Xakea eta futbola
Itxura batean, xakeak eta futbolak ez dute batere zerikusirik. Baina ematen duen baino lotura estuagoa daukate. Batez ere, futbol txapelketak amaitzen ari diren garaietan. Erabaki guztiek xakekoak bezain zehatzak izan behar dute. Mugimenduek, oso neurtuak. Xakean bezala, ordularia oso gertu egoten da. Orduaren eta denboraren mugak itotzen ditu futbolaren munduko asko. Ezin da huts egin, ez baitago zuzentzeko denborarik. Buruaren eragina sekulakoa da xakean, eta futbolean ere, burua zenbat eta hotzago eduki, orduan eta emaitza hobeak ateratzen dira. Hasi da azken jardunaldietako xake-futbol partida. Nork irabaziko du? Karpovek edo Kasparovek?
Beti zuriak garaile
Aretoa leporaino beteta dago. Zarata handiegia. Piezen euskarri den taula, haren helduleku den mahaia, eta bi aulki. Jokalariak falta dira. Badatoz, baina. Krutxaga eta Raul. Zarata ozenagoa da orain. Eseri dira biak. Raulek jokatuko du pieza zuriekin. Krutxagak gorriekin jokatzeko eskatu du, beltzekin gaizki konpontzen delako. Onartu diote eskaera. Hasi da partida. Elkarri errespetu handia diote, eta ia ordu eta erdian, elkar zaintzen ibili dira. Baina, halako batean, gorriek zuri bat jatea lortu dute. Abantaila txiki horren laguntzaz, gorriek irabaziko dutela ematen du. Baina zuriak beti zuri. Bi mugimendu zoragarriri esker, partida irabazi dute. Txapeldun dira. Gorriak, aldiz, infernuan gori-gori. Krutxaga jokalariak esan zuen partidaren atarian zuriek eta beltzek ez zietela gorriei irabaziko. Baina xakearen legeak sendoak dira. Ia-ia, haitza bezain trinkoak. Zuriek jokatu eta zuriek irabazi.
Bukatzeko irrikan
Aurrenekoan baino zarata gutxiagoz, bigarren lehia dago hastear. Jokoan dutena ez da lehenengoan bezain garrantzitsua, eta nabari da jendearen aldartean. Baita bi jokalarien aurpegietan ere. Badatoz Caparros eta Manzano. Eseri dira aulkietan. Elkarri eskua eman diote. Betiko protokoloa. Baina bada aldaketa bat. Caparrosen piezetako bat berria da. Zaldia ez da betikoa, betiko zaldia baino. Bi urtez taulan azaldu gabe egon eta gero, itzuli da zaldia. Hasi da partida. Gogor ekin dio Manzanok. Erasora. Caparrosi hankaz gora bota dio estrategia guztia, berehala jan baitio pieza bat. Hamasei zuri, hamabost beltz. Orain, Caparros da erasoan, jo eta su. Berehala jan dio pieza zuri bat. Berdinketa. Lasaitu egin dira biak. Elkar zaintzen dabiltza. Mugimendu neurtuak eta zehatzak. Erregea zaindu behar da. Babestu. Horretan ari direla, kolpe zehatza eman du Manzanok. Beste pieza beltz bat gutxiago. Saiatu da Caparros partida iraultzen, baina ezin. Partida amaitu eta gero, argi hitz egin du Caparrosek. Porrota onartu du.
Anabasa
Hirugarren partidako jokalariak ez dira aurreneko bietan aritu direnen maila berekoak. Baina oso lehia garrantzitsua da. Berriro ere zaratak gora egin du aretoan. Asko dago jokoan. Badatoz bi jokalariak. Esteban Vigo eta Salmeron. Iragan loriatsua izandakoak biak. Estebanek Bartzelonan, Salmeronek Madrilen. Oso urduri daude biak. Salmeron urduriago. Izan ere, pieza garrantzitsuak falta zaizkio, eta lekuz aldatu behar izan ditu. Zaldia gaztelu. Gaztelua alfil. Peoia erregina. Komeriak izan ditzakeela badaki. Ekin diote partidari. Esteban erasora hasi da. Salmeronek nahikoa du eusten. Baina ikusleek badakite denbora kontua dela. Eroriko da halako batean. Bai erori ere. Di-da batean, eta oso erraz, hiru pieza jan dizkio Estebanek. Ederki baliatu du Salmeronen piezen anabasa. Zuloak nonahi. Gazteluko ateak irekita, zaldiarekin erregearen gelaraino sartu zaio aurkaria. Bukatu da lehia. Partidaren atarian, Salmeronek esan zuen denek defenditu beharko zutela. Baina pieza egokiak al zituen horretarako?
Erlojuari begira
Laugarren lehiak ere badu garrantzia. Baina batentzat bestearentzat baino handiagoa. Atera dira bi jokalariak. Mario Bermejo eta Jon Urzelai. Eseri dira aulkietan. Elkarri begirada zorrotza bota, eta ekin diote lehiari. Lehen mugimendua Bermejok egin du. Bigarrena Urtzelairi dagokio. Baina asko pentsatzen ari da. Piezei begiratu die. Erlojuari, gero. Denbora aurrera doa. Ematen du ez duela mugimendurik egin nahi. Berdinketa nahi ote du? Bermejo urduri jartzeko estrategia ote da? Berriro ere piezei begiratu die. Erlojuari, gero. Aurkariari, ondoren. Azkenean, mugitu du pieza bat. Peoi soila mugitzeko hainbeste denbora behar al da? Bermejoren txanda da orain. Urtzelai, bitartean, erlojuari begira eta begira. Mugitu du Bermejok. Mugitu du Urtzelaik handik hamar minutura. Horrela aritu dira denbora luzez. Halako batean, ezustean, Bermejok pieza bat jan dio Urtzelairi. Aurrera jo ordez, erlojuari begira gelditu da, baina. Horrela bukatu da lehia. Zertarako begiratu dio ote erlojuari hainbestetan Urtzelaik? Aurreko partidetan lortutako puntu pila nahikoa dela iritzita? Edo txapelketa oraintxe bertan bukatzeko gogoz dagoelako?
Mugimendu zehatzak
Azkeneko partidan ere, aurreko bietan bezala, ez dira maila goreneko jokalariak ariko. Baina batentzat, garrantzia handiko partida da, onenen mailan aritu nahi duelako datorren urtean. Badatoz Lillo eta Galeote. Hasi aurretik, gertaera bitxia izan da. Lillok hitzalditxoa bota nahi izan die ikusleei, mugimenduei buruzkoa. Baina ez diote utzi. Horrela ekin diote lehiari. Lillok bi koaderno txiki ditu taularen alboan. Bat ezkerrean, bestea eskuinean. Galeotek lehen lerroko piezaren bat mugitzen badu, ezkerreko koadernoan begiratzen du zer egin. Bigarren lerrokoa mugitzen badu, eskuinekoan. Dena ondo aztertuta dauka. Mugimendu zehatz horiei esker, bi pieza jan dizkio Galeoteri. Lehiaren erdialdera eta amaieran. Saiatu da Galeote mugimenduak egiten, baina gauza arraroak erakutsi ditu. Behin edo bitan, Lilloren erregea arriskua jartzeko aukera izan du, baina aurrera egin beharrean, atzeraka mugitu ditu piezak. Ulergaitza. Mingain zitalek diotenez, mugimendu zehatzak izan dira haiek ere. Aurrez prestatutakoak.