Lehen aldiz irabazi du Espainiak Eurokopa. Ez dut hanka sartu. Badakit 1964an ere garaile izan zela, baina garaipen hura ez zela oso garbia izan uste dut. Ni ez nintzen bizi, baina Franco delako pertsonaia bat, bai. Espainian bertan jokatu zutela kontuan izanda, gaizki pentsatzea libre.
Herenegun lortutako garaipenak ez dit zalantzarik utzi. Onenak izan dira. Txapelketa handi batzuk ikusi ditut dagoeneko, eta gauzak ahaztu egiten badira ere, ez dut gogoan halako nagusitasunez irabazi duen talderik. Gero eta berdinduago dagoen futbolean, kontuan hartzeko modukoa da hori. Nagusi izan dira, baloia erabili behar izan duten uneetan nagusi izan direlako. Bakarkako teknikan eta taldeko teknikan erakustaldia eman dute espainiarrek. Perfekziorik ez dago, baina ez dira oso aparte ibili. Txapelketa hasi berritan zela, orekaren kontua aipatu nuen. Baita idatzi ere Espainiak ez duela betetzen orekaren printzipioa. Orduan hala uste nuen, baloirik gabeko lanean, batez ere, eskasak zirelako. Baina hobetu egin du, eta duela hiru aste baino orekatuagoa da. Finala irabazteko ardatz nagusia horixe izan zela uste dut. Baloirik gabe sekulako lan ona egin zuten.
Euskaraz idaztearen abantailei esker, Tuterarik behera ez du inork jakingo zer idatzi dudan finaleko ardatzari buruz. Eskerrak. Bestela Inkisizioa bidaliko luketelako goialde honetara. Espainian harro daude garaipenarekin, eta, batez ere, jokatzeko ereduarekin. Lehen ere matraka ederra ematen zuten futbolaren ikuspegi bakar horrekin, eta orain, atera kontuak. Madrilgo plazetako baten erdi-erdian jarriko dute makila luzea, inguruan egurra duela. Hemendik aurrera, baloia luze jo edo joko zuzena deitzen zaion joko moldea egiten duen jokalariari heretikoa izatea leporatuko diote. Plazan erreko dute. 1964ko Eurokopa diktaduran irabazi zuen Espainiak, eta 2008koak futbol bakarraren diktadura ekarriko du.
Ostiraletik larunbatera bitarteko gauean goizeko seietan esnatu nintzen. Hontzarenak bezala nituen begiak. Zabal-zabal eta handi-handi. Hasi nintzen buruari bueltaka, eta halako batean, galdera bat inguratu zitzaidan: nola jokatu beharko luke finala Alemaniak? Pentsatzen hasi nintzen.
Ni Loew banintz, baloia erabiltzen utziko nieke Espainiako erdiko atzelariei. Ondorioz, Klose atzerago jarriko nuke, Senaren inguruan. Baloia hartzen duen bakoitzean eroso joka ez dezan. Sergio Ramosi eta Capdevilari laga egingo nieke metro batzuk aurrerantz egiten, baina zelai erdira iristean, presioa egingo nieke Podolskirekin eta Schweinsteigerrekin. Atzerantz joka dezaten. Aurrerantz jokatzeko aukera badute, zelai erdiko lerroa eta atzelariena asko elkartuko nituzke, espainiarrek baloia erraz uki ez dezaten. Hori eginda, argi ibili beharko dute atzelariek baloi luzeekin. Barruko paseak tapatzeko, alemaniarrek ezingo dute lerro berean jokatu zelai erdian. Laguntzak ere eman ahal izango dituzte horrela.
Modu horretan, Espainiako atzelarien bizkarrean zulo gehiago izango dute, eta baloia, agian, oso atzean lapurtuko badute ere, kontraerasoan jokatzeko aukera izan dezakete.
Horixe egingo nuke Loew banintz. Baita erritmoa hautsi ere. Falten bidez bada, falten bidez. Eta geldikako jokaldietan garaiagoak direla baliatu. Baina Loewek egin dezakeen onena da goizeko seietan lo egitea.