| « Galderak eta galderak | Futboleko ipuinak » |
Futbola, harrigarria
Hala dela esaten da. Baina ez da oso esaldi zehatza. Futbola ez da harrigarria. Futbolean gabiltzanok bihurtzen dugu harrigarri. Edozer gauza gertatzen delako, ezustean eta inork espero ez duenean. Zelai barruan eta kanpoan. Aldrebeskeria handienak ikusten direlako, logikatik erabat urrun daudenak. Zelai barruan eta kanpoan. John Toshackek behin esan zuen harritu egiten dela jendea futbolean gertatzen diren gauzekin harritu egiten delako oraindik. Urrutira jo gabe, gure bost taldeen inguruan zenbait gertaera bitxi eta ezohiko izan dira asteburuan.
Maitasunaren triangelua
Erositako prezioan saltzera noa kontakizun hau. Igande arratsaldean gertatu zen. Etxeko bat SER irratia katea entzuten ari zen. Futboleko partidak. Bigarren mailakoak. Partida batetik besterako joan-etorrian, Mendizorrotzan zegoen kazetariak hartu zuen hitza. Alaves-Albacete partida aspergarria egingo zitzaionez, zurrumurru baten berri eman zuen. Nonbait, eta betiere kazetariaren hitzetan, Alavesek lotuta dauka datorren denboraldiko entrenatzailea. Baina, entrenatzaile horrek Alaves entrenatzeko, ezinbestekoa da taldeak mailari eustea. Manix Mandiola omen da aukeratua. Zurrumurruaren katea gehiago luzatu zuen kazetariak, eta esan zuen Manixek ez duela bukatuko denboraldia Eibarren. Kalera botako dutela, alegia. Zur eta lur gelditu nintzen zurrumurruaren bigarren zatiarekin. Maitasun kontuekin lotura eginda, bikote ustez perfektua haustear egon daiteke. Maitalea tartean sartu delako. Horixe bai, maitasunaren triangelua.
Entzun, irakurri eta ez ikusi
Igande arratsaldean bertan, Realaren partida ondorengo adierazpenak irratian entzuten ari nintzela, hauxe jakin nuen: epaileak ez zuela Realaren aldeko penaltia adierazi partida amaitzear. Haserre ziren kazetariak. Haserre jokalariak. Haserre entrenatzailea. Atzo goizean, egunkari batzuk irakurri nituen, eta denetan aipatzen zuten penaltiaren jokaldia. Baina ezin dut epailearen lana epaitu. Ez dakit penaltia izan zen ala ez. Ez dudalako jokaldi hura inon ikusi. Entzun eta irakurri bai, baina ikusi, ez. Eta etxean badut telebista. Igande iluntzean, piztu egin nuen bederatziak baino ordu erdi lehenago. Realaren partidaren laburpena ikusteko. Golak ederrak. Harmailetako giroa, oso ona. Delibasici zuzeneko faltsuan egindako elkarrizketa, itxurosoa. Baina ez nuen penaltiaren jokaldia ikusi. Ez zuten eman. Une batez, pantailaren eskuinaldera begiratu nuen, gorantz. Ez nintzen deskuidatu katez. Ez zen Andaluziako telebista. Eta ni, hamaika ikusteko jaioak geundelakoan. Baita ez ikusteko ere.
Ekaitza dator
Atzo eguraldi ederra egin zuen gurean. Baina Gasteizen ez da giro izango laster. Ekaitza iragarri dute. Eguraldi txarrari aurpegi alaia erakutsi behar zaiola dio gaztelerazko esaera batek, baina Gasteizen muturra okertu diote gertu duten ekaitzari. Ekaitza hori ez da berezkoa. Ez da naturak sortua. Ez da lainoen talkak eragindako euria. Txistulariek txistua jo dute. Gaizki, beti bezala. Eta ekaitza ekarriko dute. Igandeko partidan gertatu zen. Raul Sanchezi egin zioten txistu, eta lehia bukatu ondoren, taldeari. Hilzorian dagoen gaixoari bizirik mantentzen duen kablea kentzea bezala da Alavesi txistua jotzea. Hil egingo da. Denboraldia gogorra izaten ari dela aitzakiatzat jartzea ez dut onartzen. Taldearen alde daude edo aurka. Txistulariak aurka daude, eta lagundu beharrean, kalte egiten dute. Horretarako, hobe da etxean gelditzea. Eta denboraldia amaitzen denean, jo dezatela txistua eta danbolina. Atera dezatela orduan zarata. Eragin dezatela ekaitza. Bitartean, Alavesi laguntzeko unea da. Bestela, datorren denboraldian ezin izango dute txistua jotzeko ohitura txarra Mendizorrotzan erakutsi.
Atezain berria
Taldeak irabaztea eta golik ez jasotzea da atezainen pozik handiena. Hortaz, pozaren erdia soilik izango du Ustaritzek. Ez zuen lan handirik izan Abadiñokoak. Areatik kanpo buruarekin urrundu behar izan zuen jokaldi batean larri antzera ibili zen, baina beste gainontzean, gau lasaia eduki zuen. Erdiko atzelaria izateko, bikain moldatu zen atezain. Ez da makala jokalari gaztea. Postu askotan jokatzen du, eta ondo, gainera. Erdiko atzelari, eskuineko atzelari eta zelai-erdiko euskarri lanetan ona dela banekien. Ezustea izan da, baina, atezain ona dela jakitea. Beno, ezustea izan da atezaina dela jakitea. Ostiral gauean jakin nuen nik. Telebistetako teletestu horietako bati esker. Espainiako agentziaren batek ematen dituen azken orduetako albiste sorta batean. Honela idatzi zuen kazetariak. Gazteleraz, jakina: «Ustaritz atezaina sendatu egin da, eta jokatzeko prest dago». Baita ondo jokatu ere. Buruko min galantak izan behar ditu Caparrosek datorren denboraldian. Lau atezain, eta laurak onak. Nor izango da titular? Iraizoz, Armando, Lafuente edo Ustaritz?
Gorriak zuri
Eta ez infernutik gertu egoteak sortzen dien izuak eraginda. Igande gauean, Nafarroako Erresuma gorri eta zuri bilakatu zen. Gorria betidanik izan da, baina zuria, inoiz ere ez. Ez, behintzat, Real Madrilen zuriaren aldekoa. Bada, igandean, Osasunako zaleak zurien alde zeuden. Real Madrilek Zaragozari irabaztea nahi zuten. Pozarren eta txoratzen ospatu zituzten Van Nistelrooik eta Robinhok sartutako golak. Astebete lehenago etsairik amorratuenak zirenak lagunik onenak bilakatu ziren. Futboleko jendearen kontuak. Datorren igandean ere antzeko zerbait gertatuko da. Duela egun batzuk Osasuna errespetatu ez zuten Mallorcako jokalariak zaleen kuttunak izango dira. Zaragozaren aurka jokatzen dutelako, eta aragoiarrek galdu egin behar dutelako. Futboleko jendearen kontuak. Bukatzeko, sekretu txiki bat kontatuko dut. Ni ere zurien aurkakoa naiz, baina igande gauean, begiak telebistan eta eskuetan irratia nuela, saltoka ospatu nuen Robinhoren gola, Real Madrilen gola. Mesedez, ez kontatu inori sekretua.