08.04.18

10:26:35 , Aitor Manterola , 2061 hitz, 46 aldiz ikusia  
Atalak: Eibar

Manix Mandiolari elkarrizketa (osorik)

Gaurko BERRIAn atera da Manix Mandiolari egin diodan elkarrizketa. Lekuaren mugak tarteko, ez zait dena kabitu. Hemen jarriko dut elkarrizketa osoa. Hauxe da:

Zenbateko balioa dauka Kordobako garaipenak?

Denerako balio duela uste dut. Baina, ordena ematearren, helburura gerturatzeko balio izan digu lehendabizi, eta gero, denboraldi amaiera lasaia edukitzeko oso lagungarriak izango dira. Azkenik, kazetarien galderak pixka bat aldatzeko ere balioko du. Izan ere, azkenaldian, beti, hau izaten zen aurreneko galdera: “”hainbeste denbora etxetik kanpo irabazi gabe…”. Jaieroko kontua izan da. Jendeak apropos
egiten zuela uste dut.

Haserre sumatzen zaitut.

Estatistikak hor daude. Orain, zortzi taldek atera dituzte etxetik kanpo gu baino puntu gutxiago. Jendea ez da konturatzen Eibarrek etxetik kanpo irabazteko mirariak egin behar dituela ia-ia. Gauza asko gertatu behar dira horretarako. Kopan eta Ligan, hamazazpi aldiz jokatuko dugu kanpoan, eta zortzi aldiz galdu. Bederatzitan puntuatu egin dugu, eta zer nahi dute ba? Orain, behintzat, Kordoban irabazita, sei hilabeterako komodina badaukagu. Txarrena da uda sartuko dela tartean, eta denbora gehiago egongo garela etxetik kanpo irabazi gabe.

Eibar sekulako denboraldia ari da egiten. Espero al zenuen horrelakorik abuztuan?

Egia esateko, Bigarren maila ez nuen ezagutzen, eta beste taldeek nolako maila emango zuten ez nekien. Banekien guk onena emango genuela, mutil onak eta zintzoak dauzkagulako, baina besteen berririk ez nuen. Eibarren aurrekontua oso txikia da, eta ahal dugunarekin egin dugu taldea. Betiko kontua da. Aurreneko lana taldeko lana, talde izaera ematea izan zen, eta lortu genuen. Pentsatzen nuen atzean ibiliko ginela. Atletismoaren adibidea jartzen dut. Zuk 100 metro 10 segundoan egitea marka ona da, eta Euskal Herrian onenen artean zaude. Baina mundu mailan lehiatzen zarenean, marka horrekin, onenengandik urrutik egongo zara.

Non ikusten duzu taldea ekainean?

Salbatuko garela ia segurua da. Ahalik eta azkarren lortzen badugu, tentsioari eutsi beharko diogu, ez delako gauza bera seigarren bukatu edo hamazortzigarren amaitu. Hamar punturen barruan egongo da tarte hori. Nik uste dut zortzigarren postua 60 punturen inguruan ibiliko dela, eta guk puntu horien bila joan behar dugu. Ahalik eta postu onenean bukatu behar dugu.

Erraza al da helburua lortu ondoren tentsioari eustea?

Ez dakit. Behin ere ez naiz egon horrelako egoera batean. Datorren urtean esango dizut erraza den edo ez, aurten probatu eta gero.

Zergatik zabiltzate hain ondo?

Guk ez daukagulako beste taldeen presioa. Talde horietan, gauzak gaizki ateratzen hasten direnean, prentsa gainera egiten dizu salto, jokalariak etorkizunean pentsatzen hasten dira eta taldeak desegin egiten dira. Dirua duten taldeetan gertatzen dira horrelakoak. Guk, aldiz, gauzak okertzen zaizkigunean, konfiantza izaten jarraitzen dugu taldean, aldagela ez da hausten. Eibarren sekretua da gauza guztiak erlatibizatzea. Hau, azken batean, futbola da. Partida denak galduta ere, mundua ez da bukatuko, ezta denak irabazita ere. Lasaitasun horrek asko laguntzen du.

Emaitzak emaitza, klubak ez du burua galdu.

Ez, ez. Gu ez gara aldatzen. Laster, Ejidon jokatuko dugu, eta bidaia autobusez egingo dugu ziurrenik, 14 orduko bide luzea. Eibarren ez gara zoratzen partida bat irabazteagatik. Hona datorrenak badaki zer dagoen, eta onartu egiten du, eta gustura.

Klubaren barruan zaudetenak jabetzen al zarete Eibar klub normala dela?

Bai. Guk badakigu Eibar talderik normalena dela. Kanpokoek ere badakite, eta askok famatzen dute Eibarren jarduna, baina gero ez dute erabiltzen. Guk geurearen berri badakigu, eta Eibar ondo ibiltzen da, besteak beste, gainerakoek gauzak gaizki egiten dituztelako. Besteak aztoratu egiten dira, eta ona da Eibarrentzat. Jaitsi ginenean ere ez ginen aldatu. Igotzeko zortea izan genuen, majo sufrituta, hori bai. Baina ohituta gaude sufritzen, ondo ikasita daukagu, eta hori da gure bidea. Iazkoa aipatuta, gauza bat esango dizut: aurten iaz baino hobeto ari gara jokatzen, politago. Maila bat gorago ego arren, eta ia talde bera izan arren, hobeto ari gara. Ez diot azalpenik aurkitzen.

Klub normalak entrenatzailea ere halakoa behar al du?

Klubaren patrimoniorik handiena Javi Perez da, idazkari teknikoa. Aldatu dira zuzendaritzak, langileak, entrenatzaileak, jokalariak, baina berak jarraitzen du. Ia beti asmatu egin du entrenatzaileekin, duela bi denboraldi izan ezik. Norekin eta oso curriculum ona duen Terrazasekin. Sekulako emaitzak dauzka, baina gaizki atera zen. Taldearen izaerarekin bat datorren entrenatzaileak ekartzen ditu, eta datorrenak badaki nora eta zertara datorren.

Nolako entrenatzailea da Manix, normala edo berezia?

Adierazpenetan, tarteka esaldi bereziak botatzen ditut, baina nahita egiten dut. Betiko esaldiak erabilita, Eibarri inork ez diolako kasurik egiten.

Baina zure izaera ere halakoa ez al da?

Baietz esango nuke. Nahita botatzen ditut botatzen ditudanak, baina halakoxea ere banaiz.

Zer da zuretzat futboleko entrenatzailea?

Jakin egin behar da, baina pixka bat. Jendeari lanean utzi behar zaio. Niri gustatzen zait jokalari bakoitzari onena ateratzea, baita justu samar dagoenari ere. Garrantzia handia dauka taldea ondo eramateak. Talde txikietan ez badugu denok batera indarra egiten, gaizki. Metodologia badaukagu, eta oso garrantzitsuak dira bigarren entrenatzailea eta prestatzaile fisikoa, futbolaz ni baino askoz gehiago dakitelako. Ni naiz aurpegia ematen duena eta taldea ondo eramateaz arduratzen dena. Baina psikologiarik gabe. Normal eta natural. Dena erlatibizatzen. Inork ez dizu daukana baino gehiago emango, hau futbola da eta.

Zuen filosofiarekin bat egiten duten jokalariak ekartzea funtsezkoa da, hortaz.

Sekulako garrantzia ematen diogu horri. Ehunka jokalari eskaintzen dizkigute, eta asko aztertzen dugu bakoitzaren izaera. Berezia baldin bada, ez dugu ekartzen. Hemen, berezia izateko neu nago. Bat edo bi izaten dira bereziak, baina azukre ontzi handi batean gatz pixka bat botatzea bezalakoa da; nahasi eta igarri ere ez da egiten.

Identifikatzen al zara entrenatzaileren batekin?

Asko ezagutu ere ez ditut egiten, egia esateko. Hortaz, ez dut izenik esango. Ezagutzen ditudanak Mendilibar eta Valverde dira, elkarrekin ere jokatu genuelako. Oso pertsona normalak dira, eta hor daude haien emaitzak. Emaitzei begiratuta, Unai Emerirena izugarria da. Hasieran zorte ona zuela zioten, baina gero erakutsi du ez dela zorte kontua bakarrik.

Nor da entrenatzaile ona, talde onarekin emaitza onak lortzen dituena, edo talde ez hain onarekin emaitza onak ateratzen dituena?

Galdera zaila da hori. Jokalari txarrekin emaitza onak ezin dira lortu. Hori seguru! Lehen mailan, talde txarrenak ere maila ona dauka. Begira Almeriari edo Valladolidi. Talde onean entrenatzaile izatea ez da erraza, hainbeste izarrekin taldea ondo eramatea oso zaila delako. Alferrik eramango dituzu sagardotegira! Guk dena konpontzen dugu mahai baten bueltan, baina talde handietan zailagoa da. Rijkaard egokia da horretarako. Baina futbolari bikaina izan zen, denek errespetua diote futbolean eta halako oilategia eramateko horrelako bat behar da. Agian, metodologiaz eta gehiago jakingo du Racingeko Marcelinok. Baina talde txikietan ondo ibilitako entrenatzaile askok egin dute huts talde handietan; adibidez, Florok Real Madrilen eta Serra Ferrerrek Bartzelonan. Futbolaz dena jakingo dute baina…

Prentsaren aurrean ezohiko gauzak esaten dituzu, baina zelaiko lanean, asteko lanean nolakoa da Manix?

Aurten, Fran Garagartza da nire laguntzailea. Lanak banatu egiten ditugu, eta bat da polizia ona eta bestea, txarra. Garagartza da txarra, eta ni, ona. Berak ardura gehiago du metodologian, eta ni taldearen eta jokalarien sentsazioak antzemateaz arduratzen naiz.

Zuk esandako esaldiak dira hauek: “Astean zehar, entrenatzen, gozatu egiten dut”.

Bai, bai. Futbolean astearen barruan gozatzen da. Partida galdu arren, astelehenean gauzak beste era batera ikusten dira. Jokatu ez dutenak zain egoten dira, zerbait erakusteko gogoz. Astea aurrera doan heinean, asteazkenetan, neure taldea onena dela iruditzen zait. Maitemindu egiten naiz taldearekin, eta pentsatzen dut inork ezin digula guri irabazi. Aurkaririk ez dugu izaten astean zehar, eta beti txapeldun!

Beste bat: “Partidetan sufritu egiten dut”.

Bai, bai. Ezin dugu ezer egin, eta zarata ateratzen dugu, nahiz eta jakin inork ez digula entzungo. Ezta kasurik egin ere, gainera. Endemas, jokalari bat entrenatzailearen esanen zain badago zerbait egiteko, malo. Harekin ez dago zereginik. Jokalariak berak izan behar du gai erabaki zuzenak hartzeko. Idiari alferrik da akuiluka ematea indarrik ez badauka.

Hirugarrena: “Niri ez hitz egin triboteez eta. Futbolaz gutxi dakit nik”

Nik tamainan dakit. Nik egin dezaket sekulako marrazkia arbelean, baina zelaian erabakitzen da dena. Nire lagun batek, Pello Uraldek, hau esaten du: “Arbelean marrazki perfektuak egin daitezke, baina zelaian, baloi baten bila indar gutxirekin bazoaz, baloia zure areatik gertu egongo da, eta indartsu sartzen bazara, beste areara joango da”. Eta jarrera horien arabera, marrazkia aldatu egin daiteke. Guk, gainera, denok antzera jokatzen dugu. Horixe da goiko eta beheko mailako taldeen aldea: goiko taldeek, gutxi asko, berdin jokatzen dute partida osoan, ondo antolatuta; behekoek edo gazteen taldeek, berriz, oso ondo antolatuta ekiten diote, baina gero desegin egiten dira. Talde onenak dira azkenera arte berdin jokatzen dutenak.

Azkena: “Nire seme-alabak jaio zirenean ez nintzen emozionatu, eta nola emozionatuko naiz ba futbolean?”

Berandu heldu nintzen jaiotzara, eta emaztea haserretu egin zitzaidan. Lasai nengoen, banekien dena ondo aterako zela. Normaltzat hartzen nuen haurra jaiotzea. Ez naiz emozionatzen, eta orduan ere ez. Eta futbolarekin gutxiago. Momentuan sufritu eta bai, baina futbola besterik ez da. Erlatibizatu egin behar dira gauzak. Irabazi eta sekulako poza edukitzea zertarako? Gero, hurrengoan pentsatzen hasi behar da. Gustura egoteko irabazi behar hori ez dut ulertzen. Tristea da hori. Irabazi eta gero, galdetzen didate: “Nola sentitzen zara irabazi eta gero?” Bada, normal sentitzen naiz. Entrenatzaile onak plazagizona izan behar du. Presioa eramaten jakitea ezinbestekoa da. Nik ez dakit balioko nukeen halako presioa eramateko.

Eibarren abantaila daukazu, lehen esan duzun bezala, presio gutxi daukazue eta.

Hala da, baina herrian bertan entrenatzaile izatea nahikoa gogorra da. Ederra litzateke Eibarren bezalako presio gutxi edukitzea, baina kanpoko talde batean. Extremadura bezalako talde txiki bat egokia litzateke, adibidez.

Zer da mingarriena zuretzat kasu horretan?

Edozeinek edozer gauza esaten dizu zure lanaz, eta kontuan hartzen duzu. Horrelakoetan konturatzen naiz benetan bakoitza nolakoa den. Alde horretatik, gogorra da, baina bi urte egin ditut dagoeneko.

Alde onik ez al du herrian bertan entrenatzaile izateak?

Bai, bai. Ez dago erdi-biderik. Edo ondo edo gaizki. Egia da hurbilekoa ondo ikustea kosta egiten zaigula, baina denetik dago; batzuk poztuko dira niri gauzak ondo ateratzen ari zaizkidalako, eta beste batzuk, ez. Nik ez diet ezer egin, baina gizakiak horrelakoak gara. Pentsatzen jarrita, neuk ere jarrera hori hartuko nuke ziurrenik. Halakoak gara.

Eibarren sufritzen eta gozatzen, hortaz.

Bietatik, denetatik. Gozamena da ez daukazulako inora mugitu beharrik. Gainera, Eibarren zuzendaritza ez da gure lanean sartzen, eta hori, gaur egungo futbolean, luxua da. Eta sufritzen, etxean bertan aritzea presio handia delako. Udan, Inaxio Kortabarriarekin hizketan, galdetu zidan zer moduz nenbilen Eibarren. Presioarena aipatu nion, eta hauxe erantzun zidan: “Joan hadi, hortaz, Zestoara”. Baina Zestoan ere izango da zerbait, baita gazte mailetan ere; edo guraso xelebreren bat edo auskalo. Presiorik gabe inon ez.

Presio hori oztopo izango al da Manixek datorren denboraldian Eibarren jarraitzeko?

Ez dakit zer egingo dudan. Ziurrenik, jarraituko dut, baina lehendabizi mailari eutsi behar diogu. Orain kontratua berritu eta maila galtzen badugu, nik ez nuke indarrik izango jarraitzeko. Hortaz, hobe helburua lortu arte ezer ez esatea. Niretzako Bigarren maila nahikoa eta gehiegi da. Ni baino askoz gehiago dakiten entrenatzaileak daude beheko mailetan.

Beti etxean edo etxe inguruan izan zara entrenatzaile. Kanpora joango al zinateke?

Jokatu egin nuen urtebetez Burgosen, etxetik kanpo, eta gertu egon arren, 10.000 kilometrora egon nintzela iruditzen zitzaidan. Beste mundu bat zen hura. Ni hemengoa naiz, eta ez dakit kanpora joanda zer gertatuko litzaidakeen. Aldagelan euskaldunak edukitzea abantaila da niretzat, eta kanpotar gutxi horiek berehala sartzen dira hemengoen giroan. Baina kanpora joan, eta denak gatza badira azukrea izan beharrean, hasi zaitez haiek denak moldatzen. Ez da erraza izango. Gainera, inork ez dit deitu kanpora joateko.

Hain ondo ibilita, agian laster deituko dizu norbaitek.

Bai zera! Gu bezalakoak eta hobeak asko daude.

Bigarren Erregionalean entrenatu duzu, eta futbola asko aldatzen al da, adibidez, Bigarren Mailan?

Ez dago hainbesteko alderik. Beheko mailetan ere igotzeko helburua badaukazu, gaizki pasatzen duzu galdu ondoren. Bigarren mailan instalazioak eta dira onak, eta dena daukazu eskura. Ezberdintasunak badaude, baina ez hainbeste. Nik, adibidez, Bigarren Erregionaleko jokalariak tratatzen nituen bezala tratatzen ditut Bigarren mailako jokalariak. Elkarrekin joaten gara zerbait hartzera, bai haiekin eta bai hauekin.

Goiko maila batean egon arren, beheko mailetako ohiturei eusten diezu, orduan.

Komunikabideek aldatzen dute pertsona edo entrenatzaile baten itxura. Ez gara hainbeste aldatzen, baina hedabideetan beste era batekoak bagina bezala erakusten gaituzte. Mendilibar, esaterako, ez da batere aldatu. Orain ezagutu ditut Lehen mailako entrenatzaile batzuk, eta Bigarren B mailan ezagutu ditudan batzuk bai direla xelebreak. Normalenak Lehen mailakoak dira. Jende sanoa. Baina saldu egin behar denez, komeni den irudia azaltzen dute hedabideetan. Adibidez, herriko entrenatzaile sanoak eta jokalariekin garagardoak hartzera joaten denak ez du saltzen.

Nola moldatzen dira atzerritarrak zuen ohituretara?

Ondo, baina beste kultura bat daukate. Niko Medina txiletarrak, adibidez, Aita Santua banintz bezala hitz egin zidan aurreneko aldiz. Beste talde batetik etorritakoek ere sekulako errespetuz hitz egiten zidaten hasieran, eta ni harrituta. Horrela ohituta daude, baina entrenatzaile bakoitzak bere izateko era dauka. Nik Jabier Exposito izan nuen entrenatzaile, eta zorrotza, langilea eta metodikoa zen, baina ni erabat ezberdina naiz. Hori bai, oraindik ere joaten gara elkarrekin bazkaltzera, eta hark esandakoari zintzo jarraitzen diot.

Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Futbola ez den edozertaz hitz egiteko baliatzen dute futbola batzuek. Hitz egin dezagun futbolaz.

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software