1985eko egun batean. Irlanda. Euria ariko zuen ziurrenik. Hango futbolaren gainean, euria eta kazkabarra botatzen ari zuen. Enbata. Irlanda eskas zebilen. Egoera iraultzeko, federazioak ingeles bat fitxatu zuen entrenatzaile. Enbata aurpegiak irlandar zaleen artean. Ingeles bat Irlandako entrenatzaile? Baina, eguraldia eta tradizioa irauli zituen Jacky Charltonek. Eguzkia ekarri zuen Irlandako selekziora. Horregatik, akaso, beti zeukan jantzita lurralde haietako ohiko txapela. Hasieran, euriak busti ez zezan. Gero, eguzkiak begietan jo ez ziezaion.
Sei urtez argitu zuen eguzkiak Irlandako futbola. 1988an, Eurokopa jokatu zuen. Lehen fasean etxera. Baina Dublinen sekulako ongietorria. Guinessak nonahi. 1990ean, Mundialera iritsi zen. Final laurdenetan Italiak kanporatu zuen. 1994an, berriro ere Mundialera. Final zortzirenetan Holandak bidali zuen etxera. Festa, baina, Irlandan. Eguzkia egunero. Jacky Charltonek txapela jantzita jarraitzen zuen.
Baina Irlanda ez da Irlanda euririk gabe. 1996ko Eurokopa Ingalaterran jokatu zen, eta Jackie Charltonek etxean aritu nahi zuen Irlandarekin. Baina ez zen sailkatu. Kanporaketako partida. Holanda edo Irlanda. Kale edo bale. Anfield Road-en. Holanda Eurokopara.
Euria eta kazkabarra berriro Irlandan. Txapela txapel, busti egin zen Jacky Charlton. Dimititu egin zuen Gabonetan. Baina balentria eginda. Sekulakoa. Irlandarrek maite duten ingeles bakarretakoa izatea lortuta itzuli zen etxera.
Galdera zaila: Nor izan ote da inoizko atezain onena?
Betiko erantzuna: Asko daude oso onak.
Baina asko esaten hasita ere, denok edo ia denok bat egingo dugu izen bat esatean. Yashin. Lev Ivanovitx Yashin.
Orduko Sobiet Batasunean jaio zen, 1929ko urriaren 22an, Moskun. Beste askori bezala, nahigabe azaldu zitzaion futbolean jokatzeko aukera. Bigarren Mundu Gerra bete-betean zela, erreminta lantegi batean egiten zuen lan, eta izotz hokeyan jokatzen zuen, lantegiko taldean. Atezaina zen. Baina 14 urte zituela, futboleko taldeko atezaina ordezkatu behar izan zuen, hark min hartu zuelako. Hantxe hasi zen mitoa zizelkatzen.
20 urterekin fitxatu zuen Moskuko Dinamok, eta hantxe segitu zuen 1971n erretiroa hartu arte.
Bere kasa ikasi zituen atezainaren martingalak. Bai ondo ikasi ere. Oso mutil garaia zen. Ia 1,90 luze. Garaiko aurrelari onenak beldurtuta zeuzkan; diotenez, oso zaila baitzen gola sartzea errusiarrari. Datuek berresten dute hori: 558 partida jokatu zituen taldearekin eta Sobiet Batasunarekin, eta 270 alditan ez zioten golik sartu. Sekulakoa. Gainera, 50 penalti baino gehiago gelditu omen zituen. Itzela. 558 partida eta beste horrenbeste vodka kopatxo. Izan ere, partida bakoitzaren aurretik, vodka tragoxka edateko ohitura omen zeukan.
Bi garaipen handi lortu zituen: 1960ko Eurokopa eta 1956ko Olinpiar Jokoak.
Yashin entzun orduko lotzen dugu haren ezizenarekin. Armiarma beltza. Armiarma, harrapa ezin zitezkeen baloiak harrapatzen zituelako beso luzeei esker. Beltza, beti beltzez jantzita jokatzen zuelako. Armiarma izanik, munduko altxorrik preziatuena bezala zaintzen zuen sarea. Ia ezinezkoa zen han sartzea. Ausartzen zenari besoak, oinak, eskuak eta hankak ateratzen zizkion. Sarea berea zuen. Baina armiarma berezia zen. Sarean bizi arren, saretik kanpo egoten zelako beti. Atezain baino sarezain zen armiarma beltza. Baloiak gelditzen zen abila. Beti baloiari adi. Aurrea hartzeko prest. Horregatik, baloiari soilik erreparatzen ziolako, heriotza sartu zitzaion sarean ezustean, nahiz eta gaixorik zegoen. 1990eko martxoaren 20an hil zen ziurrenik inoizko atezain onena izan dena.
Antonin du izena eta Panenka abizena. Antonin Panenka. Txekoslovakian jaio zen, eta Pragako Bohemians taldean urte askoz jokatu zuen. 1967tik 1981 arte. Gero, 1985 bitartean Vienako Rapiden aritu zen, eta hantxe erretiratu. Gaur egun, bere betiko taldeko, Bohemiansko teknikoetako bat da. Maisu aparta daukate txekiar gazteek, alajaina.
Panenkak zelai-erdian jokatzen zuen, eta futbol-adituak eta ez-adituak bat datoz hura definitzean: magoa zen. Bere herrian inoiz egon den futbolari onenetakoa izan da. Baina jendeak ez du horregatik gogoratzen. Ezagutu ez zutenek ere entzun dute inoiz Panenka. Umeek badakite haren berri. Jokaldi batek sartu duelako txekoslovakiar magoa futbolaren historian.
1976an izan zen. Ekainaren 20an. Belgraden. Izar Gorriaren zelaian. Eurokopa zegoen jokoan. Finala zen. Aurrez aurre Mendebaldeko Alemania eta Txekoslovakia. 30. 796 ikusle. Bina bukatu zen partida. Txekiarrek azken minutuan lortu zuten berdinketa. Penaltiek erabaki zuten txapelduna. Masnyk gola. Bonfohek ere bai. Nehodak gola. Flohek ere bai. Ondrusek gola. Bongartsek ere bai. Jurkemikek gola. Hoenessek kale. Jaurtiketa bana gelditzen zitzaien. Baina Txekoslovakiak sartzen bazuen txapeldun zen. Panenkak hartu zuen baloia. Areatik kanporaino joan zen. Baloiari sekulako astindua eman behar zion. Hasi zen korrika. Azkar-azkar. Baloia besterik ez zuen begietan. Iritsi zen baloia zegoen lekura. Hanka azpi-azpian sartu zion, atzazalarekin jo izan balu bezala. Baloia hegan hasi zen baina mantso-mantso. Gozo-gozo. Isil-isilik. Ezkutuan bezala. Sepp Maier alemaniar atezain bikaina aspaldi etzana zen ezkerraldera. Baloiaren hegaldi leuna ikusi zuen, burua mugitzeko astia ere izan baitzuen, hain zihoan mantso baloia. Konturatuko zen, era berean, Eurokopa txekoslovakiarrek irabaziko zutela. Baita Panenka ere. Baloia ate barrurantz mantso, gozo, leun eta isil zihoala ikusi orduko, korrika hasi zen, besoak gora. Txapeldun egin zuen Txekoslovakia. Eta bide batez, politikak gerora ekarriko ziena aurreratu. Baloia atearen erditik sartu zen, eta muga finkatu zuen. Alde batera Txekia eta bestera, Eslovakia. Isilik, bakean eta lasai.
Oso erreportaje polita dakar gaur ‘Berria’-k Roberto Bonano atezainari buruz. Unai Zubeldiak egin du, eta merezi du irakurtzea, oso hausnarketa interesgarriak egiten baititu argentinarrak: futbola zer den beretzat, profesionaltasunaren eta erromantizismoaren arteko aldea eta abar. Hemen dago erreportajea: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=kirola&data=2008-02-05&orria=028&kont=002