| « Magia eta lana | Txikien iraultza Argentinan » |
Nostalgiaz
Ia hogei urte igaro ditu Athleticek Valentzian irabazi gabe. 1988ko urtarrilaren 3an lortu zuen egun hauetan hainbeste aipatu izan den garaipena. Nik hamabi urte nituen orduan, eta ez naiz oroitzen partida hartaz. Gogoan dut, ordea, asko gustatzen zitzaidala futbola. Telebistaz botatzen zituzten partida asko ikusten nituen, eta herriko taldea (Zumaiako) ikustera ere joaten nintzen lagunekin. Orduan, gauza bera zen niretzat telebistako partidak ikustea eta herrian jokatzen zirenak ikustea. Bietan jokatzen zen futbolean, eta gozatu egiten nuen begira. Sekulako bizipoza izaten nuen futbola ikusi behar nuelako. Hogei urte igaro dira ordutik, eta futbola aldatu egin da. Futbolaren inguruan dauden gauza guztiak, ordea, gehiago aldatu dira. Txarrerako, gainera. Horregatik edo, hogei urte atzera begira jarri naiz, orduko datuen ikusmiran, eta ezin dut ukatu: nostalgikoaren begiekin begiratu diet. Orduan, oraindik, futbolak futbola izaten jarraitzen zuelako edo.
‘Mister’ Kendallen aroa
Valentziako garaipen hartan, ingelesa zen Athleticeko entrenatzailea. Umearen begietatik begiratuta, gizon hura zaharra zen niretzat. Ile gutxi, kolore zuri-zuria eta masail gorrixkak. Ospe handikoa zen, Evertonen lan bikaina egin zuelako. 87-88an denboraldi hartan, jokalari gazteak eta helduak nahasita zeuden Athleticen: Andrinua, Alkorta, Ferreira, Patxi Salinas, Urtubi, Sarabia, Biurrun, Uralde, Gallego… Lan bikaina egin zuen Kendallek Bilbon ere, eta denboraldi hartan laugarren izan zen Athletic. Hurrengo denboraldian, berriz, zazpigarren. Valentziako partida hartara itzulita, golegileak Ferreira eta Uralde izan ziren. Valentziaren gola Madjer aljeriarrak sartu zuen. Ba al dakizu nor zen valentziarren entrenatzailea? Di Stefano. Epaile lanetan, Ramos Marcos aritu zen. Datuoi begiratuta eta izenak ikusita, ematen du atzo goizeko kontuan direla, baina hogei urte hogei urte dira.
Robinson, Lee eta etxekoak
Garai hartako Osasunako izarrak ziren. Ez bakarrak, ordea. Besteek ospe gutxiago izan arren, talde sendoa eta indartsua osatu zuten. Buruko hautsak kentzeko, hona izen batzuk: Roberto Santamaria, Castañeda, Bustingorri, Ripodas, Sola, Unzue, Pizo Gomez, Martin Gonzalez, Goikoetxea eta Ziganda. Ia denak etxekoak, entrenatzailea bezala. Pedro Mari Zabalza baitzen taldearen arduradun. Denboraldi bikaina egin zuen Osasunak 87-88an, eta bosgarren sailkatu zen, Athleticen atzetik eta Bartzelonaren aurretik. Talde hartatik, Roberto atezain txikia nuen gogoko. Ni ere atezaina eta txikia izanik, asko begiratzen nion haren jardunari. Gaur egun, ordea, atezaina eta txikia denak ez dauka nori begiratu. Denak morroskoak dira. Roberto hogei urte gazteago balitz, ez litzateke lehen iritsi zen lekura iritsiko. Hogei urtean, futbolean jokalari handien aldeko joera nagusitu delako.
Arkonadaren agindupean
Athleticek Valentzian irabazi zuen egun berean, Realak Cadiz menderatu zuen Atotxan. Golegileak Joxe Mari Bakero eta Loren izan ziren. Toshack zen entrenatzaile, eta ez zuen ez talde txarra galestarrak: Arkonada, Gorriz, Gajate, Larrañaga, Lopez Rekarte, Zamora, Begiristain, Bakerotarrak, Loren… Ez da harritzekoa bigarren sailkatzea denboraldi hartan. Cadizen ere baziren izen ezagun batzuk: Jaro, Juan Jose, Carmelo, Oliva… Entrenatzaile, berriz, Esparrago. Realeko talde hartan, Arkonada zen jaun eta jabe. Jokalari modura, nagusi zelako, eta taldearen barruan ere halaxe zelako. Hori da hori agintzea. Hori da hori izaera. Aurkarien aurrelariak ere dar-dar batean jartzen zituen goitik zetozkion baloien bila ateratzean. Hogei urte hauetan ez dut Arkonada bezalako atezainik ikusi. Ez jokalari moduan, eta ez agintzeko moduan. Haren estiloari ez diote jarraitu atezainek. Hura oldarkorra zen, eta asko ateratzen zen ate azpitik. Gaur egungoek, aldiz, atea beren etxea balitz bezala zaintzen dute.
Barasoainen mirariak
Bigarren B mailan zegoen Eibar 87-88ko denboraldian. Orduan, multzo bakarra zegoen, eta lehenengo laurak Bigarren A mailara igotzen ziren. Bigarren denboraldia zuten eibartarrek maila hartan, baina igotzea lortu zuten. Nola, gainera. Sekulako puntu pila lortu eta Liga irabazi zuten. 59 gol sartu zituzten eta 21 jaso, eta Espainiako Liga guztiak kontuan hartuta, Real Madrilek soilik gainditu zituen eibartarrak puntu eta gol kopuruari dagokienez. Barasoain gernikarra zen entrenatzailea, eta jokalarien artean, bi nabarmentzen ziren. Biak mitikoak. Biak Eibarko futbolaren historian gordeta egongo direnak. Garmendia eta Luluaga. Makina bat urtez jokatu zuten taldean, eta haiek jokatzen ikusteko aukera izan nuen. Barasoain ere Eibarren historian egongo da. 87-88ko denboraldi hura gogoangarria izan zen. Ez sinesteko modukoa. Barasoainen lehen miraria izan zen. Bigarrena 98-99an egin zuen, taldea zulotik atera zuenean hanka eta erdi Bigarren B mailan zuenean.
Txosa, Biota eta gainerakoak
Urte zailak bizi izan zituen Alavesek 80ko hamarkadaren erditik aurrera. Bigarren B mailatik Hirugarren Mailara jaitsi zen 85-86an, jokalariei ez ordaintzeagatik, eta 87-88an hasi zuen erromesaldiak lau denboraldi iraun zuen. Atzera begiratu eta kosta egiten da Hirugarren Mailan egon zela sinestea. Gogoan dut Zumaiakoren aurka jokatu zuela 89-90eko denboraldian maila horretan, eta bi jokalari dauzkat buruan: Txosa eta Biota. Haiei eta gainerakoei egokitu zitzaien Alavesen urte zailenak pairatzea. Baina errazena amore ematea zen garai haietan, aurrera jarraitu zuten, eta hogei urtean UEFAko finala jokatzera iritsi da nik gure herriko zelaian ikusi nuen taldea. Hirugarren mailatik Europako final batera. Futbolaren miseriak eta pozak ederki islatzen ditu Alavesek.