1 2 >>

08.07.10

17:52:35 , Arale , 202 hitz, 121 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Nork du preferentzia?

Getaria-Zarautz (edo alderantziz) lotzen duen paseoa egin dutenetik, asko nabarmendu da jendearen presentzia. Betidanik egon den arren errepide bazterrean ibiltzeko ohitura, orain zer esanik ez… baina lehen, bai kotxeak, bai oinezkoak, bai bizikletan doazenak, bai korrika dabiltzanak… denek genuen lekua. Edo behintzat gehiago errespetatzen ginen elkar. Orain ordea, kotxeak izan ezik beste guztiak sartu gara paseoan, eta ez dago lekurik. Ordu batzuetan ezin da lasai ibili ere egin. Noski, bizikletaz dabiltzan asko errepide bazterrean ibiltzen dira, lehen bezala, eta gainera oinezkoek ez die oztoporik ipintzen. Beraz, zergaitik ibili behar dute beste batzuek paseo barrutik? Hori ordea ez da hor amaitzen. Paseo barruan paseatzen dabilen oinezkoak txirrin hotsa edota korrika datorrenaren tzi, tzi, utzi lekua! entzun orduko atzera begira egon behar du uneoro. Oinezkoak bide-gorrian sartzen bagara, orduan nork du preferentzia?
Bestetik, uda honetan, Getariako surflari asko hondartzarik gabe geratu dira, Gaztetape oso arriskutsua baitago gazte askorentzat, eta beraz, Zarauzko hondartzara joateko joera hartu dute. Kontua da, ez dietela autobusean tablak eramaten lagatzen, kortxozko tablak bai, baina ez surfeko tablarik ezta bizikletarik ere, eta trenean uzten dute. Noski, denok dakigu, baita Lurralde Bus-koek ere Getariak ez daukala tren geltokirik…
Zergaitik ez ditugu errazten gauzak zaildu beharrean? hori ez da diruarekin konpontzen, errespetuarekin baizik.

08.05.20

20:26:24 , Arale , 306 hitz, 131 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Orgia amaitezina

Herriko tenpluan elkartu dira sei altxorrak. 5 marinela eta kapitaina. Alkandora zuria, gona urdina, pololoak eta alpargatak jantzita abiatu dira emakume arrantzaleak itsaso zabalera. Itsasontziko zapi zatiak igo dituzte itxaropen koloreko zerurantz. Bien bitartean, gizonek arrantzarako sareen zuloak konpondu dituzte, eta moila gainean geratu dira emazteak agurtzen, karroetan umeak jolasean dabiltzan bitartean. Badoaz urrutira. Sareak eta kainaberak prest dituzte. Etxe barrutik euria ikusten da leiho atzeko paretean, eta sirena hotsak melankolia ukitua ematen dio herriari. Ariesa atera da ordea neguko zulotik udaberria iritsi dela iragartzera. Dagoeneko udaberriko jaki preziatua desagertu egin da, eta herriari negoziorako urreak traizioa egin dio, edo negozioak berak kaltetu dut gorputz leuneko urrea. Zure azalean nire galderen erantzunak irakurri nitzakeen, ukitu eta laztandu zaitzakedan, usain goxoko arraina zinen…; Jakingo bazenu zer zetorkidan burura begietara begiratzen zintundan bakoitzean! Hilketa zitalak. Ez zait axola itsasoan itoko banintz eta arrain bihurtu. Niri agian ez zait axola, aukeratu dezaket. Itsasoak irentsitako amets asko daude, amets itoak. Zenizek gatzatutako itsasoan igeri egin nahiko nuke eta kainaberaren ahoa irentsi. Pololoak nahiko nituzke sentitu izter lodiei itsatsita, eta lazo gorriz eta berdez margotutako altxorra izan. Arnas berri bat ur azpian igeri egin ahal izateko. Atzo basoa erdi hutsa ikusten nuen, eta geratzen zena edan egin dut jada. Munduak biraka jarraitzen du, baita nire buruak ere. Itsasoaren mugimendu a etengabeko orgia ari da bihurtzen ezerezko paisaian, orgia amaitezina. Basoa noiz eta nork beteko zain egon gabe, arantzak ditudan arren, jolaserako prest nago, basoa berriro betetzeko prest. Ezerezko paisaia honetan isiltasuna entzun dezaket eta berotasuna sentitu. Itsasoak emandako beste urrezko altxor bat jateko prest nago, hondarrezko basamortuaren eta zementuzko harri handien ondoan harrapatutakoa bada ere eta jatorrizko izendapenik ez duen arren. Berdin zait. Titanlux beltzarekin margotuta zapore goxo-goxoa du. Eta ez auzoko herritarrak bezala, Getarian harrapatutako txibiak a lo Pelayo erara prestatu eta jatorrizko izendapenarekin saltzeko kapasak dira horiek!

Artzape, 2008ko Apirila

08.02.11

17:34:39 , Arale , 263 hitz, 172 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Gardentasun zikina

Gardena. Ezingo nuke hobeto adierazi kristalaren kolorea. Edo kolorerik ba al dute kristalak, plastikoak edo metakrilatoak. Eta globoak? Gaurkoan ordea, kolore gardenaz arituko naiz hizketan, zein materialetakoa den zehaztu gabe, ez baitakit. Forma zilindrikoa du, komuneko papereko rolloa bezala, baina alde bakarra dauka irekita, zulatuta edo libre, nahi duzuen bezala; alegia, baso baten moduan. Baina zinemetako freskagarriak bazala, tapa batez itxi daiteke alde irekia, zulatua edo librea, zuek erabaki nola definitu. Beraz, ideia bat egin duzue ezta? Poto bat da, bere tapa eta guzti, gardena eta garbia, nahitaez. Tamaina txikikoa. Zertarako erabili ohi dugu ordea horrelako gauzatxo bat? Eta ziur nago irakurtzen ari zaren horrek noizbait izan duzula eskuartean ezaugarri horietako potetxo bat eta komuneko lababo ondoan utzi duzula, hurrengo goizean txixaparrasta beroaz betetzeko asmotan. Baina kontuz! Ez ahaztu baraurik egin behar duzula txiiiiiiiisssssss…a, lehenengo zipristinak komun zulora, eta gainontzekoa poto barrura. Tira ba, orain nola eraman potua medikuarengana? Poltsan sartuko ote dut? Aaaajjjj…. eta gero tapa irekitzen bada, eta mediku azterketaren ondoren jateko daramadan txorizo otartekoa bustitzen bada, hamaiketakorik gabe! Auskalo ze erreakzio kimiko gerta daitekeen, kolore horia eta gorria, agian naranja bat atera daiteke, nork jakin! Hobe alumioniozko paperean ondo bildu eta eskuan eramatea. Baina eskuan hartu dut eta kanpoko hotzaren eta potuaren berotasunak tripak mugitu dizkit. Azkenean galtzetako poltsiko zabalean sartuta eraman dut, horrela inork ez nau ikusi. Itxarongelan elkartu gara lankide guztiak, eta bakoitzak eskuartean duen potuari begira geratu naiz, dagoeneko gardentasuna galdu egin da, eta kolore bereko hainbat matiz ezberdin ikus daitezke; hortan datza globalizazioa, detaile txiki horietan.
Oharra: Poto edo potu hitza onartuta dago globalizazioaren hiztegian.

08.02.05

19:22:33 , Arale , 252 hitz, 117 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Zaborrontzia

Nazkatuta nago. Nazka-nazka eginda nago egunero-egunero korreo elektronikoan jasotzen ditudan publizitate guztiekin, lanean baino denbora gehiago mezuak ezabatzen pasatzen dudan iragarkiekin. Noski teknologiak abantailak eta erosotasun guztiak eskaintzen dituela, baina ondorioez inork ez gaitu abisatzen, eta osasunerako kaltegarri bihurtzen hasi dira. Baina tira! halako batean hasi dira laneko eta lagunen mezuak iristen, eta horietako batean, aspaldian berririk izan ez dudan lagun batena iritsi zait. Irrikiz, zer kontatuko ote duen neure buruari galdetzen diodan bitartean mezua ireki dut, eta zer, eta power point-eko dokumentu bat iritsi ez zait ba!!! Oso ona, baina zergaitik bidali didazu horrelako mezua zure berririk ez badut? Non bizi zaren ez badakit? Zure lanbideaz ezer ez badakit? Zure bizitzaren berri ez badidazu inoiz idatzi, zergaitik bidaltzen didazu “Amistad” izeneko artxiboa? Erantzutekotan egon naiz, baina erantzun egokirik ez zait bururatu eta ixilik geratu naiz. Ixilune horretan ordea, gogoeten artean gutun bat idaztea pentsatu dut. Denbora da gutunik idatzi ez dudala! Boligrafoa eta orri txuria hartu ditut, eta dardarrezko kalifragiaz lerro aldapatsuak idazteari ekin diot.
Kaixo laguna;
Urte batzuk pasatu dira hemendik joan zinenetik, ez dakit zer moduz doakizun bizimodua, baina espero dut ondo joatea. Ez nuen uste nire helbide elektronikoa edukiko zenuenik, eta beraz, zure helbidea ikusterakoan asko poztu naiz. Mezua irekitzerakoan ordea, bi segundu ez dira pasatu desiluzioaren sentimenduak gorputza zeharkatu didanean, hainbeste dendora eta gero gizatasun falta iruditu zait behar bezalako gutuna idazteko borondate faltak. Hurrengoan mezu bat bidaltzea bururatzen bazaizu , espero dut benetakoa izatea, birziklatu ezin den zaborrik ez dut nahi… bestela ere nahiko pilatzen zaizkit eta.

08.01.21

18:08:46 , Arale , 270 hitz, 169 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Gripearen ondorio onak

Zorionez gauza guztiek daukate bere alde ona, bilatzen jakin behar. Bilatzen hasi eta ezin aurkitu, dirudienez badira airean birus batzuek guk ikusi ezin ditugunak, baina beraiek bai gu. Konturatzerako ondo egotetik, zerbait arraroa somatzera pasatzen gara gorputz osoan, dasta-papilek gusto ezberdina somatzen dute ahoan janaria sartzean eta orduan medikuarengana jotzen dugu. Badakigu diagnostikoa, birusa. Noski, mota askotakoak egon daitezke, eta egongo dira baina niri momentu hauetan, tripa barrura sartu zait zamorro ikustezina. Letxo-hosto bat ahoan sartu orduko, tripatik eztarriraino igo zait, ia ia komuneko tronoraino iristeko denborarik ez dut izan, uff! lehenengo izerdi tanta, eskerrak! Orain eztarritik behera doa berde gordina, baina oraingoan berriz beheregi, tripa pasatu du eta berriro ere komunerainoko korrika saioa, ta gainera ipurdia agerian utzi beharreko aurreko lanak, botoia, kremailera, kuleroak… a ze lanak ta a ze lasaitua, hasi zait izerdia kopeta bustitzen. Horrelakoetan onena, pijama jantzi, hortzak garbitu eta ohera. Ur botila ondoan, termometroa gertu, pastila borobilak ohe azpian, begiak itxi eta amets errenkan murgiltzera. Irudi asko buruan bueltaka. Badirudi amets bat bizitzen ari naizela. Goiza iristean, ohean etzanda nagoen bitartean asteko zein egunetan bizi naizen arrastorik izan gabe, mundua egunerokotasunaren zurrunbiloan sartu da, eta ni bapo ohean, eta onena, gosaldu ostean berriro ohera noala. Ohean sartu eta laneko kontuak buruan gira eta bira, baina zertarako kezkatu, lankideak zertarako daude ba! Hori horrela, batzuek kezka dituzten bitartean, aspaldian mesanotxe gainean utzitako liburuari eusteko unea iritsi da. Irakurtzen hasi bezain pronto seko lo. Handik pixkatera limoi zukuarekin dator ama ohera. Horrela bizitzea ez dago gaizki, mimoak, kezkarik ez, munduan zer gertatzen den arrastorik ez! Uste dut aurtengo birusaren kontrako San Anton Eguneko jarabeak kalte egin didala.

1 2 >>

Urria 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Artzapeko petriletik begiratu eta sareen korapiloak askatu...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software