lasterren emango dizugu erantzun bat. Idazki horren tramitazioa dela-eta izango ditugun harremanetan, gu behintzat, ohiko postaz baliatuko gara hemendik aurrera.
Begirunez.
ARARTEKOA
Iñigo Lamarca Iturbe
Atzo, berriz, Getariako Bake Epaitegira joateko hots egin zigun bertako erregistro zibileko arduradunak, eskaera erregistratu genuenean idazkaria bajan zegoela, eta haren sinadura behar dutela eskaeraren kopia guztiek, eta ea guk genituen kopiak eraman genitzakeen idazkariak sinatzeko.
Eskaeraren eta Bergarako autoaren kopiak eraman genizkion, eta azkenean haiek ere sinatu zituen idazkariak. Erregistro zibileko arduradunak ‘berandu’ gabiltzala esateko lotsarik ez zuen izan atzo, haurra hemendik hiru bat astera jaioko dela aurreikusita. Berandu? “Badakizu teorian euskara noiztik den ofiziala Getarian? Zuek zabiltzate berandu, 30 urte!”. Ez zuen beste erantzunik merezi.
Azkenik, kasuaren jarraipena egiteko beharrezkoa dutenez, Behatokiari gaur helarazi diogu erregistroko sarrera zigilua duen eskaeraren kopia.
Ikusten duzue: haurra iritsi baino askoz lehenagotik, paperak batera, mezuak bestera, faxak hara, bake epaitegitik beste buelta bat… gure haurra euskaraz erregistratu nahi dugulako, besterik gabe. Hain egoskorrak ez bagina, amore eman, nazkatu, eta haurra erdaraz erregistratzen amaituko genuke, orain arte gainerako guztiek egin duten moduan.
Baina egoskorkeria baino gehiago eskubide kontua denez… laster izango duzue laugarren atalaren berri.
kontu honen inguruko beste atalak:
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [I]
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [II]
Segundo bakar batean aldatu daiteke zure bizitza, eta inoiz ez dakizu noiz izango den. Lanbrotuta esnatu den egunak ekar dezake eguzki koloretsuena, oharkabean. Artean dozena bat urte izango nituen nire eskuetara John Steinbecken Perla iritsi zenean, kasualitatez. Auzoren bateko festetan izan zen, marrazki lehiaketaren batean edota haurrentzako lasterketaren batean parte hartu eta gero. Guztientzat izaten da sariren bat horrelakoetan, eta beste batzuei santxeskiak, margoak, ura botatzen duten pistolak, flotadoreak, gozokiak, txanperoak, sokasaltoan aritzeko sokak, edota baloiak bezala, niri Ruper Ordorikak euskaratutako liburu hura suertatu zitzaidan.
Ez dut esango irakurzaletasuna hark sortu zidanik, baina bai areagotu. Hunkitu egin ninduen Kino arrantzalearen, Juanaren eta haien semearen istorioak, behartsuenen duintasunak eta etikarik gabekoen zurikeriak. Perla ederra izan zen ustekabean nobela labur hura aurkitzea.
Igande ilunabarrean telebistako albistegi batean ikusi nuen albisteak ekarri dit gogora liburu hura: 15.000 ostratik behin agertzen da perla bat, eta Bartzelonako jatetxe batean bi aurkitu omen dituzte bezeroek azken hilabeteotan, estatistika guztiak hautsiz.
Arauak bezala, horretarako baitaude estatistikak ere, hausteko. Ez dakit zenbat begiradatik behin agertzen den perla bat. Ez dakit zenbat irribarretik behin hausten den bihotz bat. Baina arau eta estatistika guztiak hausten direnean, lanbrotuta esnatu den egunak oharkabean eguzki koloretsuena ekartzen duenean, bizitza bera bihurtzen da perla ederrena. Eta zure begiak ditu.
[ BERRIA, 2008-05-06 ]

Porlanezko eraikin bat ageri zen larunbatean egunkari honen azalean, tiroek goitik behera zulatuta, hedabideetan Bagdad, Beirut, Kabul edo Ramalako etxeak erakusten dizkiguten moduan. Horrelakoa izaten da gerrarekin oheratzen diren hirien larrua. Horrelakoa izaten da sarraskiaren eta erresistentziaren soinekoa.
Saminaren postalak dira eraikin horiek, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugarriak. Suntsitutako etxeak, baina lorontzi gorri bat dutenak leihoren batean. Orduan egiten du tiro argazkilariaren begiak. Larunbatean egunkari honek azalean erakutsi zigun argazkian bezala. Palestinar bat ageri zen gerrak zulatutako eraikin horretan, balkoitik begira, lehortzera esekitako izaren eta arropen artean. “Israelen blokeoa salatzeko atzo Rafan egin ziren protestak etxetik jarraitu zituzten irudiko palestinarrek”. Bi solairu gorago, beste hiru palestinar ageri ziren, haiek ere tiroen eta zuloen artean, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugarritik kalera begira.
“Hamasek egindako su-eten eskaintza baztertu du Israelek”, zioen titularrak, argazkiaren azpian. Balizko terroristak izanen ziren beharbada argazkikoak. Israelen arma demokratiko eta etikoek inolako erreparorik gabe suntsitutako eraikinean, pasatu duten guztia eta gero ere oraindik bizirik, errealitate ankerrari begira, zutik, falta direnak ahaztu gabe.
Igandean, oharkabean, argazki bera argitaratu zuen egunkari honek azalean, euskal bertsioan. Balizko terroristak ageri ziren argazkian, oraingoan izenarekin: Txomin, Kepa, Itziar, Tasio, Angel. Zulatutako eraikina, baina lorontzi gorriekin leihoetan. Pasatu duten guztia eta gero ere oraindik bizirik, kalera begira, zutik, falta direnak ahaztu gabe. Aurrean, errealitate ankerra. Israel, leporaino armatuta, baina arma demokratiko eta etikoekin.

[ BERRIA, 2008-04-29 ]
Haurra euskaraz erregistratu ahal izateko Hizkuntz Eskubideen Behatokiak zehaztutako jarraibideak segituz, atzo egin genuen dagokion eskaera Getariako Bake Epaitegian.
Behin epaitegiari eskaera hori eginda, gure kasuaren berri eman diogu Behatokiari, eta idatziz beste lau eskaera ere egin ditugu atzo eta gaur: Getariako Euskara Teknikariari, Urola Kostako Udal Elkartearen Euskara Zerbitzuari, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sortu eta “Hizkuntza Eskubideak bermatzeko zerbitzua” omen den Elebide zerbitzuari, eta EAEko herri defendatzailea den Arartekoari.
Azken lau hauei eskaera bera egin diegu: 2005eko ekainaren 22ko 12/2005 Legeak inskripzioak euskaraz egiteko eskubidea aitortu arren, eskubide hori gauzatu eta bermatzeko mekanismorik ez dutenez abian jarri administrazioek, gure hizkuntz eskubideak urratuak izan ez daitezen eta, batez ere, jaio orduko gure alabak oinarrizko eskubideak urratuak izan ez ditzan, Getariako Bake Epaitegian idatziz aurkeztu dugun eskaeraren jarraipen zehatza egin dezatela, guk larritzat jotzen dugun eskubide urraketa hau ekiditen lagunduz, horretarako eskumena duten administrazioei gure haurra jaio baino lehen Getarian haurra euskaraz erregistratzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eskatuz, eta horretarako beharrezkoak diren gestioak euren gain hartuz.
Hurbilenek erantzun dute dagoeneko.
Getariako Euskara teknikariak sarrera eman dio eskaerari, eta Azpeitiko Lurralde Epaitegira idatzi bat bidaltzea proposatu du, erregistro liburua lehenbailehen euskaraz bidal dezaten eskatuz.
Urola Kostako Udal Elkartearen Euskara Zerbitzuaren arduradunak, berriz, proposamena areago zehaztu du: udaletako Euskara Zerbitzuen bidez (euskara teknikarien laguntzarekin) idatzi bat prestatuko dute, herri bakoitzeko alkateak (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako alkateek) bere herriko bake epaitegiari bidal diezaion. Idatzian euskarazko erregistro libruuak jartzeko eskaera formala egingo diete alkateek dagokien herrietako bake epaitegiei, Behatokiak eskura jarri duen idatzia erabiliz.
Hizkuntz eskubideak bermatzeko Elebide zerbitzuaren eta herri defendatzailea den Arartekoaren erantzunik ez oraingoz.
kontu honen inguruko beste atalak:
· Haurra euskaraz erregistratu nahi dugu, besterik ez [I]
Zergak ordaintzen ditugun herritarron eskubideak bermatu beharrean negozioa egiteaz arduratu diren agintarien kudeaketak ondorio sinple bezain tristeak ditu: Euskal Herrian, 2008an, euskaldunok ezin dugu euskaraz bizi.
Ez soilik euskara ofiziala ez den lurraldeetan, Nafarroako hainbat zonaldetan, Lapurdin edota Zuberoan. Euskal Erdiko Autonomia Erkidegoan ere berdin, duela auskalo zenbat urtetik hona hizkuntza ofiziala omen den arren. Iruzurra, eta gezurra.
Haurdun gaude. Lehen alaba espero dugu maiatzaren amaiera alderako, eta haurra euskaraz erregistratu nahi dugu. Ez da egoskorkeria, eskubide kontua baizik. Legeak teorian eskubide hori aitortzen digun arren, ordea, praktikan ez da posible. Erregistroetako liburuak ez daude euskaraz, eta haurrak erdaraz erregistratu behar dira.
Baina gu ez gaude horretarako prest. Euskaraz erregistratu nahi dugu haurra. Hori bezain sinplea. Bikotekidea eta biak Getarian erroldatuta gaudenez [biak herri berean erroldatuta egon ezean, haurra ezinbestean Donostian erregistratu behar da], bertako Bake Epaitegian izan gara gaur gure asmoaren berri emanez. Getarian haurra euskaraz erregistratu nahi duten lehenak garela erantzun digute, eta dauden ‘arazoen’ eta ‘zailtasunen’ berri ematen hasi zaizkigu. Horiek guztiak ezagutzen ditugula eta amore emateko prest ez gaudela esan diegu.
Antzeko egoeran daude haurdun dauden beste zenbait adiskide ere. Zarautzen haurra euskaraz erregistratu nahi duten lehenak dira haiek, eta gure antzera odisea honi ekin diote, dagokien eskubidea bermatu ahal izateko, besterik gabe. Antzera dabil Bilbon bizi den beste zarauztar bat ere, eta baita Arrasateko beste bikote bat ere (hauen odisearen berri, bideo honetan).
Aurrerantzean, beraz, euskara ofiziala omen den herririk euskaldunenean ere gurasoek haurra euskaraz erregistratu ahal izateko dituzten trabak, arazoak eta pasatu beharreko odisea guztia kontatuko dugu lerro hauetan, herritarron eskubideak bermatu beharrean negozioa egiteaz besterik arduratzen ez diren horiek, oraindik lotsarik geratzen baldin bazaie behintzat, zerbait egin dezaten behingoz euskaldunon eskubideak benetan bermatzeko.
Herri batzuetan, moda kontuengatik, jendeak dirua soberan duelako, edo auskalo zergatik, autoak bakoitzaren gustuaren eta diruaren arabera pertsonalizatzeko joera errotuta dago. Tuning izena du fenomenoak, eta “autoa tuneatzea” esaten zaio sosak horretara bideratzeari.
Herri askotan, eredu eta estereotipo zehatzen eraginagatik, osasun arazoengatik, edo publizitateak milaka lagun gorputzaren gatibu bihurtu dituelako, bularrak, ezpainak edo beste zerbait aldatzeko joera dago. Horrelakoetan, “dermoestetika” esaten zaio besteen osasunaz edota konplexuez baliatuz negozioa egiteari.
Zenbait lekutan, azken asteotan, autoa pertsonalizatzearen eta gorputza aldatzearen arteko aldaera berezia indartu da: garuna edo burua tuneatzea erabaki dute ehunka lagunek, eta zenbait herritan psikosi kolektiboa eragin du ingurukoak eta senideak hiru egunetan erabat aldatu direla ohartzea, ezezagunak bihurtzeraino. Oro har, “coaching” izena eman diote azken aldaera honi, coaching ikastaroak, berez, bitarteko onak diren arren zerbait gehiago bilatzen edo behar duten garunentzat, elizara, mezkitara, psikologoarengana edota beste laguntzaile batengana joaten direnen kasuan bezala.
Azpeitiko www.uztarria.com izan da azken egunotan herrian sortu den psikosiaren lekuko, eta ez da harritzekoa. Arrazoi bategatik edo besteagatik bakoitzak autoa, gorputza edo garuna tuneatzeko duen askatasunaren gainetik, gehiegi baitira hainbat ereduk jendearengan sortzen dituen behar psikologikoak eta baloreak asetzearen aitzakian negozio iluna egiten dutenak, dermoestetika, coaching edo dena delako izen eta abizenen babesean.
[ BERRIA, 2008-04-22 ]
Izokina arrain harrigarria da. Oraindik ezezaguna zaigun indar misteriotsu baten ondorioz, sortu zen ibaira itzultzen da itsaso urrunetan barrena ibili ondoren, errutera, eta espeziearen erreprodukzioa bermatu ondoren hiltzen da, geroago jaioko diren ehunka izokin berriren sorlekuan.
Paola Bridda ere sorlekuan ehortzi zuten pasa den asteazkenean, Italiako Treviso herrian. 38 urte zituen, eta minbizia atzeman zioten hainbat hilabete lehenago, haurdun zegoenean. Gaitzari aurre egiteko ezinbestekoa zuen kimioterapia tratamendua ezingo zuen jasan sabelean zeraman haurrak, eta batzuetan halabeharrez hartu beharreko erabaki anker horietako bat hartu behar izan zuen amak: bere bizitzaren alde egin, kimioterapia saioak onartu eta haurra galdu, edota minbiziari aurrera egiten utzi, haurraz erditu eta haren irribarrea ikusi ondoren hil.
Bigarren aukera hautatu zuen Paola Briddak. Nahiago izan zuen kimioterapiari uko egin eta haurrari bizitzen uztea, horrek minbiziari eta bere heriotzari bidea zabaldu arren. Ernalketaren zortzigarren hilabetean jaio zen Nicola, eta ama pasa den astean hil zen, gaitzak hartuta. Botere edo diru apur bategatik batzuek ama ere salduko luketen garai hauetan, ondorengoen bizitza salbatzeko dena eman duen ama honen kasua nabarmentzekoa da behintzat, hedabideak izokinei beharrean marrazoei begira egoten diren arren.
Erabakiak hartu beharra omen da bizitza, Anarik abesten duenez. Batzuetan, ordea, erabakiak hartu beharra heriotza ere izan daiteke.
[ BERRIA, 2008-04-15 ]
Igande goizean, Atarrabian Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatzekoa zenez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburua elkarrizketatu zuten euskarazko irrati publikoan, «Hizkuntz Eskubideak bermatzeko» Elebide zerbitzua aitzakiatzat hartuta. Irratia itzali nuen. Beharbada antolatzaileekin geroago hitz egiteko asmoa zuten. Seguru, baina EHEk antolatutako ekimen baten harira euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuta segitzea ahalbidetzen duen hizkuntza politikaren arduradunetako bat elkarrizketatzea beste inor baino lehen iraingarria iruditu zitzaidan.
Behin erabili izan dut Elebide zerbitzua, kuriositatez, hizkuntza eskubideak urratuak ditudan eguneroko milaka kontuetako baten harira. Zegokionari helarazi zioten zegokiona, eta kito, baina salatu nuen eskubide urraketak bere horretan segitzen du, noski. Herritarren eskubideak legez bermatu behar ditu gobernu batek, eta ez eskubide urraketen inguruko herritarren kexak eta iradokizunak biltzeko eta dagokionari dagokion purrustada botatzeko zerbitzua kudeatu.
Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten eta Franco hil zen udazkenean sortu nintzen. «Demokraziaren» belaunaldian. Baina 33 urte geroago, besteak beste, zineman ezin dut filmik ikusi euskaraz, haurra ezin dut euskaraz erregistratu, familia medikuak ez daki euskararik, zenbait zinegotzik udal osoko bilkuretan erdaraz hitz egiten duenean inork ez dit itzulpen zerbitzurik eskaintzen, gidabaimena eta beste agiri batzuk berritzerakoan nire hizkuntzan hitz egiten badut beste planeta batekoa banintz bezala begiratzen didate, euskarazko hedabideentzat limosna soilik bideratzen da, eta asko aurreratu dugula eta bide onean goazela entzuten diet agintariei. Hori euskara ofiziala omen den euskal erdiko autonomia erkidegoan. Nafarroan bizi nintzenean, ironia ez zen hain garratza behintzat.
[ BERRIA, 2008-04-08 ]
Astelehenero elkartzen dira, lehen orduan, Aneren aholkuak entzutera, lasaitzera, ariketak egitera, elkarrekin egotera, sentitzen dutena adieraztera eta ikastera. Irune, Ainara, Edith, Josune, Eider, Amaia, Elbira, Naiara eta beste zenbait emakume dira, eta haurdunaldiaren azken asteetan daude guztiak.
Astelehenero elkartzen dira, lehen orduan, baina ez dira amagai bakarrak. Badira lehenago bildu direnak ere. Eta geroago iritsiko direnak. Edota hauen antzera, ama izatearen esperientzia, edertasuna eta beldurra orain bizi dutenak, baina beste talde batzuetan, beste herri batzuetan, beste baldintza batzuetan.
Beharbada ez dira konturatzen, baina beraiek gabe hutsalak dira enpresarien aurreikuspenak, alderdien kalkuluak, plan estrategikoak eta etorkizunari lotutako egitasmo guztiak. Zenbakiek, interesek, diruak, ikerketek eta gainerakoek ez dute ezertarako balio amagairik gabe. Ezinbestekoak dira.
Hala ere, urteko lehenengoak eta antzeko salbuespen bereziak kenduta, oro har ez dute egunkarietako titularretan edo lerro galduetan lekurik. Hilketak albiste dira, eta izan behar dute. Heriotza albiste da. Baina jaiotzen protagonistek, erditzen diren emakumeek, omenaldirik gabe sortzen dute etorkizuna. Isilpean ekartzen dute bizitza munduarentzat.
Horregatik, miresmenez esertzen naiz astelehenero haien ondoan, Haimarrekin, Fabriziorekin eta ahal dutenean agertzen diren gainerako bikoteekin batera, dagokigun apaltasunarekin. Izan ere, ikasgai aberatsa da historiaren benetako protagonistei begira erabateko inutila sentitzea.
[ BERRIA, 2008-04-01 ]
Duela bi urte zabaldu zuten bost mende dituen harrizko eraikina, eraberritu eta hotel bihurtua, eta ordudanik Larraitz bertan aritzen da lanean, batez ere harreran. Ez ditu bi urteotan igaro diren bezero guztiak gogoan, baina badaki ostiralean iritsi zen neskak eman zituela lehen ere zenbait egun itsasora begira dauden gela berezietako batean.
Datuak sartu orduko, memoria baino lagun hobea izan zuen ordenagailua: Emilie Flöge. Austriarra. Mutil batekin hiru gau igaro zituen duela bi urteko udan, zazpigarren gelan. Gela hura libre ote zegoen galdetu zuen ostiralean, eta baietz erantzun ziotenean hiru gau pasatzeko hartu zuen ostatu. Maleta bat soilik ekarri zuen, eta Larraitzek gau osoan ahaztu ezin izan zuen irribarrea. Samurra bezain ausarta.
Bi urte geroago norbait leku berera itzultzera zerk bultzatzen duen pentsatzen aritu zen ostiral gauean. Norbaitekin ezagututako eta besarkatutako lekuek zergatik duten halako erakarpen indarra. Emilieren begiak eta irribarrea zergatik diren hain arriskutsuak.
Larunbat arratsaldean, hoteleko kafetegian liburu batean bilduta ikusi zuenean, kafe batera gonbidatu zuen, eta Emiliek baietz erantzun zion. Ohartzerako igaro zitzaien denbora, bizitzaz, iraganaz, euriaz, bihotzaz, koadroez, zabalik geratutako ateez eta harremanez solasean, ezezagunekin soilik hitz egin daitekeen bezain sakon. Igande goizean elkarrekin leundu zituzten azken asteotan denboraleak labarren magalean dagoen hondartzara ekarritako harriak, eta igande gaua azken gaua izan zen. Atzo itzuli zen Emilie, maleta batekin baino askoz gehiagorekin.
Agurtzerakoan idatzi zuten musua ezpainetan sentitzen du oraindik Larraitzek, eta irribarre egiten du harreran dagoen koadroari begiratzen dion bakoitzean: Uretako sugeak. Gustav Klimt, ur-margoa eta urre koloreko pintura pergamino gainean. 50 x 20 cm.
[ BERRIA, 2008-03-25 ]

[ Uretako sugeak, Gustav Klimt. Iturria: en.wikipedia.org/wiki/Gustav_Klimt ]
Erromatarrek gurutziltzatu eta hiltzera kondenatu zutenean, Mariaren eta Joseren semearen bizitza eredu bihurtu zen apostoluentzat, eta munduan barrena haren hitza, ibilerak eta ikasgaiak zabaltzera atera ziren. Ordudanik, bide luzea egin du kristautasunak, odoltsua mendeetan barrena, eta eskuzabalagoa azken hamarraldietan, bidegabekerien sustraiak erakutsi eta horiek ezabatzeko lan egin beharrean limosna biltzeaz eta banatzeaz gehiago arduratu den arren.
Hala ere, milaka dira gurutzean hil zuten haren oinordeko zintzoak. Benetako kristauak. Berdintasunean oinarritutako mundua amesten dutenak. Baina kezkatuta dabiltza azkenaldian: elizak hutsik daude, santuak egutegia gorriz betetzen duten jaiegunak besterik ez dira, Eguberriak kapitalismoaren merkatu erraldoia bihurtu dira, gazteek apenas ezagutzen dute belaunaldiz belaunaldi honaino iritsi den mezua, eta Aste Santua oporretara ihes egiteko aitzakia besterik ez da. Ez dute etorkizunik ikusten.
Ez kezkatzeko esaten diet horrelako lagunei. Elizak hutsik dauden arren, oraindik ere erraietan tatuatuta dauzkagu inkisizioaren ametsak, eta zikiratuta segitzen dugu. Harreman eredu berriak eraikitzeaz hitz egiten dutenak ere kontraesanen putzutik atera ezinik dabiltza. Ezer ez da aldatu hemen. Oro har, monogamiaren itzalak bahitua du euskal gazterik iraultzaileena ere, eta bekatuak barkatzeko isurtzen den odol bakarra telediarioetan agertzen diren eraildako emakumeena da. Begiratu ispilura, eta ikusiko duzue: inkisizioa osasuntsu dago oraindik, eta ogiak eta arrainak biderkatzea baino mirari handiagoak beharko ditugu sendatzeko.
[ BERRIA, 2008-03-18 ]
Herenegun Urtzi Urrutikoetxeak egunkari honetan idatzitakoak ezin du argiago adierazi Arrasaten gertatutakoari buruzko milaka euskal herritarren hausnarketa: «Dorrea ezin jan, eta jadanik peoi ere ez denari jotzea ankerregia da». Horregatik, ankerkeriaren neurriak asaldatuta, ulergarria da hainbaten samina eta haserrea, batez ere egunero gatazkaren ondorioak zuzenean sentitzen dituztenen kasuan. Ulergarria da ankerkeriaren neurriak herritar asko eta asko kalera ateratzea, Euskal Herriak salbuespen egoera bizi duela eta nahikoa dela esatera otsailaren 14an herritar asko eta asko kalera atera ziren modu berean. Azken batean, batzuek alde batekoei, besteek bestekoei eta zenbaitek bi aldeetakoei nahikoa dela esatea edozein gatazkaren logikan sartzen den egoera gordina da.
Gatazka guztiek dute, halaber, idatzi gabeko kode etikoa: jadanik peoi ere ez denari ez jotzea, edota kazetariei lanean lasai uztea, esaterako, alderen batean oraindik kode etikorik geratzen dela sinetsi nahi izanez gero behintzat.
Horregatik, kaskilo hutsek betetzen duten amorrua ulertuta ere, bizi duten egoera pertsonalak erotzerainokoa behar duen arren, onartezina da hainbat ordezkari eta langile publiko erotzea, kazetariei erasotzeraino. Kode etikoa zer den ez dakiten indar armatu publikoekin askotan gertatzen da, baina herenegun, hainbat herritan, zinegotziak ere oldartu zitzaizkien komunikabide ezberdinetako kazetariei, «hiltzeko argazkiak» ateratzen dituztela eta antzekoak esanez, Donostian, Uribe Kostan, Oreretan edota Zarautzen.
Peoiak ere ezin menderatu, eta partidaren argazkiak ateratzen dituena jotzea galtzaile petralaren kontua da.
[ BERRIA, 2008-03-11 ]
Gaur goizean, Euskadi Irratian:
Baionatik Pasaiara zetorren karga untzi batek istripua izan du Jaizkibelen
www.berria.info webgunean, berriz, honela irakurri dut:
Baionatik Pasaiara zihoan karga untzi batek istripua izan du Jaizkibelen
Irratiko esatariari ahaztu egin zaio nonbait Baionan ere badela albiste hori entzungo duenik, sukaldean gosaltzen ari den bitartean edota autoan lanera doan bitartean.
Informazioa ematerakoan zein den eta nongoa den kazetariak buruan duen balizko entzulea. Hori da aldea, eta ez nolanahikoa.
Zibilen aurkako erasoaldi basatiak egin eta dozenaka haur hiltzen dituztenekin akritikoak direnek ez dute inolako eragozpenik negozioak egiteko sionismoaren sustatzaile diren enpresa handiekin.
Espainiako erakunde armatuekin akritikoak direnek ez dute inolako eragozpenik kontrol militarrak onartzeko beraiek kudeatzen dituzten autobideetan, erabiltzaileei bidesaria kobratu arren.
Emakumeen aurkako indarkeriarekin akritikoak direnek ez dute inolako eragozpenik egoerak bere horretan iraun dezan, arazoari sustraietatik heldu eta benetako aldaketa estrukturalak bultzatu beharrean.
Torturatzaileekin akritikoak direnek ez dute inolako eragozpenik torturaren ondorioz eskuratutako informazioa erabili eta euskal herritarrak etakide bihurtzeko, ustezko kargurik gabe, hauteskunde kanpainaren barneko propaganda operazioetan.
Gero eta hildako gehiago eragiten duten lan istripuekin akritikoak direnek ez dute inolako eragozpenik kontzientzia odol tanta apur batzuekin zipriztinduta sentitzeko, negozioa ondo baldin badoa.
Ez dakigu zenbat haur gehiago hil behar dituzten Ekialde Hurbilean, zenbat euskal herritar gehiago torturatu behar diren inkomunikazioaren babesean, edo zenbat emakume eta langile gehiago lurperatu behar ditugun eskuin erradikala apur bat asalda dadin, eta hauteskunde kanpainan ere edozeinen bizitzak boto batek baino gehiago balio duela senti dezan.
Euskal Erdiko Autonomia Erkidegoan bizi naiz ni, hildakoen eta akritikoen artean. Zuek, non bizi zarete?
[ BERRIA, 2008-03-04 ]
Kuban, iraultza gailendu zenean, errebeldeek gotorleku militarrak eta kuartelak mendean hartu eta askatasunaren eskola bihurtu zituzten. Lehenengoa Fidelek inauguratu zuen, eta orduan eskaini zien hitzaldi oso bat haurrei lehen aldiz. Hitzaldi hartan, besteak beste, iraultzaile onak izateko ikasi egin behar dela nabarmendu zuen komandanteak, ikasten ez duenak, nahi izanda ere, ez baitaki gauzak ongi egiten.
Marrazki ederrekin osatu eta liburu moduan argitaratu zuten hitzaldi hura geroago, eta oraindik ere Kubako eskola askotan oinarrizko irakurgai preziatua da. Itsasoa zeharkatu, isiltasuna hautsi eta lan hura euskarara ekarri genuenean apur bat gehiago ezagutu eta maitatu genuen Fidel. Hitzaldi hura eman zuenean errebelde bizardun haien amets hutsak zirenak, denborarekin iraultzaren benetako taupadak bihurtu ziren: eskolarik gabeko haurrik ez, ospitalerik gabeko gaixorik ez, eskubiderik eta heziketarik gabeko herritarrik ez, erantzunik gabeko bidegabekeriarik ez eta, batez ere, duintasunik gabeko herririk ez.
Ordudanik, zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, blokeoak blokeo eta gezurrak gezur, Kuba ispilu eguzkitsua izan da kapitalismoaren diktadura basatitik kanpo bestelako mundu bat aldarrikatzen dugun askorentzat. Askatasunaren Eskola den uhartea. Haientzat ez da erraza, konpai, baina gainerako guztia, haiek gabe, apur bat tristeagoa litzateke. Gainerako guztia, Fidel gabe, apur bat ilunagoa litzateke.
Ez da uztaila. Baina gaurkoa bezalako egunetan, eguzkia sentitu orduko ezin izaten diot abesteko tentazioari eutsi: para nosotros siempre es 26…
[ BERRIA, 2008-02-26 ]
Asteazkenean Egunkariaren itxiera gogoratu eta Iñaki Uria zarauztarrari babesa adierazteko udaletxe aurrean egindako bilkura isila amaitu eta ez zegoen beste komentariorik: “non daude udal arduradunak?", “non ostia daude udal arduradunak?", “non dago alkatea?".
Iñaki Uria zarauztarra atxilotu, torturatu eta 18 hilabetez bahitu egin zuten. Erreskatea ordainarazi zioten baldintzapean aske geratzeko. Tortura salaketak aurrera egin zuen, eta epaitegietan jarraitzen du. Bide batez, eta harira datorrenez, Etzaintzak hainbat lagun zauritu ditu gaur, Donostiako epaitegiaren aurrean torturaren aurka egin den elkarretaratzean.
Egunkariaren aurkako bidegabekeria guztia gogorarazi eta auzipetuek injustiziaren ezpata zorrotza oraindik lepoan dutela nabarmendu nahi zen asteazkenean, eta Iñakiri babesa erakutsi.
Hainbat eta hainbat herritar bezala, ezker abertzaleko hautetsiak agertu ziren bilkurara, eta baita EAko zinegotzi bat ere. Bat. Bakar bat. Gainerako udal ordezkari guztiak, missing, desagertuta, auskalo non. Inork ez du telefonoa hartu Iñakirekin hitz egiteko. Inork ez du mezu bat idatzi Iñaki babesteko. Inor ez da gai izan bi hitz esateko. Inork ez du biktimen arretarako batzordera deitu. Iñaki ez, baina ezta Martxelo, Txema, Pello, Joan Mari edota Xabier ere. Torturatuak ez dira biktimak herri honetan. Torturatuek ez dute erakundeen babesik. Ez Gasteizen. Ez Zarautzen. Ezta hauteskunde kanpainan ere, itxura egiteko bada ere.
Herenegun ez zegoen beste komentariorik bilkura amaitzean. “Ez dute lotsarik". “Patetikoak dira". “Lotsagarria".
Atzo honetaz zerbait idazteko asmoa nuen, baina ezin. Sutan nengoen oraindik. Haserre. Eta barbaridadeak idatzi daitezkeenean, hobe da isiltzea.
Gaur, ordea, Berria egunkaria zabaldu, eta Imanol Epelderen gutun bat aurkitu dut Zuzendariari atalean. Ezin hobeto islatzen du asteazkenean askok eta askok sentitu genuena. Eskerrak batzuk ez diren isiltzen.
Hauek dira Imanol Epelderen hitzak:
Falta ziren
Falta zen goizetan malekoiko buelta eguzkiari emana egiten duen emakume beltzarana, falta zen elektroiei autobideak zabaltzen ibiltzen den elektrizista urduria, falta Uan matxinsaltoka aritzen den gazte ile horia. Falta zen inoiz ekuazio matematikorik ateratzen ez zaion ikasle gaztea, falta igandero mendi osteratxoa egitera irteten den agurea, idazle sonatua eta bertsolaria. Eta batez ere falta zen herriko alkatea, euskara zinegotzia edo herri ordezkari sentitzen den edozein, Iñaki Uria herrikideari esateko «aupa Iñaki, ez haute 40 urterako kartzelara eramango, ahalegin guztiak egingo dizkiagu hori horrela ez izateko», otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria itxi zuten 5. urteurrenean, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan arratsaldeko 20:00etan egin zen elkarretaratzean.

bil nazazu egunkari orri batean
bil nazazu
beldurra baitiot datorren gauari
bakarrik eman beharko ote dugun
hainbeste ordu hainbeste leku
elkar topatu ezinik errari
jar iezadazu egunkari orri bat eskuan
bandera ederra inon ez den herriarentzat
eta loak har nazan ez utzi
amets egiten segi nahi baitut oraindik
neure hitzekin neure herrian luzaro
jar iezadazu egunkari orri bat eskuan
herren ez egiteko
eror ez nadin
ez dezagun inor kondenatu
lehengo egunen iraganmin itsura
bil nazazu egunkari orri batean
hormatu egingo naiz bestela
gauaren hotzean mundutik lekora
bil nazazu egunkari orri batean
bil nazazu
eta maita nazazu gero.
Jose Luis Otamendi, Erlojuen mekanika [Susa, 2007]
Euskara da gure territorio libre bakarra. Marinel zaharrari irakurri genizkion hitzak sinetsi ere egin genituen, harik eta atxilotuak tunel ilunera eramaten dituzten autoetan burua estalitako guardia zibilak euskaraz hitz egiten hasi ziren arte. Zerbait hautsi zitzaigun egun hartan bihotzean. Zenbait territorio uste bezain libreak ez zirela ohartu ginen goiz hotz hartan.
Azken Portuko Taberna izena zuen ostegunetan argitaratzen zen Barkatu Ama gehigarriaren azken orrialde hark, eta Azken Portuko taberna hartatik ehun metro eskasera hartu zuten armen bidez Iñakiren etxea. Eraman egin zuten. Gezurra ari zuen. Zarautzen, Tolosan, Hernanin, Donostian, Lezon, Oreretan… Eraman egin zituzten. Eta torturatu.
Ezer ez da aldatu. Gezurrak ez du atertu. Bost urte igaro dira. Bost urte. Nekeza da zenbatzea zenbat gau igaro diren, zenbat ohe ezagutu ditugun, zenbat gutun idatzi, zenbat musu eman, zenbat aterki zabaldu. Nekeza da hasieran putz egin zuten haiek haizearen indarrak benetan asaldatu zituela sinestea. Haien besarkadak hauteskunde kanpainaren gidoia baino sakonagoak direla sentitzea. Ondoan ditugula sinestea. Eguneroko lanak beste zerbait esaten du.
Ezer ez da aldatu. Bost urte. 1.824 egun. Begiarik gabe. Xingolarik gabe. Barkatu Amarik gabe. Mundumirarik gabe. Errudunik gabe. Torturak epaitu gabe. Egindako kaltea konpondu gabe. Territorio libreak iristen zaizkigu gaur ere postontzira eta kioskoetara, baina zerbaitek hautsita segitzen du bihotzean.
Azken Portuko taberna zegoen lekuan pizzeria bat dago orain.
[ BERRIA, 2008-08-19 ]
Otsailaren 13a da gaur.
27 urte Joxe Arregi hil zela, torturatua izan ondoren.
Ezer ez da aldatu.
Nothing has changed.
Nada ha cambiado.
Rien n’a changé.

Igandea. Otsailaren 10a. Bilbo. 11:53. Herri honen historia zati bat ageri da espaloian, aurpegia estalita duten eta hortzetaraino armatuta dauden ertzainen aurrean. Itziar Aizpurua da, eta aurpegiera serioarekin begiratzen dio alboan duen ilara beltzari. Duela berrogei urte borroka honetara sortu ziren haien buruetatik zer pasatuko ote den galdetzen diogu elkarri, beste behin ere herri honi autonomiatik aurrera egitea eragotzi nahi diotenen aurrean. Kalearena metafora hutsa da. Une batez, Itziarren alboan Jokin ikusi izana iruditu zait, baina amets iheskorra izan da. Tasio zen. Berdin dio. Herri honen historia zati bat, hala ere, han, espaloian, zutik, pasatu duten guztia pasatu eta gero, agindu arrotzei men egin eta herritarren aurka amorruz oldartzeko gai direnei begira. Duintasuna.
Igandea. Otsailaren 10a. Bilbo. Eguerdiko albistegia euskal erdiko irrati publikoetan. Erabaki plataformaren berri eman dute, eta sinatzaileen artean Xabier Arzalluz, Begoña Errazti eta Itziar Aizpurua ageri direla nabarmendu dute, ekimenaren aniztasuna erakutsi nahian. Itziar Aizpurua, noski, ez da Itziar Aizpurua. Itziar Aizpurua da, bai, baina beste bat. Bigarren abizena ezberdina dute. Lehenengoa herri honen historia zatia da, eta Bilbon zegoen. Ezin zuen beste inon egon. Bigarrena Donostian, lehenengoa autonomia kaletik ez pasatzea erabaki zutenekin.
Kazetariek ohartu gabe nahasiko zituzten biak beharbada, baina horrek ez du iraina apaltzen, koherentzia egunero hartzen den erabakia baita. Eta Itziarren semeak garenok, Jokinen alabak maite ditugunok, koherentziaren eskolan daitezkeen irakasle onenak izan ditugu, horrelakoen aurrean sumindu gabe geratzeko.
[ BERRIA, 2008-02-12 ]
This is no time for love in the Basque Country, extend the solidarity.
Ez dago maitasunerako aukerarik Euskal Herrian, zabaldu elkartasuna.
No hay tiempo para el amor en Euskal Herria, extiende la solidaridad.

Euskal erdiko eskuin erradikala mozorrorik gabe ageri da beste behin ere. Diotenez, zuzendaritzakideen eskuetara iritsi diren lehen inkestek kezka sortu dute, eta arreta bereganatze aldera, hauteskundeak baino lehen edozer esaten entzungo diegu hurrengo asteotan. Hasi dira dagoeneko. Maltzur. Legez kanporatzaileen eta legez kanporatuen interesek bat egiten dutela esanez, esaterako. Gibela behar du gero.
Politikan aritzeagatik, dozenaka euskal herritarren oheak hutsik ez baleude bezala. Legez kanporatzaileen eta legez kanporatuen etxeetan saminik ezagutuko ez balute bezala. Hemen edozer esatea libre balitz bezala. Senideak alderdi politiko bateko kideak izateagatik astez aste hainbat familiak sakabanaketaren errepideetan bizitza jokatu behar ez balute bezala. Kartzelak eta hilerriak filmetan bakarrik agertuko balira bezala. Eguneroko drama humanoak arbasoen gerrako kontuak balira bezala. Aspaldidanik hainbat lagunen hitzik eta irribarrerik gabe normal biziko bagina bezala. Loiolarik ez balitz bezala.
Gatazka kaleetatik atera eta negoziazio mahaira eraman behar zela entzun genuen Anoetan. Baina negoziazio mahaian argi geratu zen ez legez kanporatuenak eta ez legez kanporatzaileenak ez ziren interesak, ekonomikoak noski, lege zaharrak bezain bedeinkatuak direla batzuentzat, eta interes tipo horiek gatazkaren konponbidea baino gorago daudela, edozein mahaitik kanpo. «Ez da ezer pertsonala, negozioak baino ez». Mario Puzo irakurri ez bagenu bezala. Corleone guztiak ezagutuko ez bagenitu bezala.
[ BERRIA, 2008-02-05 ]
XX. mendeko komunismoa izar gorri bat zen gure bihotzetan, eta herritarrekin, berdintasunarekin, bidegabekeria guztiak desagertzearekin, eta jendarte parekidearekin lotzen genituen igitaiak eta mailuak.
Itsasoa ez da gelditu, eta ukabilak itxi eta begiak zabaltzeko hamaika olatu iristen da oraindik ere ozeano guztietatik. Baina garaiak aldatu egin dira, eta hurbileko lagunentzat ere beste zerbait da orain komunismoa.
Kalamuarekin, garagardoarekin eta beste adiskide batzuekin lausotutako hauetako gau eta taberna batean, lagun berezi batek begirada bihurriarekin galdetu dit ea buelta bat egingo dugun komunismora. Ez diodala ulertu esateko denbora ere eman gabe, eskutik heldu eta komunera eraman nau, eta bihotza mailu bihurtu didan musu luze bat tatuatu dit ezpainetan. Gero barealdia, eta gero berriz su.
Ostiral honetan, beste lagun batek beste taberna batean
—Zu ere komunista zara? -bota dit antzeko egoera batean, komuna seinalatuz.
Ulertu diodala uste dut, eta eskaintza estimatuta dagoela baina ez dudala ulertzen esaten hasi naiz. Ez dudala ulertzen. Nahiago ditudala neskak alegia. Harrituta begiratu dit. Ezetz, ez zela horretaz ari. Eta poltsa ttipian bildutako hauts zuria atera du galtzetatik, komunerako eskaintza eginez. Komunista berriak. Igitaiak plastikozkoak dira hemen, kreditu txartelen formakoak, eta hautsa ebakitzeko eta ganbak prestatzeko balio dute.
Mailu bihurtzen diren bihotzekin edota plastikozko igitaiekin, baina komunismoa, orain, tabernetako komunetara isilpean ihesteari esaten zaio.
[ BERRIA, 2008-01-29 ]
Gaurko ilargi beteaz idazteko asmoa nuen, eta gaua heldu orduko itsasoan isurtzen duen zilarrezko errekaz, eta desiraren begiez, eta beste behin ere batera jotzeko gogoaz, eta abar. Baina batera jotzearena idatzi orduko akordatu naiz duela zenbait egun hainbat herritan izandako ekimenaz, eta hedabideetan izan duen oihartzun apalaz, eta ilargia hurrengoan ere hor izango dela erabaki dut azkenean.
Eta etxeko balkoitik begiratuko diot berriro. Etxetik, bai. Soldaduskara deitu gintuztenean, ez nintzen intsumiso izan. Gurasoenetik alde egin arte ez nuen belarria zulatu. Oztopoz betetako autobidean bidesaria ordaintzen dut. Merkealdian are gehiago kontsumitzen dut. Ez naiz okupa bihurtu, eta hipotekak urkatu nau. Kontraesanen ispilura begira bizi naiz, libreta horian irakurri genuen modura, burges putaz betetako munduko herririk iraultzaileenean.
Horregatik, ederra da amore eman ez duten eragileak badaudela ikustea, etxebizitza duina aldarrikatuz batera jotzeko deialdia egin eta eskubideen trafikatzaileak agerian uzten dituztenak: oraindik legezkoak diren etxe agentziak, banketxeak, hirigintza zinegotziak eta udal arduradunak, eta gure eskubideen kontura aberasten diren gainerako espekulatzaile guztiak.
3.389 etxe huts dituen herri batekoa naiz. Alokairuan etxe bat aurkitzea miraria den postaletako herri batekoa. Bizitzera aldameneko herrira joan behar den herri batekoa. Gazteek ilargiari begira batera jotzeko duten aukera bakarra erbestea ala okupazioa den herri batekoa. Kanpineko aldapan ere beti aparkatu daiteke autoa bide bazterrean, itsasoaren gainean. Morbo gehiago du, baina ez da plana…
[ BERRIA, 2008-01-22 ]