1 2 3 >>

09.02.07

18:50:26 , Arale , 301 hitz, 405 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Kanpotarrak

Getariako Artzape aldizkarian, urtarrileko zenbakian herriko medikuari egindako elkarrizketan grazia egin didan esaldi bat irakurri dut. Hain zuzen ere Ulpianok, Getariara iritsi zenean (duela 30 urte) topatu zituen bi aurpegiez hitz egiten dut. Aurpegi batean getariarrak daude eta beste aurpegian, kanpotarrak. Honen harira, zarauztarrek eta moskutarrek amankomunean duten ezaugarria zein den esaten du; biak Getariatik kanpo daudela. Beraz, mundua bi zatitan banatuta dago.
Atzo Garate gainetik egin nuen etxerako bidea, negu honetan goiko bidea egiten duen herritar bat gehiago besterik ez naiz. Beste paisaia mota bat da, zoragarria, dituen errebuelta eta zulo horiek tripak hainbeste mugituko ez balitu. Geografikoki herri baten kokapenak asko esan nahi du ondoko herriekin duen komunikazioan eta noski, azpiegiturek asko esan nahi dute. Batzuetan ordea errealitatea oso erlatiboa dela konturatu naiz. Hurbil egoteak askotan ez du esan nahi gertutasuna, urruntasuna sentitzea posibe baita, eta alderantziz. Getariak beti izaera propioa eduki duela konturatu arren, herri guztiek ez al dute ba berea? Baina in-komunikatuta egoteak bertakoen izaera indartu egiten du. Ondoko bi herriek dute tren zerbitzua, Getariak hori ere ez du, baina euri-jasa bat menditik hasi eta itsasoratuko duen herria da. AHTak zer konponduko digu guri, negua iristen den bakoitzean Garate gaineko bidea hartu behar badugu, eta herrian ez dauden zerbitzu askotarako ondokora jo behar badugu? Zer esanik esan Donostiara joateko autobidearen egoera tamalgarria, eta gainera ordaindu egin behar! Getariarrok ordea, autobus zerbitzuarekin bakarrik kontatu dezakegu. Agian lur azpitik beharrean (Zarautzen egin nahi duten bezala), itsaso barrutik doan tren zerbitzuan egin beharko lukete apustu.
Gaur ireki dute Getaria-Zarautz arteko errepidea, eta noski, zati bat semaforoz josi digute eta luiziaren lanek paisaiaren zati bat osatzen dute. Natura jakintsua da, beraz, bakoitzari berea. Kanpotarra bazara ez saiatu getariarra izaten, hori ezinezkoa da. Gomendio bat, utzi ur korronteak eraman zaitzan, inoiz ez joan korrontearen aurka.

Getaria.jpg · 350x233 · 11 KB

 

08.10.27

17:28:01 , Arale , 246 hitz, 223 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Eguzki epelean

Ekonomiaren gora-beheren artean eguzkia atera da udazkeneko egun hotz honetan. Tabernaren kanpoko aulkian eseri eta egunkariari orriak pasatzen hasi naiz, titularrak irakurri ditut baina ez dit ezerk atentziorik deitu. Eguzkia nire atzealdean dago, eta aurrean berriz karteran nituen zentimo batzuek kiskaltzen dagoen metalezko mahai gainera atera ditut. Txanponek disdira egiten dute. Orain arte autobusa ordaintzeko oso erabilgarriak ziren txanponek kafea hartzeko balio dute, eta bide batez, egunkaria irakurtzeko. Tabernaren alde bateko kristalean lanerako tabernariak behar direla irakurri dut. Orduan, egunkariaren orriak zabaldu ditut berriro, eta langabetu tasaren igoeraren albistearen azpian, hainbat lanpostu eskaintzen dela irakurri dut iragarki batean. Azken aldi honetan ia egunero irakurtzen ditugu zenbat lagun ari diren kanporatzen lantegietatik… protestak, elkarretaratzeak, grebak… diru kontuak! Latza da egoera familia askorentzat, baita langile bila dabiltzan lantegientzat ere. Egoera kontrajarriak ezta?. Hilabetearen ziklo ekonomikoak goitik behera egiten duen bitartean, kafe bero bat hartzeko pribilegioa dugu oraindik, baina baloratu eta dastatu dezagun mementu hori, horrek ez baitu preziorik merkatuan, hipotekarik bankoetan, itolarririk urik ez dagoen ozeanoan… baina bai itxaropen apal bat. Ez dut ordea inongo kristal nahiz kaleko paretean irakurri sexu erasoa jasaten eta erruduna salatzen duen kartelik, baina hori ere egunkarietako egunerokotasunean dago. Emakumeen aurkako indarkeria gaitzestea konpondu beharreko gatazka garrantzitsu bat da. Urtero salatzen da azaroaren 25ean sexu indarkeria, baina urtero tasek gorantz egiten jarraitzen dute. Biktimak emakumea izaten jarraitzen du.
Arnasa sakon hartu eta egunkaria tolestatuta utzi dut taberna kanpoko mahai gainean. Gaur astelehena da, kafea hartu berri dut eta INEMera noa langabezian izena ematera.

08.07.10

17:52:35 , Arale , 202 hitz, 160 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Nork du preferentzia?

Getaria-Zarautz (edo alderantziz) lotzen duen paseoa egin dutenetik, asko nabarmendu da jendearen presentzia. Betidanik egon den arren errepide bazterrean ibiltzeko ohitura, orain zer esanik ez… baina lehen, bai kotxeak, bai oinezkoak, bai bizikletan doazenak, bai korrika dabiltzanak… denek genuen lekua. Edo behintzat gehiago errespetatzen ginen elkar. Orain ordea, kotxeak izan ezik beste guztiak sartu gara paseoan, eta ez dago lekurik. Ordu batzuetan ezin da lasai ibili ere egin. Noski, bizikletaz dabiltzan asko errepide bazterrean ibiltzen dira, lehen bezala, eta gainera oinezkoek ez die oztoporik ipintzen. Beraz, zergaitik ibili behar dute beste batzuek paseo barrutik? Hori ordea ez da hor amaitzen. Paseo barruan paseatzen dabilen oinezkoak txirrin hotsa edota korrika datorrenaren tzi, tzi, utzi lekua! entzun orduko atzera begira egon behar du uneoro. Oinezkoak bide-gorrian sartzen bagara, orduan nork du preferentzia?
Bestetik, uda honetan, Getariako surflari asko hondartzarik gabe geratu dira, Gaztetape oso arriskutsua baitago gazte askorentzat, eta beraz, Zarauzko hondartzara joateko joera hartu dute. Kontua da, ez dietela autobusean tablak eramaten lagatzen, kortxozko tablak bai, baina ez surfeko tablarik ezta bizikletarik ere, eta trenean uzten dute. Noski, denok dakigu, baita Lurralde Bus-koek ere Getariak ez daukala tren geltokirik…
Zergaitik ez ditugu errazten gauzak zaildu beharrean? hori ez da diruarekin konpontzen, errespetuarekin baizik.

08.05.20

20:26:24 , Arale , 306 hitz, 148 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Orgia amaitezina

Herriko tenpluan elkartu dira sei altxorrak. 5 marinela eta kapitaina. Alkandora zuria, gona urdina, pololoak eta alpargatak jantzita abiatu dira emakume arrantzaleak itsaso zabalera. Itsasontziko zapi zatiak igo dituzte itxaropen koloreko zerurantz. Bien bitartean, gizonek arrantzarako sareen zuloak konpondu dituzte, eta moila gainean geratu dira emazteak agurtzen, karroetan umeak jolasean dabiltzan bitartean. Badoaz urrutira. Sareak eta kainaberak prest dituzte. Etxe barrutik euria ikusten da leiho atzeko paretean, eta sirena hotsak melankolia ukitua ematen dio herriari. Ariesa atera da ordea neguko zulotik udaberria iritsi dela iragartzera. Dagoeneko udaberriko jaki preziatua desagertu egin da, eta herriari negoziorako urreak traizioa egin dio, edo negozioak berak kaltetu dut gorputz leuneko urrea. Zure azalean nire galderen erantzunak irakurri nitzakeen, ukitu eta laztandu zaitzakedan, usain goxoko arraina zinen…; Jakingo bazenu zer zetorkidan burura begietara begiratzen zintundan bakoitzean! Hilketa zitalak. Ez zait axola itsasoan itoko banintz eta arrain bihurtu. Niri agian ez zait axola, aukeratu dezaket. Itsasoak irentsitako amets asko daude, amets itoak. Zenizek gatzatutako itsasoan igeri egin nahiko nuke eta kainaberaren ahoa irentsi. Pololoak nahiko nituzke sentitu izter lodiei itsatsita, eta lazo gorriz eta berdez margotutako altxorra izan. Arnas berri bat ur azpian igeri egin ahal izateko. Atzo basoa erdi hutsa ikusten nuen, eta geratzen zena edan egin dut jada. Munduak biraka jarraitzen du, baita nire buruak ere. Itsasoaren mugimendu a etengabeko orgia ari da bihurtzen ezerezko paisaian, orgia amaitezina. Basoa noiz eta nork beteko zain egon gabe, arantzak ditudan arren, jolaserako prest nago, basoa berriro betetzeko prest. Ezerezko paisaia honetan isiltasuna entzun dezaket eta berotasuna sentitu. Itsasoak emandako beste urrezko altxor bat jateko prest nago, hondarrezko basamortuaren eta zementuzko harri handien ondoan harrapatutakoa bada ere eta jatorrizko izendapenik ez duen arren. Berdin zait. Titanlux beltzarekin margotuta zapore goxo-goxoa du. Eta ez auzoko herritarrak bezala, Getarian harrapatutako txibiak a lo Pelayo erara prestatu eta jatorrizko izendapenarekin saltzeko kapasak dira horiek!

Artzape, 2008ko Apirila

08.02.11

17:34:39 , Arale , 263 hitz, 187 aldiz ikusia  
Atalak: Sarean

Gardentasun zikina

Gardena. Ezingo nuke hobeto adierazi kristalaren kolorea. Edo kolorerik ba al dute kristalak, plastikoak edo metakrilatoak. Eta globoak? Gaurkoan ordea, kolore gardenaz arituko naiz hizketan, zein materialetakoa den zehaztu gabe, ez baitakit. Forma zilindrikoa du, komuneko papereko rolloa bezala, baina alde bakarra dauka irekita, zulatuta edo libre, nahi duzuen bezala; alegia, baso baten moduan. Baina zinemetako freskagarriak bazala, tapa batez itxi daiteke alde irekia, zulatua edo librea, zuek erabaki nola definitu. Beraz, ideia bat egin duzue ezta? Poto bat da, bere tapa eta guzti, gardena eta garbia, nahitaez. Tamaina txikikoa. Zertarako erabili ohi dugu ordea horrelako gauzatxo bat? Eta ziur nago irakurtzen ari zaren horrek noizbait izan duzula eskuartean ezaugarri horietako potetxo bat eta komuneko lababo ondoan utzi duzula, hurrengo goizean txixaparrasta beroaz betetzeko asmotan. Baina kontuz! Ez ahaztu baraurik egin behar duzula txiiiiiiiisssssss…a, lehenengo zipristinak komun zulora, eta gainontzekoa poto barrura. Tira ba, orain nola eraman potua medikuarengana? Poltsan sartuko ote dut? Aaaajjjj…. eta gero tapa irekitzen bada, eta mediku azterketaren ondoren jateko daramadan txorizo otartekoa bustitzen bada, hamaiketakorik gabe! Auskalo ze erreakzio kimiko gerta daitekeen, kolore horia eta gorria, agian naranja bat atera daiteke, nork jakin! Hobe alumioniozko paperean ondo bildu eta eskuan eramatea. Baina eskuan hartu dut eta kanpoko hotzaren eta potuaren berotasunak tripak mugitu dizkit. Azkenean galtzetako poltsiko zabalean sartuta eraman dut, horrela inork ez nau ikusi. Itxarongelan elkartu gara lankide guztiak, eta bakoitzak eskuartean duen potuari begira geratu naiz, dagoeneko gardentasuna galdu egin da, eta kolore bereko hainbat matiz ezberdin ikus daitezke; hortan datza globalizazioa, detaile txiki horietan.
Oharra: Poto edo potu hitza onartuta dago globalizazioaren hiztegian.

1 2 3 >>

Uztaila 2009
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Artzapeko petriletik begiratu eta sareen korapiloak askatu...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software