| « Aitzakiak eta Turkia | Ez dok hamahiru » |
Futbola bere hartan definitzen dut nik. Futbola, futbola da. Baina tentazio handia da batzuentzat, eta selekzioen arteko txapelketak aukera paregabeak dira politikarekin nahasteko.
Espainian dago adibidea. Hango hedabide gehienak ikusita, entzunda eta irakurrita, kaskarreko mina jarri zait. Sekulako biharamuna izaten dudanean bezala. Ulertzen dut gustura egotea eta aspaldiko partez final-laurdenak gainditu izana ospatzea. Berdin zait Eurokopa irabazten badute ere, baina gehiegizkoa iruditzen zait Espainiako selekzioaren inguruan sortu duten giroa. Igandean, esaterako, Italiaren aurkako partidaren aurretik, Cuatro telebista kateko Nico Abad kazetariak burua galdu zuen. Budu egiten hasi zen italiarren aurka. Bi panpina hartu zituen, orratzak sartu zizkien, eta bat-batean, urez betetako edalontzian sartu zituen. Bere onetik kanpo zegoenez, edalontzia eta panpinak harrika bota zituen, auskalo zer oihukatzen ari zela. Hori guztia Espainiako Gobernuko ministro bat alboan zuela. Lotsagarria.
Eurokopa eta Munduko Kopa herrialdeen naziotasuna erakusteko edo indartzeko erabiltzen dituzte. Espainian, kabitu ezinda dabiltza selekzioaren garaipenekin. Halaber, pozez gainezka daude, nonbait lo zegoen espainiar naziotasuna esnatu delako. Ni, haientzat, espainiarra naiz, eta, ni bezala, espainiar sentitzen ez garen beste guztiak ere bai. Hor konpon ni bezalako inozoak. Ederki ari dira baliatzen futbola eta beren selekzioa Espainiaren gezurretazko batasuna erakusteko.
Jokalariak ere erabiltzen dituzte horretarako. Hauxe esan berri du Xavi kataluniarrak: «Euskadiko eta Kataluniako zaleek ere guk irabaztea nahi dute». Asko esatea iruditzen zait. Batzuk alde egongo dira, baina beste batzuk, ez. Baina, hor konpon, ni bezalako inozoak. Zapaldu egiten gaituzte. Biziko ez bagina bezala. Espainian, denak espainiar, eta kito!
Gaur irabaztea edo galtzea berdin zait. Baina galtzen badu, poztu egingo naiz. Ahobero zapaltzaileak ezin ditudalako jasan.