Txano Gorritxu
Zigandak esan berri du Osasuna basoan sartuta dagoela, eta bertatik ateratzeko argia edo bidea aurkituko dutela. Hitzok entzun orduko, ipuin ezagun bat etorri zitzaidan gogora. Txano Gorritxu. Osasunaren ibilia ederki islatzen duen ipuina. Demagun Ziganda dela ipuineko protagonista. Ligaren hasieran, bederatzi hilabeteko txapelketari taxuz aurre egiteko, otarra ederki bete zioten. Jakiekin izan ordez, jokalari berriekin. Halaxe ekin zion bideari Zigandak. Txano Gorritxu bezala, irribarrez eta kantari. Zeharkatu zituen herriak, zeharkatu mendiak. Zailtasun askorekin eta erraztasunarekin. Helmugara batere arazorik gabe helduko zela ematen zuen, baina, bat-batean, baso ilunean sartu zen. Azken txanpan. Galdu egin zen. Hori gutxi ez, eta hamaika otso azaldu zitzaizkion bidera. Epaileak. Denek nahi zuten Ziganda helmugara ez heltzea. Otso bati aurre egin, eta beste bat azaldu. Basoan ilunpean. Galduta eta etsaiak nonahi. Zailtasun gehiegi. Helmuga, bertan bezain urrun. Txano Gorritxu onik ateratzen da ipuinean. Helburua betetzen du. Zigandaren ipuinari amaiera idaztea falta zaio. Ederra litzateke irakurleek ipuinaren amaiera idazteko aukera edukitzea, Ziganda onik iritsiko litzatekeelako helmugara. Ziganda eta Osasuna, jakina.
D’Artagnan eta besteak
Futboleko talde bat ondo ibiltzeko ezinbestekoa da, besteak beste, golak sartzea. Golak sartzeko golegileak behar dira. Hortaz, Osasunak, futboleko taldea denez, golegileak behar zituen. Ekarri zituen udan. Ustez, onak. Pandiani, Portillo eta Dady. Hiru ezpatariak. Osasuna babesteko eta zaintzeko ezinbesteko soldaduak. Ematen zuen haiek hirurak moldatuko zirela zeregin horretan, eta, gainera, gazte ausart bat gehitu zitzaien. Sola. D’Artagnan. Osasuna, ipuinean Frantziako errege-erreginak bezala, ondo zainduta egongo zela ematen zuen. Beste taldeetako soldaduei aurre egiteko moduko laukotea zen. Denok batean, batean denok. Hasierako borroketan Dady nahikoa izan zen Osasuna babesteko. Baina hura nekatu zenean, beste bi ezpatariak ez ziren azaldu. Eskerrak Solari, hala ere. Baina hura ere kamustu zen, eta akabo. Ez D’Artagnanik, ez ezpataririk. Ipuinean, onik ateratzen ziren trantze guztietatik, eta jakina, errege-erreginak onik eta salbu beti. Ezin esan gauza bera Osasunaz. Golik sartu gabe ezin baitaiteke futboleko talde bat ondo ibili.
Marko
Amarik gabe gelditzen da mutil gaztea ipuinean. Bihotzean izaten du beti, baina ezin amarekin hitz egin. Joan egin zaio. Urrutira. Baina, azkenean, bidaia luzea egin ondoren, ama aurkituko du. Athleticen ere bada Markorik. Ipuinean ez bezala, baina, Marko bera urrundu zen amarengandik. Demagun ama Athletic bera dela. Eta Marko, Armando. Elkarrengandik urruti bizi arren, Armandok beti izan du Athletic bihotzean. Ipuinean ez bezala, ama bera abiatzen da Markoren bila. Ezustean. Inork espero ez zuenean. Markok ametsa dela uste du. Baina ez. Ama du aurrez aurre. Bere bila joana. Biak itzultzen dira etxera. Pozik. Ipuinean, urte luzez bizitzen dira elkarrekin ama eta semea. Elkar maitatuz, eta berriro banatuko ez direla hitza emanda. Armando eta Athletic ere ez omen daude banatzekotan. Armando seme eredugarritzat du amak, gainerako seme-alabek begiratu beharko lioketen ispilutzat. Merezi izan du hainbeste urtez zain egotea elkarrekin egoteko. Familia perfektua.
Oliver Twist
Ipuineko protagonista umezurtza da. Hamaika zoritxar eta kalapita bizi ondoren, azkenean bizimodu duina lortuko du. Besteak beste, Sowerberry jaunari esker. Fernando Llorenteren ibiliak badu ipuineko protagonistaren antza. Berezko dohainak zituen futbolari bikaina izateko. Berehala antzeman zizkion ezaugarri horiek Jose Mari Amorrortuk. Baina urte batzuk behar izan ditu dohainei probetxua ateratzeko. Berak nahi baino urte gehiago. Zaleek uste zuten baino denbora gehiago. Tarte horretan, Oliver Twistek bezala, hamaika zoritxar eta kalapita bizi izan ditu. Estutasunak. Konfiantzarik eza. Entrenatzaile dezente eduki ditu, baina inork ez du asmatu mutila bide onean sartzen. Ematen zuen ez zela Strowberry jaunik azalduko eta Llorente umezurtz geldituko zela futbolean. Twist gurasorik gabe bezala, Llorente arrakastarik gabe. Baina azaldu zaio Strowberry jauna. Caparros. Hark lortu du mutila bide onean sartzea, eta, azkenean, Llorente futbolari duina bilakatu da. Ipuineko Fagin gaiztoa eta zitala Clemente ote da?
Altxorraren uhartea
Hilak egun guztiak bete aurretik jakingo omen da Zubiaurre auziko epaia. Altxor preziatua. Kutxa ireki artean, behintzat, preziatua. Agian, altxorrak jokalaria behar luke izan, Realarena den edo Athleticena den finkatzeko. Baina dirua da altxorra. Zenbat gordeko ote du kutxak? Bost milioi euro? Hogeita hamar milioi euro? Edo hutsik egongo da? Auziak iraun duen hiru urteetan, hamaika saio egin dituzte guztiek altxorra bereganatzeko. Han ibili dira Jim Hawkins mutikoaren lagunak, batetik, eta John Silver pirata, bestetik. Altxorra nork bereganatuko. Ipuinean, altxorra denen artean eramaten dute Ingalaterrara. Azkenean, borrokak ezertarako ez. Kirolaren munduan murgilduta dabilen abokatu bati entzun diodanez, bost milioi euro ordaindu behar dizkio Athleticek Realari. Ez hogeita hamar, ez bat. Ipuinean bezala, altxorra denen artean eramango dute, azkenean. Denak pozik?