| « Gora Nikolas Txiki! | Pianoa dago edanda, ni ez » |
Mezuak eta moldeak
Entrenatzaileek astean bitan hitz egiten diote gizarteari hedabideen bitartez. Partida bezperetan eta ondorenetan. Bertsolariek ez bezala, aurretik badakite zertaz aritu behar duten. Betiko galderak, alegia. Erantzunak ere betikoak, gehienetan. Baina erantzuna arrazoitzeko moduak aldatu egiten dira. Entrenatzaile guztiek ez dute berdin hitz egiten. Izaera kontua. Modua ez ezik, erantzuna bera ere ezberdina izan daiteke batek ala besteak erantzun. Zenbat buru, hainbat aburu. Hartu gure bost talde nagusietako entrenatzaileak, eta agerikoa da ezberdintasuna. Moduan eta mezuan. Manix koplaka aritzen da. Lillok habanera du gustuko. Caparros ere habanera zalea da, baina bizi-bizi mintzatzen da, koplaka bezala. Ziganda koplaka aritzen da, motzean kabitzen dena ez luzatzea hobe dela iritzita. Salmeron ere molde horretakoa da: luzea motzean hobe.
Eibarko Txirrita
Manixek argi eta garbi esaten du zer pentsatzen duen. Ostiralean, Euskadi Irratian, Joxe Mari Apaolazak egin zion elkarrizketa arretaz entzun nuen. Hemendik aurrera, Eibarren ibilbidea nolakoa izango zen azaldu behar izan zuen Manixek. Hona erantzuna: «Pastela bukatzea falta zaigu, eta gure esku dago lan hori. Azukrea botatzen badiogu, gozoa izango da, baina gatza botatzen badiogu, alferrik galduko dugu». Osa zezakeen erantzuna betiko esaldi batekin, baina pastela, azukrea eta gatza aipatu zituen. Bikaina. Hori esan eta handik minutu gutxira, Herri Irratian hitz egin zuen, Iñaki Mujika galdera-jartzaile zuela. Eibarko klubaren historia biltzen duen bideoa aurkeztu behar zutela eta, emozionatuko ote zen galdetu zion. Erantzuna hauxe: «Nire seme-alabak jaio zirenean ere ez nintzen emozionatu, eta futbolagatik nola emozionatuko naiz ba». Motz eta zuzen, beti bezala, Eibarko Txirrita. Koplaka, eta beti kontuan hartzeko zerbait esaten.
Tolosako Bilintx
Realeko entrenatzaile berriari, Lillori, loreari udan ihintza bezala gustatzen zaio hitz egitea. Dotore eta ponpoxo. Maitemin infinituaren erreinuan bizi balitz bezala. Bi hitzetan esan daitekeena hamabitan esatea gustatzea zaio. Bakoitzaren moldea bakoitzaren molde. Ostiraleko prentsaurrekoan esan zioten argentinarrek bezala hitz egiten duela. Erantzuna hauxe: «Errealitateak zure aurreiritziak ukatzen baditu, errealitatea baztertzen dugu. Esan nola begiratzen didazun, eta esango dizut nola pentsatzen dudan». Laburtu egin dut, askoz diskurtso luzeagoa erabili baitzuen galdera soilari erantzuteko. Igandean ere filosofo jardun zuen. «Lehen zatian ez dugu baloia ondo mugitu, baina gero, bai. Arimari esker izan da, baina arimak burua ere badauka». Arima eta burua. Filosofia bete-betean. Eta horrela erantzun bakoitzean. Galdera bakoitzari habanerarekin erantzuten dio Lillok, emaitzei erreparatuta futbolean ibilbide tristea egiten ari den entrenatzaileak. Bilintxen bizitzaren paradigma da Lilloren futboleko bidea. Desditxaz betea.
Utrerako Iparragirre
Caparrosek ere luze hitz egiten du, habaneraren moldean. Baina puntu bakoitzean bizitasuna jartzen dio esaldiari, kopletan balebil bezala. Iparragirrerekin ez dut alderatu ezaugarri horregatik, askotan herriari zuzentzen dizkiolako mezuak baizik. Askotan edo ia beti. Idealizatuta dauka herria andaluziarrak. To adibidea: «Tamudok botatako penaltia zaleek gelditu dute». San Mamesko zalea da bedeinkatua. Beti herriari mintzo Utrerako Iparragirre. Ez du arrazoi faltarik, baina andaluziarra izanik, esanak neurriz kanpo jartzen dituelakoan nago. Eta ez naiz ari Athleticeko zaleen laguntza zalantzan jartzen, apartak baitira. Orain, emaitzak oso onak dira, baina haizeak kontrako aldetik jotzen zuenean, eta bere gaitasuna kolokan egon zen garaietan, askotan goraipatzen zituen zaleak entrenatzaileak. Jarrera zuhurra, alajaina. Trikimailu guztien jabe da andaluziarra. Baita zorte onaren jabe ere, igandean berriro ere aitortu zuenez. Baina, zortearena gehiegi zabal ez dadin, berehala esan zuen jokalariak sekulako lana egiten ari direla udatik, zortearekin soilik ez baita infernuko sua behin betiko urruntzen. Horretaz guztiaz jardun zuen igandean. Luze baina motz. Habanera koplaren moldean.
Larraintzarko Xenpelar
Ia Osasunarenak egin zuela pentsatuko zuen larunbat gauean Zigandak. Berriro ere infernuaren ahoan. Ez da hitz askokoa, eta gai sakonak ere labur esaten ditu, denek entzuteko moduan. Larunbateko deskalabruaren ondoren, Xenpelarrek herriaren egoera bezain zehatz deskribatu zuen Zigandak Osasunako guztien kezka. Hitz bat guztiaren oinarri: zortea. Zorte falta. Zortea falta. Zehatza bezain motza, nire ustez. Nik neuk ez dudalako zortean sinesten. Gauzak kasualitatez gertatzen ez direlakoan nago ni. Zorte txarra ote da ba denboraldi osoan Pandiani eta Portillo eskas aritzea? Sorginkeria izan ote zen, ba, Huelvakoen golean atzelariek egin behar ez zutena egitea? «Taldeak arima utzi du zelaian, baina asmatzea falta izan zaigu», bota zuen partida ondorenean. Labur eta zehatz. Asmatzeko zorte onaren zain egoteko erabakia hartzen badu, akabo. Zortearen itzalpean epel-epel egon daiteke, ez hotz eta ez bero, baina lo hartzeko leku egokia da oso. Esnatutakoan komeriak.
Almeriako Artzai Txikia
Neurri txikien zalea da Salmeron hizketan. Andaluziarra izan arren, motzean aritzea gustatzen zaio, Artzai Txikiari bezala. Koplaka esaten ditu gauzak. Alavesera heldu artean, ez zen oso ezaguna, Txirritaren lagun handia izan zen bertsolariaren moduan. Larunbatean, motzean esan zituen esan beharrekoak: «Bi jokaldi txarrek zehaztu dute emaitza». Zertarako gehiago luzatu? Egiari zor, taldea dagoen bezala egonda, hobe isilik egotea eta lana beltz egitea. Horren aldekoa dela uste dut. Aurrera begira, ederki daki zer egin behar duen taldeak. Zuzen eta motz esan zuen: «Partidaz partida joan behar dugu». Ez du arrazoi faltarik. Logika hutsa da, baina asko nahasi egiten dira luzerako kontuak egiten, gertukoa lotu gabe eduki arren. Baina Salmeron Artzai Txikia bezain azkarra eta bizia da. Hori bai, jokalariei dagokie, batez ere, partida bakoitzean puntuak pilatzea. Bestela, alferrik hitz egingo du entrenatzaileak argi eta zuzen.