| « Gardentasun zikina | Gripearen ondorio onak » |
Nazkatuta nago. Nazka-nazka eginda nago egunero-egunero korreo elektronikoan jasotzen ditudan publizitate guztiekin, lanean baino denbora gehiago mezuak ezabatzen pasatzen dudan iragarkiekin. Noski teknologiak abantailak eta erosotasun guztiak eskaintzen dituela, baina ondorioez inork ez gaitu abisatzen, eta osasunerako kaltegarri bihurtzen hasi dira. Baina tira! halako batean hasi dira laneko eta lagunen mezuak iristen, eta horietako batean, aspaldian berririk izan ez dudan lagun batena iritsi zait. Irrikiz, zer kontatuko ote duen neure buruari galdetzen diodan bitartean mezua ireki dut, eta zer, eta power point-eko dokumentu bat iritsi ez zait ba!!! Oso ona, baina zergaitik bidali didazu horrelako mezua zure berririk ez badut? Non bizi zaren ez badakit? Zure lanbideaz ezer ez badakit? Zure bizitzaren berri ez badidazu inoiz idatzi, zergaitik bidaltzen didazu “Amistad” izeneko artxiboa? Erantzutekotan egon naiz, baina erantzun egokirik ez zait bururatu eta ixilik geratu naiz. Ixilune horretan ordea, gogoeten artean gutun bat idaztea pentsatu dut. Denbora da gutunik idatzi ez dudala! Boligrafoa eta orri txuria hartu ditut, eta dardarrezko kalifragiaz lerro aldapatsuak idazteari ekin diot.
Kaixo laguna;
Urte batzuk pasatu dira hemendik joan zinenetik, ez dakit zer moduz doakizun bizimodua, baina espero dut ondo joatea. Ez nuen uste nire helbide elektronikoa edukiko zenuenik, eta beraz, zure helbidea ikusterakoan asko poztu naiz. Mezua irekitzerakoan ordea, bi segundu ez dira pasatu desiluzioaren sentimenduak gorputza zeharkatu didanean, hainbeste dendora eta gero gizatasun falta iruditu zait behar bezalako gutuna idazteko borondate faltak. Hurrengoan mezu bat bidaltzea bururatzen bazaizu , espero dut benetakoa izatea, birziklatu ezin den zaborrik ez dut nahi… bestela ere nahiko pilatzen zaizkit eta.