| « Baloia ere, oporretan | Realeko jokalarien alde » |
Botila
Olatu handiek gizakiok itsasoari egindako txikizioen ordaina ekarri ziguten bueltan. Baita zerbait gehiago ere. Hondartza bakarti batean botila bat azaldu zen. Oinetan gelditu zitzaidan. Barruan paperen bat zuela ohartu nintzen. Botila eskuan hartu, ireki eta irakurtzen hasi nintzen. Itsasoaren doinu zoragarria lagun.
Sarrera
«Futbolzale ororentzat. Munduko edozein bazterretan zaudete, eta ziur nago olatuek futbolzaleren batengana helaraziko dutela mezu hau. Baina gustatuko litzaidake Euskal Herrira iristea. Euskalduna bainaiz. Euskaldun deserriratua. Futbola maite dut, eta astero jarraitzen ditut gure bost talde nagusiak. Badakit partida garrantzitsuak dituztela asteburuan. Jakitun naiz, era berean, hau irakurtzen duzunerako ziurrenik partida horiek jokatuta egongo direla. Baina ez zait axola. Futbolzale naizenez, partida horiek hainbat gogoeta eragin dizkidate, eta zurekin partekatzea erabaki dut. Ez bazaizu axola, jakina. Hastera noa, hortaz…
Donostiarrak
Horrela deitzen diegu Realekoei. Gure aitona-amonei entzunda. Donostiarrak. Tokitan dira, baina, garai haiek. Realak ez zuen atzerritarrik. Beste garai batzuk ziren. Barkatu, baina deserrian nostalgia areagotu egiten zait. Natorren harira. Numantziaren aurkako partidak beldurra ematen dit. Gustatuko litzaidake idaztea donostiarrek irabazi egingo dutela, baina ezezkoan nago. Ez daukat azalpenik ezkortasuna azaltzeko. Futbolzaleok barruan izan ohi dugun irudipen txarra besterik ez da. Badakizu zertaz ari naizen, ezta? Nire uste apalean, donostiarrek berdindu edo galdu egingo dute. Badakit indartsu daudela. Badakit taldeak hobera egin duela. Bueno, hori irakurtzen diet kazetariei, baina ez nago ados. Taldeak baino gehiago, partidak irabazteko jokalari gutxi batzuen kalitateak egin du onera. Pentsa dezakezu Bigarren Mailan txukun ibiltzeko nahikoa izan daitekeela, eta hala izango da. Baina Numantzia talde sendoagoa delakoan nago. Ez baitizkie alferrik ateratzen bederatzi puntu donostiarrei. Zerbaitegatik izango da…
Patateroak
Alavesekoak, gu baino zaharragoentzat. Gogoan dut umea nintzela nola ibiltzen zen. Gora eta behera. Behera eta beherago. Behetik gora. Historiaren gurpila norabide berean ari da jiraka orain ere. Ez al da beherago joango? Baina horiek ur handiak dira, eta ez zaitut aspertu nahi. Goazen igandeko putzu-zulora. Txikia bezain sakona. Arriskutsua baita Hercules. Jokalari onak dauzka, eta patateroak ez bezala, ibilian dabil. Izan ere, Salmeron entrenatzaile berriarekin berriz hasi behar izan dute ibiltzen Gasteiz aldean. Badakit Herculeseko entrenatzailea Goiko dela. Hura bai atzelari gogorra eta sendoa. Galdetu, bestela, Maradonari. Gustura ikusten nituen Athleticen partida haiek. Beste garai batzuk ziren. Beste atzelari batzuk. Ez dakit ados egongo zaren edo ez, baina ordukoak oraingoak baino gogorragoak ziren. Jakin dut patateroak nahiko xaloak direla. Ez litzaieke gaizki etorriko Goiko. Igandean ere, uste dut, xalotasunak kalte egingo diela. Sentitzen dut ezkor jarraitzea, baina Alavesek lan zaila dauka Alacanten.
Armaginak
Talde jatorrena da Eibarkoa. Baina arreta gutxi bereganatzen du hor bertan. Pentsa, kanpoan miresmen handiagoa diotelakoan nago. Bat baino gehiago gerturatu baitzait armaginen berri jakiteko. Harrituta, erabat. Nola litekeen hain herri txiki batean halako mailako taldea izatea. Saiatzen naiz azalpenak ematen, eta hainbeste eman ondoren, haietako bat gustatu zait gehien. Orain, galdezka datozkidanei, hauxe erantzuten diet beti: diren bezalakoak izaten jarraitzea da sekretua. Partidari helduta, arabiarren lurraldean dauka hitzordua. Granadan. Badakit oso zelai txikia dela. Ipurua baino txikiagoa. Ba al dakizu gauza bat? Eibarrek ez du galduko. Baina kontuz ibili beharko du geldikako jokaldietan. Abilak baitira arabiarren oinordekoak. Haiek bezain zehatzak eta azkarrak. Arabiarrak gauza askoren asmatzaile direlako jokaldi horietan, azti ibili beharko du Manixek.
Bilbotarrak
Euskal Herriko selekziotzat hartzen dute bazter hauetan Athletic. Miresmena adina harridura eragiten die klubaren filosofiak. Badaude jarraitzaile batzuk hemen ere, baina ez dira jarraitzaile talde horietako bat osatzeko adina. Sevillan du partida. Guk umetan genion bezala, Betisen. Ikusten ditut bilbotar guztiak bilbotar-bilbotar, irabazten badute gorantz joko dutela esanez. Baina kontuz. Behera ez egitea nahikoa izan daiteke. Betis indartsu dabil etxean. Beraz, berdinketa ontzat joko nuke. Aizu, eta zer gertatzen ari da Guerrerorekin? Pena handia ematen dit. Ez naiz ur handitan sartuko, gaiaz aritzeko ezer gutxi baitakit. Baina, nostalgiagatik edo auskalo zergatik, oraindik ere praka motzetan ikusten dut kapitain handia. Gustura hartuko luke Caparrosek garai onetako Julen Guerrero.
Naparrak
Gogoan dut gure aitona-amonek zer esaten zuten nafarrei buruz. Asto samarrak zirela. Osasunak berak, uste dut, baduela astotik zerbait. Etxean jokatzen duenean, behintzat, bai. Hori da hori indarra! Kanpoan, ordea, flakiak jota dabil. Baina uste dut Valladoliden astoa asto izango dela, eta partida ona jokatuko duela. Ikusteko moduko partida izango da. Mendilibar bera ere asto samarra da, ausarta, eta bere taldeak horrela jokatzen du. Partida irekia izango delakoan nago. Ez dira aspertuko ikusleak. Baietz bi gol baino gehiago ikusi? Lehia beroa ere aurreikusten dut. Bi taldeen jokatzeko eragatik, batez ere. Eta Liga amaitzen ari denez, puntuak oso garrantzitsuak direlako bientzat. Galtzen duena zaldi artean asto izateko arriskuan geldituko delako.
Agurra
Hauxe, futbolzale, nire gogoeta sorta jardunaldi honetan. Agian, gehiegi luzatu naiz, baina ulertu nire egoera. Hemen, futbolaz erdaraz soilik hitz egin dezaket, eta sekulako gogoa neukan euskaraz jarduteko. Agurtu aurretik, eskari bat: idatzi jardunaldi honetako emaitzak eta zure gogoetak paper zuri batean. Sartu botila batean, eta bota itsasora. Iritsiko dira hondartza galduren batera. Eta geldituko zaizkit oinetan. Gora futbola!».