Herriko tenpluan elkartu dira sei altxorrak. 5 marinela eta kapitaina. Alkandora zuria, gona urdina, pololoak eta alpargatak jantzita abiatu dira emakume arrantzaleak itsaso zabalera. Itsasontziko zapi zatiak igo dituzte itxaropen koloreko zerurantz. Bien bitartean, gizonek arrantzarako sareen zuloak konpondu dituzte, eta moila gainean geratu dira emazteak agurtzen, karroetan umeak jolasean dabiltzan bitartean. Badoaz urrutira. Sareak eta kainaberak prest dituzte. Etxe barrutik euria ikusten da leiho atzeko paretean, eta sirena hotsak melankolia ukitua ematen dio herriari. Ariesa atera da ordea neguko zulotik udaberria iritsi dela iragartzera. Dagoeneko udaberriko jaki preziatua desagertu egin da, eta herriari negoziorako urreak traizioa egin dio, edo negozioak berak kaltetu dut gorputz leuneko urrea. Zure azalean nire galderen erantzunak irakurri nitzakeen, ukitu eta laztandu zaitzakedan, usain goxoko arraina zinen…; Jakingo bazenu zer zetorkidan burura begietara begiratzen zintundan bakoitzean! Hilketa zitalak. Ez zait axola itsasoan itoko banintz eta arrain bihurtu. Niri agian ez zait axola, aukeratu dezaket. Itsasoak irentsitako amets asko daude, amets itoak. Zenizek gatzatutako itsasoan igeri egin nahiko nuke eta kainaberaren ahoa irentsi. Pololoak nahiko nituzke sentitu izter lodiei itsatsita, eta lazo gorriz eta berdez margotutako altxorra izan. Arnas berri bat ur azpian igeri egin ahal izateko. Atzo basoa erdi hutsa ikusten nuen, eta geratzen zena edan egin dut jada. Munduak biraka jarraitzen du, baita nire buruak ere. Itsasoaren mugimendu a etengabeko orgia ari da bihurtzen ezerezko paisaian, orgia amaitezina. Basoa noiz eta nork beteko zain egon gabe, arantzak ditudan arren, jolaserako prest nago, basoa berriro betetzeko prest. Ezerezko paisaia honetan isiltasuna entzun dezaket eta berotasuna sentitu. Itsasoak emandako beste urrezko altxor bat jateko prest nago, hondarrezko basamortuaren eta zementuzko harri handien ondoan harrapatutakoa bada ere eta jatorrizko izendapenik ez duen arren. Berdin zait. Titanlux beltzarekin margotuta zapore goxo-goxoa du. Eta ez auzoko herritarrak bezala, Getarian harrapatutako txibiak a lo Pelayo erara prestatu eta jatorrizko izendapenarekin saltzeko kapasak dira horiek!
Artzape, 2008ko Apirila