| « Esan gabe esanez | Manix Mandiolari elkarrizketa (osorik) » |
Jeloskor
Nik ez dakit Athleticeko jokalariek Espainiako Kopako finala ikusi zuten. Baina Valentziak irabazi zuela jakin bazekiten. Orduan hasi zen igandeko garaipena itxura hartzen. Asteazken gauerdian. Valentziak kopa eskuetan hartu zuen une berean. Jeloskor jarri ziren jokalari zuri-gorriak, klubak hain kutuna duen kopa beste batzuek irabazi zutela ikustean. Horregatik igandeko grina eta kemena. Ez Intertoto eta ez Europa. Athleticen pizgarria mendekua izan zen. «Gu gara Espainiako Kopako erregeak» pentsatu zuten, eta Valentziak eragin zien saminaren bultzadaz, bazterrak txikitzera atera ziren Caparrosen jokalariak. Irabaztea ez zen nahikoa. Egurra eman behar zitzaien. Pentsatu, esan eta egin. Bost aldiz nozitu zuten kanpotarrek euskaldunen haserrea. Bost kolpe zehatz. Ongi prestatuak eta landuak. Inork ez dezan zalantzan jarri nor den oraindik ere Kopako erregea.
Saminduta
Deportivok Iruñean lortu zuen garaipena ez zen Deportivoren garaipena izan. Lotinaren garaipena izan zen. Lotinaren mendekua. Aurreko denboraldian, kolpe latza hartu zuen Meñakakoak Nafarroako Erresuman. Osasunaren eta Realaren arteko partida hartan kontu ilun asko egon omen zen. Batez ere, aurretik. Reala eta Osasuna berdinketa adosten saiatu omen ziren. Realak ezetz. Athletic ere tartean sartu omen zen, Osasunari Reala menderatzeko diru saria emanda. Omen, omen eta omen. Baina egun hartan minik handienetakoa hartu zuena Lotina izan zen. Barru-barruko mina. Istorio guztien erdian zegoen, Osasunako entrenatzailea zelako Realak irabazten uzten laga omen zien azken partida hartan. Lotina zen gipuzkoarren eta nafarren arteko balizko zorrak kitatzeko lotura. Azkenean, nahigabe bazen ere, barregarri samar gelditu zen. Saminduta. Igandean hartu zuen mendekua.
Ametsetan
Alaves ametsetan ibili da astebetean. Astearen erdian eta larunbat iluntzean. Aste barruko ametsak epaitegietan izan du sorburua. Pitermanek hamahiru milioi euro eman behar dizkio klubari. Ahalguztiduna tartean izanda, amets hutsa izan daitekeela pentsatzen dut. Amesgaizto bihur daiteke amets ederra. Ikusiko dugu. Bigarren ametsa Kanariar Uharteetan sortu zen. Partida galdu eta gero. Salmeronen hitzak entzun ondoren pentsatu nuen gizona ametsetan ari zela. «Atzealdean sendoagoak izan behar dugu, erasoan baloia gehiago erabili eta aurrealdean aukerak sartzen asmatu behar dugu». Ez du batere eskatzen andaluziarrak. Dena. Hori da hori ametsetan egitea. Amets perfektua da entrenatzailearena. Ederregia. Fantasia hutsa. Benetan uste al du eskatzen duen guztia beteko dela Liga bukatu artean? Ni ezezkoan nago. Atzealdeko lanari eskatzen diona bete ezean, ametsik ederrena ametsik gaiztoena bilaka daiteke.
Nahastuta
Eibarko jokalariak, bestela esanda. Joan zen asteburuko etxetik kanpoko garaipenak bazterrak aztoratu ditu. Aldagelatik kanpo. Ostiraleko prentsaurrekoan, Manix Mandiolari egin zioten galdera adierazgarria izan zen. Igotzeko aukerez galdetu ez zioten bada. Helburua mailari eustea dela erantzun zion entrenatzaileak. Baina igotzeko fantasiak jokalariengana ere heldu direlakoan nago. Nahigabe, baina heldu dira. Igandeko partidan ikusi zen. Partida berdintzeko sekulako lana egin eta gero, garaipenaren bila joan ziren itsu-itsuan. Taldea bitan hautsi zen, eta akabo. Bigarren gola jaso eta etxera. Castellon hamar jokalarirekin egonda, normala ere bada garaipenaren bila itsu-itsuan joatea. Baina jarrera horren oinarrian igotzeko aukerez Eibar aldean zabaldu den fantasia dagoelakoan nago. Nahasi egin dira edo dituzte jokalariak. Mailari eusteko helburua lortu behar da fantasietan pentsatzen hasi aurretik.
Harrotuta
Ez dakit hitz egokia den Lillok hartu duen jarrera zehazteko. Iritsi berritan esan zuen ez zela bere filosofia ezartzen hasiko eta aurrez ondo egindakoari eutsiko ziola. Jarrera umila. Baina kontrako bidea hartzen hasi dela uste dut. Horregatik jarri dut harrotuarena. Igandekoa ikaragarria izan zen. Taldea hankaz gora jarri zuen, eta hegaleko jokorik gabe utzi. Nasticek nahi zuena, alegia. Marti, Realeko jokalari onena, lekuz kanpo eduki zuen ia partida osoan, eta haren ekarpena eskasa izan zen. Lillo gauza errazak egitearen aldeko azaldu zen iritsi zenean, baina hasi da gauza zailak egiten. Hasi da marrazki bizidunetako futbola ezarri nahian. Fantasia hutsa. Betiko Lillo itzuli da. Eta betiko Lillok beste taldeetan lortu dituen emaitzak ikusita, datorren urtean ere Eibar-Reala Ipuruan eta Reala-Eibar Anoetan.