| « Ni Loew banintz... | Aitzakiak eta Turkia » |
Futbol zelaietan askotan entzuten da oihu hau: uiiii!! Norbere taldeak ia-ia gola sartu duenean oihukatzen dute zaleek. Ustez gertatu behar duen zerbait bat-batean gertatu gabe gelditzea da. Eurokopa honetan ere antzeko egoera asko ari naiz ikusten. Baina ez golak sartzeko aukerei dagokienez soilik. Talde batzuek partida batetik bestera erakutsi duten erabateko aldaketaz ari naiz. Ematen zuen sekulakoak eta bi egin behar zituztela, baina kontrakoa egin izan dute gero. Uiii!
Lehen fasean, Portugalek mundua jan behar zuela zirudien. Baina final-laurdenetan, Alemaniaren aurka, ez zen betiko taldea azaldu. Aurreneko desilusioa. Gauza bera gertatu zitzaien Herbehereei. Italia eta Frantzia menderatu ondoren, ematen zuen hanka batekin irabazi behar zutela txapelketa. Baina final-laurdenetan, Errusiaren aurka, ez zen betiko taldea azaldu. Bigarren desilusioa. Beste horrenbeste gertatu da Errusiarekin. Herbehereen aurka mundu osoa txundituta gelditu zen, eta ematen zuen Espainiari lanak emango zizkiola. Baina ez zen betiko taldea azaldu. Hirugarren desilusioa.
Gorabehera handiak izan dituzte talde horiek. Sekulako maila emateko gai izan dira, baina, hurrengoan, kale egin dute. Orain artekoa ikusita, Espainia da erregularrena. Partida guztietan bete ditu aurreikuspenak. Baina orain, finalaren atarian, Portugalen, Herbehereen eta Errusiaren egoera berean dago. Sekulako ikusmina eragin die zaleei finalerdietan eman zuen itxurak. Denek jotzen dute faboritotzat. Alemaniarrak hankapean erabiliko dituela ematen du. Beteko al ditu aurreikuspenak? Beste hiru taldeek, gero, kale egin izanak ez du esan nahi Espainiari ere gauza bera gertatuko zaionik. Baina usteak erdia ustel dira Eurokopa honetan.
Kale ez egiteko aukera asko dauzka Espainiak. Baloirik gabeko jokoa asko hobetu du. Ematen zuen oso talde ahula zela, orekarik gabea, baina hobera egin du. Usteak erdia ustel.