| « Zaborrontzia | Mozorro zorroak » |
Zorionez gauza guztiek daukate bere alde ona, bilatzen jakin behar. Bilatzen hasi eta ezin aurkitu, dirudienez badira airean birus batzuek guk ikusi ezin ditugunak, baina beraiek bai gu. Konturatzerako ondo egotetik, zerbait arraroa somatzera pasatzen gara gorputz osoan, dasta-papilek gusto ezberdina somatzen dute ahoan janaria sartzean eta orduan medikuarengana jotzen dugu. Badakigu diagnostikoa, birusa. Noski, mota askotakoak egon daitezke, eta egongo dira baina niri momentu hauetan, tripa barrura sartu zait zamorro ikustezina. Letxo-hosto bat ahoan sartu orduko, tripatik eztarriraino igo zait, ia ia komuneko tronoraino iristeko denborarik ez dut izan, uff! lehenengo izerdi tanta, eskerrak! Orain eztarritik behera doa berde gordina, baina oraingoan berriz beheregi, tripa pasatu du eta berriro ere komunerainoko korrika saioa, ta gainera ipurdia agerian utzi beharreko aurreko lanak, botoia, kremailera, kuleroak… a ze lanak ta a ze lasaitua, hasi zait izerdia kopeta bustitzen. Horrelakoetan onena, pijama jantzi, hortzak garbitu eta ohera. Ur botila ondoan, termometroa gertu, pastila borobilak ohe azpian, begiak itxi eta amets errenkan murgiltzera. Irudi asko buruan bueltaka. Badirudi amets bat bizitzen ari naizela. Goiza iristean, ohean etzanda nagoen bitartean asteko zein egunetan bizi naizen arrastorik izan gabe, mundua egunerokotasunaren zurrunbiloan sartu da, eta ni bapo ohean, eta onena, gosaldu ostean berriro ohera noala. Ohean sartu eta laneko kontuak buruan gira eta bira, baina zertarako kezkatu, lankideak zertarako daude ba! Hori horrela, batzuek kezka dituzten bitartean, aspaldian mesanotxe gainean utzitako liburuari eusteko unea iritsi da. Irakurtzen hasi bezain pronto seko lo. Handik pixkatera limoi zukuarekin dator ama ohera. Horrela bizitzea ez dago gaizki, mimoak, kezkarik ez, munduan zer gertatzen den arrastorik ez! Uste dut aurtengo birusaren kontrako San Anton Eguneko jarabeak kalte egin didala.